Eutanasia. Michel Glanes. Baionako erietxe publikoko zuzendaria

«Muga hertsia da, baina zuzendari gisa ezin dut nik marra marraztu»

'Leonetti legeak' gisa batez eutanasia onartzen duela dio Michel Glanesek, eta ezohiko gertakariak seinalatzea, beharrez prokuradoreari, hobetzeko bide baten gisa ikusten du.

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2011ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Astea iragan da Baionako medikuaren geroa Justiziaren esku dagoenetik. Memento «zailak» iragan dituztela aitortu du Michel Glanesek, Baionako ospitale publikoko zuzendariak. Orain, erietxeko komunitatearen «batasunaren zaintzea» du ardura nagusia, baita Gai Sozialen Inspekzio Nagusiaren inkesta laguntzea ere, heldu den astean etorriko baita.

Erietxeak aukeratu prozedura kritikatu du Dupin Bonnemaison medikuaren abokatuak. Erran du prokuradorea abisatu aitzin ez dela izan barne kontsultarik. Egia da? Zergatik?

Zenbait osagile eta erizainek azken hilabeteetako gertakari batzuk seinalatu dituzte beren koadroei. Lekukotasunak baieztatu dituzte horiek, eta, hortik, zerbitzuko arduraduna abisatu. Koadroek eta arduradunak erabaki dute zuzendaria informatzea.

Zerk bultzatu zaitu prokuradorea deitzera?

Gertakariak seriosak, sinesgarriak eta errepikatuak dira. 30 urte hauetan lehen aldia da gertakari bat seinalatzen diodana prokuradoreari. Arazoak konpontzeko ez dira tirantean giltzapetu behar. Ospitalean zailtasunak badaude. Badira prozedura batzuk errespetatzen zailak direnak, denbora edo lan karga arazoengatik. Bi soluzio daude. Bata, dena garaiko ospitale anitzetan gertatzen zen bezala, egoera geldo batean sartzea. Ospitale barnean gertatzen den guztia gordetzea. Nire ustez, garai horietatik atera behar dugu. Gardenak izateko gai izan behar dugu. Errateko: «Bai, badira gauza batzuk ez dutenak ongi funtzionatzen». Konfiantza osoz erran, ez salatzeko, ez errudun egiteko, baizik eta hobetzeko. Arazo bat daukagu; seinalatzen dugu; soluzio bat aurkitzen dugu; arazo bat gutxiago daukagu. Bestela, arazoa beti hor da. Gardentasun horri esker gara hobetzen. Bakoitzak bere hutsekin ikasten du. Ospitaleko medikuen komunitateak izenpetu berri duen agiri batek hori dio: gertakari arbuiagarriak seinalatu behar direla.

Ez dago familiarik Bonnemaisonen aurka salaketarik jarri duenik. Zer diozu horretaz?

Nehork ez du nehoren aurka salaketarik jarri. Nik ere ez dut salaketarik jarri.

Dupinek dio Leonetti legearen koadroaren muga hertsia dela. Zuk zer diozu?

Horretaz ezin dut ezer adierazi. Dosierrak ezagutu behar dira... Muga hertsia da segur aski, baina zuzendari gisa ezin dut nik marra marraztu. Inkestak erranen du muga gainditu den. Ditudan informazioen arabera, nire sentimendua da aplikatu beharreko protokolotik kanpo gaudela.

Dupinek dio legea ez dela egokia; familiekin-eta ez dagoela beti hitzik, batzuetan begirada bat izan daitekeela; taldean gogoetatzeko beharraz, berriz, batzuetan denborarik ez dela dio. Zuk zer diozu horretaz?

Galdera horiek guztiak oraindik erantzun gabe daude. Inkestaren barnean ikusi beharra da argumentu horiek beren balioa ba ote duten. Lana ez da erraza... Baina, halere, ez da behin ere gertatu, edo zinez biziki arraroa da, medikua hain bakarrik gertatzea larrialdi absolutu baten aitzinean, non ez baitu batere denborarik ere gaia partekatzeko. Ezin da hori norberaren baitan atxiki.

Eutanasia legez kanpokoa denez, menturaz horrek tabuak sortzen ditu, eta erabakia ez partekatzera bultzatzen...

Baliteke. Inkestak erranen du zergatik gertatu den horrela.

Prokuradoreari seinalatzean gertakaria, pentsa zenezakeen eztabaida zabalduko zela. Gaiak eztabaida zabal bat merezi duela deritzozu?

Beharbada. Ez dakit beharrezkoa den, ez dakit zerbait ekarriko duen. Baina, nire kasuan, zuzendari gisa, nire rola da ulertzea zer gertatu den, hortik irakaspenak ateratzea, gure komunitatea ez dadin buruz buruka ari. Zergatik zabaldu den hainbeste gaia? Lehenik, gizon bat delako, gu artekoa, ezaguna eta preziatua. Familiak ere badaude nahasiak direnak. Eta, gainera, ez da edozein eztabaida. Gure gizartean biziki sentikorra da. Nola antolatu biziaren azken uneak?

Argumentu berak erabiltzen dituzte eutanasiaren aldekoek eta aurkakoek: duintasuna entzuten da usu.

Leonetti legea argi da. Gisa batez, eutanasia baimentzen du. Heriotza laguntzea baimentzen du, sufrimendurik gabe. Heriotza goxoa, ez dena probokatzen. Osagileak laguntzen du eria, ez dezan gehiago sufri, errabia terapeutikoa saihestuz, emeki, heriotza azeleratuko duen ekintzarik gabe. Laguntzen du droga batzuekin, eta manera batez edo bestez heriotza ekarriz.

Kanpotik ez da biziki erraza ulertzea. Kurarea produktua erabili du Bonnemaisonek erien bizia laburtzeko; batzuek diote morfinarekin aski dela...

Ezin dut eztabaida horretan sartu; lehenik, ez naizelako medikua. Nik esplika dezakedana da dosier horretan aski elementu larri badaudela dosierra transmititzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.