mundua

Moskuko metroko atentatuan ustez parte hartu zuten hiru kide hil dituzte

Joan den martxoaren 29an Moskuko metroan bi suizidak eragindako sarraskiaren ustezko gainerako parte-hartzaileak hil dituzte, Errusiako komunikabideen arabera, atxilotzerakoan erresistentzia jarri zutela eta.

2010eko maiatzaren 13a
15:42
Entzun
Joan den martxoaren 29an bi suizida Moskuko metroan sartu eta bi bonba zartarazi zituzten 40 hildako eraginez. Suiziden gorpuak erakutsi zituzten berehala Errusiako agintariek, baina atentatuan zerikusia izan zuten gainerakoak hil dituztela kaleratu dute orain. IRIA Novosti komunikabidearen arabera, ez dago argi noiz hil dituzten, baina Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak azaldu duenez, "atxilotzerakoan erresistentzia gogorra jarri zutenean hil zituzten poliziek. Erresistentzia jartzen duten terroristekin ezin da arin jokatu".

Hiru dira Errusiako Poliziaren arabera hildakoak. Suizidak ustez Moskura eraman zituena da bat, eta bestea metrora lagundu zituena. Hirugarrena operazio osoaren gainean egon zela esan du Alexander Bortnikovek, Segurtasun Zerbitzu Federaleko buruak. "Zoritxarrez, ezin izan ditugu bizirik atxilotu, armez erantzun baitzuten, eta horregatik hil zituzten poliziek".

Era horretara, "atentatuan parte hartu eta antolatu zuten guztiak identifikatu" dituztela azaldu du Bortnikovek. Atentatuko kideak parte diren taldearen atzetik dabiltza orain. "Oso ongi ezagutzen ditugu dagoeneko, nola lan egiten duten eta zein diren".

Dagestango Mariam Xaripovak eta Dzhanet Abdurajmanovak eztandarazi zituzten soinean itsatsirik zeramatzaren bonbak Moskuko zentroko bi metro geltokitan, martxoan. Doku Umarov txetxeniarraren aginduak jarraituz. Hain zuzen, bi egunera bere gain hartu zuen atentatua, eta gerra Errusiako herrialde osora zabalduko zuela mehatxu egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.