Mugikortasuna

Motel doa abiadura jaitsiera

Orduko 30 kilometroko mugaren balantze ona egin arren, Bilboko Udalak dio azkenaldian gutxiago betetzen dela. Taxilariek kendu egin nahi dute.

Ibai Maruri Bilbao.
2021eko irailaren 24a
14:31
Entzun

Europako Autorik Bako Eguna izan da irailaren 22a. Egitasmo horren helburua da kontzientzia sortzea ibilgailu pribatuaren erabilera gutxitu beharraz. Asmo horrekin, duela justu urtebete, Bilboko Udalak orduko 30 kilometroko abiadura muga ezarri zuen hiri osoan —aurretik kale gehienetan zegoen, baina ez bide nagusietan—. “Urtebete igarotakoan ikusten duguna da batez besteko abiadura hobea dugula”, esan du Alfonso Gil Bilboko bigarren alkateorde eta Mugikortasun zinegotziak. Bilbo 30 izeneko ekinbidea “hiri osoaren apustua” dela azpimarratu du. Gilen proiektu nagusia da, eta Europa mailako mugikortasun saria jaso du horregatik. Hala ere, egin duen balantzea gazi-gozoa izan da: alkateordeak berak aitortu du azkenaldian igo egin dela muga errespetatzen ez duen gidarien kopurua. Gero eta gehiago dira lehengo mugaren arabera gidatzen dutenak. Oharra egin die: “Araua bete behar da. Baimendutako abiadura bikoizten dutenek oso isun handia jaso dezake”.

Gilek onurak baino ez dizkio ikusi neurriari. Hiru nabarmendu ditu bereziki. Batetik, esan du istripuak urritu direla. “Zaurituak eragin dituzten istripuak %20 eta %30 artean apaldu dira. Igo direnak txapa istripuak dira, baina zaurituak gutxitu direlako da, orain gehienak txapa istripuak direlako”. Bigarrenik, isurketek ere behera egin dute; bereziki, nitrogeno oxido partikulenak. Partikulak ere %20 eta %30 artean jaitsi direla esan du. Hirugarrenik, zaratari dagokionez, batez bestekoa hiru dezibel txikitu da.

Bizkaiko hiriburua mantsoago dabil azken urtebete honetan. Baina, RAC Real Automovil Club Vasco Navarro gidari elkarteko Mario Garciaren esanetan, mugikortasuna ere “izugarri” apaldu da COVID-19aren pandemia dela eta. “Aurtengo udako oporrak bukatu direnean hasi da telelanean ibili den jende asko lantokira itzultzen. Mugikortasuna berreskuratzen hasi gara, oraindik normaltasunera itzuli ez den arren”. Udalak eman du datua: iraileko lehen hamabostaldian pandemia aurreko sasoi bereko trafikoaren %94 izan du Bilbok. “Hain justu, orain hasi da Udaltzaingoa igartzen jendeak ez duela muga errespetatzen. Zergatik? Ezinezkoa delako; ez delako modu naturalean gidatu ahal izateko abiadura”.

Orduko 30 kilometroko muga lehen kaleetara iritsi zenetik, kexu agertu ziren elkarteko kideak. Kritika horiek leundu dituzte, neurri batean: orain onargarri ikusten dute erdiguneko kaleetan muga horri eustea. “Hainbeste semaforo, zebra bide eta norabide bakarreko kalerekin ezinezkoa da hori baino azkarrago gidatzea”. Beraz, auzo arteko bide nagusiak eta hirirako sarrera-irteerak dira orain kritikaren jomuga.

Garciak ohartarazi du ibilgailu pribatua hartzen dutenek beste aukerarik ez dutelako hartzen dutela. Horrelako neurriek auto gidariei “bizitza zailagoa” egiteko helburua dutela salatu du. Abiadura mugaz gain, aparkalekuak gutxitu izana eta TAO zerbitzuaren iraupena luzatu izana aipatu ditu. “Autoa gidatzea zigortzen dute, baina, aldi berean, autoa haientzat diru iturri nagusia da isun eta tasei esker”. Uste du udalak ipiniko dituen “ustezko radar pedagogikoak laster zigortzaile” bihurtuko direla: “Neurria non ez den betetzen aztertuko da, gero radarra jartzeko”.

Abiadura muga berriaren ondorioak aztertu gabe hartutako neurria dela iruditzen zaio. “Ez da kontuan hartu hain martxa laburretan gidatzeak ibilgailua gehiago kaltetzen dutela. Gainera, airera egiten diren isuriak handiagoak dira; zenbat eta martxa luzeagoan gidatu, gutxiago isurtzen da”. Horrez gainera, salatu du semaforoak ez direla egokitu muga berrira.

Egokitzapenak falta

Ez semaforoak, ez autobus zerbitzua. Hala salatu du Juan Franciscok. Bilbobuseko gidaria da. Aiala kantzilerraren kaletik irteten den lineetako batean ibiltzen da, Plaza Biribiletik gertu. Erdigunetik dabiltzan lineetan ez dela nabaritzen esan du: “Beti ibili dira mantsoago” Gehiago igartzen da, beraz, kanpora irteten direnetan: “Ibilbide bera egiteko denbora gehiago behar da, astiroago goazelako, eta, horren ondorioz, semaforo gehiago harrapatzen ditugulako. Horrek gure lan baldintzetan eragin zuzena du: lehen bidaia bat bukatu eta hurrengoa hasi aurretik 10-15 minutu izaten bagenituen, orain ailegatzearekin batera irten behar gara berriro”. Besteak beste, atseden hartzeko, zerbait jan edo edateko, eta komunera joateko asti barik geratu direla salatu du. “Urtebete igaro da, eta oraindik ez dituzte egoera hori konpontzeko behar diren egokitzapenak egin”, kexatu da.

Esan du bidaiariek ez dutela protestarik egiten, baina igartzen dietela noiz iritsiko urduritzen direla sarritan. Gauza bera gertatzen zaie taxi gidariei ere: “Guri ez digute esaten azkarrago joateko, jakin badakitelako ezin dugula halakorik egin. Baina asko nabaritzen zaie berandu iritsiko direla iruditzen zaiela”, esan du Javier Delgadok. Plaza Biribileko taxi geltokian egoten da bezeroen zain. Aitortu du bera ez dela inoiz orduko 30eko abiaduran joaten, 40ra baizik. “Ezinezkoa da 30era joatea; autoak ezin du. Gainera, hain mantso gabiltzanez, denbora gehiago behar dugu bezeroak nahi duten lekura eroateko. Azkenean eguneko bidaia gutxiago egiten ditugu, dirua galduz”. Sinetsita dago azkenean udalak atzera egin beharko duela, eta abiadura muga lehengoratu Bilboko kale nagusienetan bada ere.

Uste bera du RACeko Garciak. “DGTk [Espainiako Trafiko Zuzendaritza] Bilbon indarrean sartu eta gutxira erabaki zuen Espainiako [Estatuko] hiri guztietan kale gehienetan muga hori jartzea. Donostiak ere bolo-bolo zabaldu zuen neurri berria, baina kale batzuetan 50eko muga jarri dute berriro, ikusi dutelako 30ekoak arazoak baino ez dituela sortzen. Donostiak seinaleak aldatu ditu, iragarri ere egin gabe. Bilbok beste horrenbeste egingo du, politikarientzat hanka sartu dutela onartzea zaila da eta”.

Gidarien elkarteak atzera egin duen hiri bat aipatu duen bitartean, Bilboren ereduari heldu dion beste bat aipatu du Gilek: Frantziako hiriburua. “Bilboren atzetik ipini dute 30eko muga Parisen eta oso balorazio ona egin dute. Geratzeko etorri den neurria da, eta apurka-apurka mundu osora hedatuko da”, esan du Bilboko alkateordeak. Klima larrialdiari aurre egiteko mugikortasun eredua aldatzea ezinbestekoa iruditzen zaio, eta bide horretan oinezko eta txirrindulariek lehentasuna izan beharko dutela esan du, autoari “orain arte izan duen erabateko nagusitasuna kenduta”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.