Patxi Lopezen agintaldiaren balantzea (VI). Berdintasun politikak eta osasungintza

Mozketetatik intsumisiora

Asteburuetan 48 osasun etxe ixtea eta oposizioetan euskararen garrantzia gutxitzea erabaki zuen Osasun Sailak legealdiaren lehen erdian, eta Madrili aurre egiten bukatu du bere jarduna.

jon olano
2012ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Liskarrak izan dira Rafael Bengoak zuzendutako sailaren ezaugarri nagusietako bat. 40 hilabete daramatza Bengoak sailburu lanetan, eta horien erdiak eztabaidan igaro ditu Osasun Sailak: urte eta bi hilabetez, Osakidetzako langileekin; hiru hilabetez, Errioxako Gobernuarekin; eta maiatzaz geroztik, Espainiako Gobernuarekin. Euskararekiko jarrerak ere kritikak eragin ditu.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman du zeresana agintaldiak iraun duen denboran. Murrizketak egitea izan zen hartutako lehen erabaki garrantzitsuenetariko bat, eta Espainiako Gobernuaren murrizketa asmoak saihesteko ahaleginetan amaitu du bere lana.

GAIXO KRONIKOEN ARRETA

Apustu nagusia

Bengoak zuzendutako sailaren lan jardunaren ardatzetako bat izan da gaixo kronikoen arreta. Haien autonomia garatu eta ematen zaien zerbitzua hobetzeko asmoz, hamalau proiektu abiatu zituen Eusko Jaurlaritzak 2010eko ekainean. Esaterako, erien estratifikazioan aritu dira lanean, osasun sistemak «kontuan izan dezan gehien behar duena», Bengoaren esanetan. Gainera, sistema berrian telefono edo posta elektronikoaren bidez artatzen dituzte gaixo kronikoak. Horretarako, 300 langile trebatu dituzte.

Zenbait datu ezagutarazi zituen Bengoak gaixo kronikoen egoerari heltzeko: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan egiten diren bost ebakuntzatik lau zuzenean loturik daude gaitz kronikoekin, eta osasun gastuaren %77 sortzen dute. «Kalkuluek diote hamar urte barru hiru heriotzatik bi eritasun mota horiekin loturik egongo direla», erantsi zuen. Horri aurre egiteko osatu zuen plana, eta agintaldiko apustu nagusietako bat izan da.

ETENGABEKO ARRETA GUNEAK

Baliabide murrizketa

Urtebete pasatxo iraun zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta etengabeko arreta guneetako (EAG) langileen arteko gatazkak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 48 osasun etxe ixteko neurriaren harira. Horiek —guztien %40— asteburu eta jaiegunetan ixtea ebatzi zuen Osakidetzak 2010eko ekainean; ondorioz, osasun etxeetako lan eskerga etengabeko arreta guneetara igaro zen. Trukean, bederatzi EAG ireki zituen Osakidetzak, eta 74 pertsona gehiagorekin indartu zuen gune horietako lantaldea.

Sindikatuek ohartarazi zuten EAGko behargin kopurua handitu bai baina ez zituztela nahikoa langile osasun etxeetako lan eskergari erantzuteko. «Lehen, 4.700 pertsonak egiten zuten lana; orain, 450 inguruk egiten dute», adierazi zuen 2010eko urriaren 26an Patxi Mujikak, Bizkaiko etengabeko arreta guneetako langileen batzarreko bozeramaileak. Greba ugari egin zituzten langileek tarte horretan.

EAGena ez zen izan Jaurlaritzak osasun zerbitzu publikoaren egoera ekonomikoa hobetze aldera proposatutako neurri bakarra. Erregai litroko osasunerako zentimo bat kobratzeko nahia azaldu zuen aurtengo otsailean gobernuak, baina eztabaida plazaratu besterik ez zuen egin; bi aste geroago argitu zuen ez zuela neurri hori ezartzeko asmorik.

LISKARRA ERRIOXAREKIN

Arreta, etxetik urrun

Iazko irailetik abendura, osasun arreta Gasteizen jaso zuten Arabako Errioxako 12.000 herritar inguruk Logroñora (Errioxa, Espainia) joan ordez, ordura arte egiten zuten legez. Arabako biztanleak artatzeari utzi zion Errioxako Gobernuak, zerbitzu hori ematearen truke Jaurlaritzari kobratu egin behar ziolakoan. Oion, Lantziego, Bilar, Lapuebla de Labarca, Moreda, Ekora, Guardia, Leza, Navaridas, Villabuena, Eltziego eta Bastidako biztanleak izan ziren kaltetuak.

Abenduaren 7an izenpetu zuten behin-behineko akordio bat Bengoak eta Errioxako Osasun kontseilari Jose Ignacio Nietok, eta martxoaren 31n, behin betikoa. Artatu ohi zituen baino Errioxako gaixo gehiago artatzen ditu orain Osakidetzak. Gainera, Errioxan egiten ez dituzten hainbat espezialitate eta proba Osakidetzan egiteko aukera dute erkidego horretako biztanleek. Arretaren truke dirua ordaintzeari buruzkoa zen bi gobernuen arteko gatazka nagusia, eta Espainiako Gobernuaren bidez konpondu zuten auzia: erkidegoek eta Espainiako Osasun Ministerioak elikatutako diru funts bat osatzea agindu zuen Madrilek, euren lurraldean erroldatuta ez daudenak artatzen dituzten erkidegoek dirua jaso dezaten.

MADRILEN MOZKETAK

Estrategia: «Desobeditzea»

Espainiako Gobernuaren mozketei kontra egin die Eusko Jaurlaritzak. Etorkin papergabeei osasun arreta publikoa eskaintzeko asmoa berretsi du, eta 417 botikaren prezio osoa ordaintzeko agindua ez betetzearen alde egin du. Jaurlaritzak dekretu bat prestatu zuen botikak ez berrordaintzeko, baina Madrilek jarritako helegitea onartu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak uztail amaieran. Bengoak aitortu zuen ebazpena onartu beste aukerarik ez zutela, baina, neurria indarrean sartzeko eguna pasatuta —irailaren 1a—, agindua bete gabe segitzen du Jaurlaritzak.

Beste dekretu bat egiten ari da, «botiken berrordainketak baliabide gutxien duten herritarrengan izan dezakeen eragina eragozteko». Etorkin papergabeei osasun zerbitzuengatik kobratzeko erabakiari ere entzungor egin dio oraingoz; Madrili «desobeditu» egingo diola ziurtatu zuen Bengoak abuztuaren 31n.

LAN ESKAINTZA PUBLIKOA

Osakidetza, erdaldunago

Osasun Sailak lan eskaintza publiko bat egin zuen iragan ekainean, Osakidetzan 2.600 lanpostu betetzeko. Azterketa eredua aldatu zuen, euskarari ordura artekoa baino garrantzi gutxiago ematen zion azterketa eredu bat prestatuta. Euskara «erabakigarria» izan ez zedin moldatu zuen, Bengoak berak aitortu zuenez. Gaineratu zuen Osakidetza «azkarregi» ari zela euskalduntzen.

Galdetegi itxi batean oinarritutako etsamina egiten zuten lehen, eta tarte txikia sortzen zen hautagaien artean. Nabarmendu zuen euskaraz jakitea erabakigarria zela lanpostu bat eskuratzeko. Ekainekoan, ordea, gai zerrenda baten gaineko galdetegi bat egin zuten, test moduko galderekin. Ondorioz, hautagaien emaitzen arteko aldeak nabariagoak ziren, eta euskarak pisua galdu du —puntu guztien %9,1 balio du orain, aurrekoetan bezainbeste—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.