Euskalgintza. Xabier Erize. Soziolinguista

«Muga bat da euskara politika jakin batekin estuki lotzea»

Euskarari buruzko diskurtsoak aldarri politiko batzuekin lotzea ez da egokia, Erizeren iritzian. «Diskurtso demokratiko-pluralistaren» alde agertu da, aniztasuna kontuan hartzearen alde.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Diskurtsoak ditu aztergai Xabier Erize soziolinguistak (Lleida, Herrialde Katalanak, 1955), euskarari buruzko diskurtsoak. Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoen Lanketa proiektuan aritu da Iñaki Martinez de Luna soziolinguistarekin batera —oraindik ez dute kaleratu—. Herritarren nahia aintzat hartu behar dela dio.

Diskurtsoekin gero eta kezka handiagoa dago. Orain arteko diskurtsoek mugak dauzkate?

Inkesta soziolinguistikoak aztertuta, ikusten da bilakaera nahiko egonkorra dutela ezagutzak, erabilerak eta jarrerak: hamar puntu igo da, ez gehiago. %55 daude euskararen alde —hasieran, %45—. Erdiak euskararen alde daude, eta beste erdiak, ez. Oso lotua dago kontu subjektiboekin. Herritar bakoitzak bere motiboak ditu egiten duena edo ez duena egiteko. Oso lotua dago diskurtsoekin. Gustura sentitzen banaiz aditzen ditudan diskurtsoekin, euskararen aldeko jarrera handituko zait; aditzen dudana ez bazait gustatzen, jaitsi. Euskararen marra nahiko egonkorra izan da, eta diskurtsoak ez dira gauza izan kurba askoz gorago eramateko. Hala ere, euskararen mundutik lan izugarria egin da, eta milaka lagun ari dira lanean. Euskararen bilakaera eredugarria da munduan.

Mugak non ikusten dituzu?

Ez dakit diskurtsoak dituen mugak, edo errealitateak. Diskurtsoak nahastu egiten dira, gainera. Nik batean esan dezaket: «Euskal Herri euskalduna nahi dut». Eta hurrengoan: «Gure auzoan euskaldunak daude, eta tokia behar dugu, eta erdaldunak ere badaude». Historikoki, Nafarroan argi eta garbi, Arturo Campionen diskurtsoa egon da, aniztasunaren eta euskararen babesaren diskurtsoa. Euskara babestu, zaindu eta zabaldu behar zela esaten zuen, ez Euskal Herri osoa euskaldundu behar zenik. Zergatik? Aniztasuna balio positiboa delako. Azken hamarkadetan, diskurtsoen bi erretratu robot egon dira. Batetik, Euskal Herri euskaldunaren helburu maximoa, trantsizioan nagusitu zena; horren beste adierazpen bat zen hizkuntza propio bakarra euskara dela. Elebakartasunaren ametsa zen, eta oihartzunak aditzen dira: «elebitasunaren tranpa» eta halakoak. Frantziako Iraultzaren eredua zen: «Herri bat, nazio bat, hizkuntza bat». Bestetik, euskara sustatzea, biziberritzea eta indartzea aniztasunaren diskurtsotik argudiatuta, elebakartasunaren ametsa alde batera utzita, hizkuntza propio bakarraren ideia alde batera utzita.

Egokiagoa zein den ez dakit. Errealitatearekin topo egin dute. Ematen du denborarekin diskurtsoak egokitu egin behar direla. Euskaldunak asko aktibatu dira, eta erdaldunak, ez hainbeste. Ematen du euskararen mundutik egiten diren diskurtsoekin euskaldunak asko aktibatzen direla, baina erdaldunak, ez hainbeste.

Euskara abertzaletasunarekin lotzeak muga dakar?

Nire ustez, bai. Euskara politika jakin batekin estuki lotzea muga bat da, dudarik gabe. Pertsona bakoitzak bere balioak ditu. Euskararen munduak esaten badit euskararen alde egoteko nazionalista izan behar dudala edo nazionalistekin bat etorri behar dudala, batek esango du agian baietz edo agian ezetz. Estuki lotzeak ez du laguntzen. Baina horrek badu beste alde bat ere: aktibismoa behar da beti, lana eta dinamizazioa. Eta konbentzituen daudenek egiten dute aktibismo hori. Praktikan, argudiatuta edo argudiatu gabe, Euskal Herriaren kezka dutenak daude konbentzituago. Hori ukaezina da. Baina ez da mesedegarria estuki lotuta agertzea eta jendeari hori esatea.

Abertzaletasunarekin lotutako argudioak badira diskurtsoan. Euskal Herriaren arima euskara dela, adibidez. Era horretako argudioak okerrak dira zuretzat?

Nik ez diot inori esango zer esan behar duen. Norberak jakingo du. Niri hobekien funtzionatu didana da argudio demokratiko-pluralista. Hau da: «Euskara zergatik? Herritar askoren hizkuntza eta borondatea delako, eta gizarte demokratiko batean denak kabitu behar direlako». Hori oso erraza da, eta oso onargarria. Askoz gehiago argudiatu gabe.

Eta argudio horrek balio du aurkako diskurtsoak ahultzeko? Nafarroan, adibidez, euskararen aurkako diskurtsoa badago...

Aztertu nuen aurkako diskurtso hori. Haiek kokatzen ziren euskalgintzatik jasotzen edo ulertzen zituzten argudioen aurrean. Haiekiko eztabaidan, ni eroso sentituko nintzateke ikuspegi demokratiko-pluralistatik. Nafarroan batzuk euskaldunak dira, eta besteak, erdaldunak. Hori historikoa da. Euskararen bilakaera soziolinguistikoa aztertu nuenean, Julio Caro Barojaren esaldi batekin topo egin nuen: «Nafarroan, gustatu edo ez, bi kultura daude: euskal kultura eta euskal kultura ez dena. Dena Nafarroa batean bildua». Edo Mitxelenak esaten zuenez, gauza bat da Cascante, eta beste bat Leitza. Bi multzo horiek daude, eta egongo dira. Izaera hori egonkorra da. Gehien funtzionatzen duena da argudio demokratiko-pluralista: bertakoen hizkuntzak eta borondateak kontuan hartu behar dira, eta modu osoan kabitu behar dira.

Herritarren nahia eta borondatea aipatu duzu maiz. Baina badakigu zein den nahi hori? Kontuan hartu da nahia orain arte?

Gehienbat intuizioz edo bultzatzaileen nahiek bultzatuta funtzionatu da euskalgintza orokorrean, ez jendeari galdetuta —jendearekin zuzenean aritzen diren alorretan izan ezik: hezkuntzan, euskaltegietan...—. Ikerketak eta galderak egin behar dira. Gai sozialetan, adituek esaten dute oinarrizkoa dela herritarrei galdetzea, zer nahi duten jakitea. Erakunde sustatzaileek funtzionatu behar dute herritarrekin batera, haien nahiak ezagututa. Hori, agian, beste alor batzuetan egiten da; enpresaren munduan, adibidez. Aztertzaile horiek diote enpresa edo erakunde batek ezin duela horrela funtzionatu, pentsatuz badakiela jendeari zer komeni zaion jendeari galdetu gabe. Okerra da, eta oker askoren iturri.

Gobernu berria izango duzue Nafarroan. Euskarari dagokionez, zein ildo hartu behar luke?

Oso inportantea da diskurtso demokratiko-pluralista. Nafarra naiz, Nafarroan egiten dut egunerokoa, eta diskurtso horrekin eroso funtzionatzen dut. Esperientzia profesionalean ere bai. Posible da orokortzea eta gobernura pasatzea. Esatea bertako bi hizkuntza daudela, biei egingo zaiela tokia, biak zainduko direla. Orain arte, toki mugatua euskarak izan du, eta, beraz, praktikan, euskarari toki gehiago egitea da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.