Moreno: «Onartu egin dute Nafarroa ezin dela utzi eztabaidatik at»

Parlamentuko mozioarekin UPNk, PPk eta PSNk «gatazka politikoaren dimentsioa» onartu dutela adierazi du ezker abertzaleakLehenbiziko urratsa «bazterkeriarik gabeko» elkarrizketa hastea dela iritzi dio

Txelui Moreno eta Juan Kruz Aldasoro, atzo, Iruñean egin zuten agerraldian. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2012ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Txelui Moreno eta Juan Kruz Aldasoro ezker abertzaleko ordezkarien irudiko, Nafarroan UPNk, PPk eta PSNk jada onartu dute gatazkak dimentsio politikoa duela eta Nafarroa ezin dela geratu eztabaida horretatik at. Horretatik abiatuta, beharrezkotzat jotzen du ezker abertzaleak elkarrizketa politikoari ekitea, eta horretarako «prestasun osoa» duela nabarmendu du. Lehenik eta behin, funtsezkotzat jotzen du Euskal Herri osoko indar politikoen artean komunikazio bideak ezartzea. «Bazterkeriarik gabeko elkarrizketa da egin beharreko lehenengo urrats demokratikoa».

Eledunen Batzordeak herenegun onartu egin zuen martxoaren 1ean UPNk, PSNk eta PPk parlamentuan elkarrekin aurkeztutako mozioa. Mozio hori hurrengo asteetan eztabaidatuko da osoko bilkuran, eta litekeena da oposizioko beste alderdiek zuzenketak jartzea. Mozio horrek eskatzen dio Espainiako Gobernuari ETAren amaiera ahalbidetzeko bideak ireki ditzala modu eraginkor eta irmo batean.

Mozio horren gaineko balorazioa egin dute Txelui Morenok eta Juan Kruz Aldasorok. Haien ikuspuntutik, «hitzez hitz esaten duenetik harago», mozio horretan aitortu egiten dute UPNk, PPk eta PSNk «gatazka politikoaren dimentsioa». Ezker abertzalearen ikuspuntutik, nazioarteko beste gatazka guztietan bezala, zergatietan eta ondorioetan oinarritua dago euskal gatazka, eta beharrezkoa da bi auzi horiei irtenbidea ematea.

Aldasoro zein Morenoren arabera, orain arte prozesuaren motorra ezker abertzaleak hartutako «aldebakarreko erabakiak» izan dira, baina, hemendik aurrera, beharrezkoa da elkarrizketa politikoari ekitea. «Guztion artean konpondu behar dugu. Zeintzuk dira guk jartzen ditugun gutxieneko baldintzak? Bakoitzak bere gutxienekoak mahai gainean jarri beharko ditu. Batzuek eta besteek zerbait utzi beharko dugu bidean, eta ekarpenak egin beharko ditugu konponbidera begira. Dena den, gutxien-gutxieneko baldintza da elkarrizketa bateratzaile bat izatea. Denok egon behar dugu gertu hitz egiteko. Hori da demokraziaren oinarria. Ez da eskatzen jokoz kanpo ateratzen den ezer», azaldu du Morenok.

Horregatik, dei berezi a egin die ezker abertzaleak Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariari eta haren alderdiari, PPri eta PSNri bazterkeriarik gabeko prozesu batean modu aktiboan parte har dezaten eta, batez ere, gatazkaren zergati politikoei helduko dien mahai baten inguruan eser daitezen. «Inoiz gehiago horrelako ezer gerta ez dadin».

Morenok adierazi du prozesuak «denbora» behar duela eta garrantzitsua litzatekeela, adibidez, Eusko Legebiltzarrean herrialdeko indar politiko guztiek ordezkaritza izatea. Hauteskundeak izan bitarte, Morenok proposatu du, besteak beste, Patxi Lopez EAEko lehendakariaren eta Yolanda Barcinaren artean konponbiderako bide orriaren eta egin beharreko urratsen inguruan hitz egitea.

Patxi Lopezi «ardura» eske

Bihar, Patxi Lopezek bakearen inguruko ekarpenak eta proposamenak aurkeztuko ditu Eusko Legebiltzarrean. Hori dela eta, Joseba Permach ezker abertzaleko ordezkariak «arduraz» jokatzeko eskatu dio Lopezi, eta Aieteko Adierazpeneko bide orria aintzat har dezala iradoki dio. Dena den, haren ustez, «ez du Euskal Herrian irekitako prozesua zuzentzen saiatzeko zilegitasunik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.