Mugak Zabalduz karabanak aldarri argia eginda hasi du bidea: «Migrazio politikek hiltzen dute»

Mugak Zabalduz karabana Irundik abiatu da gaur eguerdian, Calaisera iristeko helburuz. Lehen geldialdia baliatu dute Europako migrazio politikak salatu eta Bidasoko errealitatearen berri emateko.

Mugetan hildako migratzaileen oroimenez egindako ekitaldia, gaur eguerdian. JON URBE / FOKU
Mugetan hildako migratzaileen oroimenez egindako ekitaldia, gaur eguerdian. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
Irun
2025eko uztailaren 12a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) bereizten dituen Santiago zubitik metro gutxi batzuetara dagoen monolitoak hala dio: Hemen azken arnasa eman zuten migranteen oroimenez. Etaoroitarriaren inguruan bildu diren dozenaka lagunek haiei eskaini dizkiete Bidasoa ibaira bota dituzten arrosa gorriak. Haiei eta Europako beste hainbat mugatan bizia galdu dutenei. Mugetan hilak, baina ez mugek. «Mugek ez dute hiltzen, migrazio politikek hiltzen dute», salatu dute, eta orain aldarri hori bera Calaisera (Frantzia) bidean da, Mugak Zabalduz karabanaren eskutik.

Bilbotik abiatu da karabanaren hamargarren edizioa, eta Dunkerque eta Calais ingurua du helmuga, Europa eta Erresuma Batua banatzen dituen Mantxako kanala estutzen den eremua. Hain zuzen, han nabarmen egin du okerrera Frantziatik Ingalaterrarako bidea hartu nahi duten migratzaileen egoerak. «Pertsona horiei igarobidea oztopatzen zaie, eta ondorioz, ontzi txiki eta prekarioetan, kamioietan edo tunelaren bitartez pasatzen saiatzen dira migranteak», salatu du Asier Amezaga karabanako kideak. Horren ondorioak latzak dira. Azken hilabeteetan ehunka lagun erreskatatu behar izan dituzte itsasoan, eta 2000. urtetik 400 pertsona hil dira bide hori egin nahian.

Amezagak salatu duenez, gainera, autoritateen erantzuna konponbide bat topatzetik urrun dago. Esaterako, hilabete hasieran bideo bat zabaldu zen, eta bertan jendarme batzuk ikus zitezkeen, ontzi horietako bat zulatzen. Gainera, sarri husten dituzte migratzaileak elkartzen diren kanpalekuak ere. Egoerak okerrera egin dezakeela uste du karabanako kideak, aste honetan bertan Frantziako presidente Emmanuel Macronek eta Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmerrek sinatutako migrazio akordioa dela medio. Haren ondorioz, Londresek Parisi «luze gabe» bidaliko dizkio uhartera ontzi horietan iristen diren migratzaileak.

(ID_15139381) (Jon Urbe/@FOKU) 2025-05-12, Irun. Mugak Zabalduz karabana, mugetan hil direnei omenaldia
Mugetan hil diren migratzaileei egindako omenaldia. JON URBE / FOKU

Migrazio politika horiek eta oro har Europan gailentzen ari direnak salatuko ditu karabanak, eta Calais ingurura iritsi aurretik ere zenbait geldialdi egingo dituzte. Tolosan (Okzitania) eta Parisen izango dira; han elkartuko dira Portboutik (Herrialde Katalanak) abiatu den beste adarrarekin. Leku horiek «gune kritikoak» direla azaldu du Amezagak, eta gehitu bertako errealitateen berri izatera eta lanean ari diren elkarteei «sostengua eta elkartasuna» adieraztera doazela hara.

«Baliabideak badaude»

Helburu hori betetzeko asmoz egin dute Irungo geldialdia ere, eta hitza hartu dute Irungo Harrera Sareko, J’accuse (salatzen dut) kolektiboko eta Bidasoa Etorkinekin taldeko ordezkariek ere, Bidasoaren bi aldeetako errealitatearen berri emateko. Harrera Sareko Oihana Galardik bi auzi jarri ditu mahai gainean. Batetik, Afrikatik iristen direnen arta. «Asiloa eskatu nahi duten pertsonek ez dute behar bezalako arta jasotzen, eta kalean bizi behar dute», salatu du, eta gehitu Irungo eta Donostiako herritarrek ematen dietela laguntza hori. Hala, erakunde publikoei exijitu die erantzun egoki bat emateko: «Baliabideak badaude pertsona hauek artatzeko, baina ez dira erabiltzen. Bitartean, erakundeek harrera egiten duen lurraldeaz hitz egiten dute. Zerbait ez dator bat».

Bestetik, Galardik salatu du eskuin muturraren gorakadaren ondorioak nabaritzen ari direla Irunen, eta herritar patruilak aipatu ditu horren adibide gisa. Salatu dute migratzaileak eta batez ere arabiar jatorriko pertsonak jomugan jarri dituztela segurtasunaren izenean, eta udalari eskatu diote neurriak har ditzala egoerari aurre egiteko.

Mugaren beste aldean egiten dute lan Bidasoa Etorkinekin eta J’accuse mugimenduek. Lehena Hendaian, Urruñan eta Biriatun (Lapurdi) aritzen da batez ere, eta hartako kide Aintzane Lasartek salatu du urtea hasi zenetik ohikoak direla Poliziaren «indar erakustaldiak» inguru horietan: «Bueltaka dabiltza, ea nola harrapatu migranteak. Ehizan ari dira».

(ID_15139383) (Jon Urbe/@FOKU) 2025-05-12, Irun. Mugak Zabalduz karabana, mugetan hil direnei omenaldia
Karabanaren hasierarekin egindako agerraldia, Irunen. JON URBE / FOKU

Hori nola egiten duten ere aztertu du Bidasoa Etorkinekin taldeak. «Orain ez dituzte bueltan bidaltzen zubian harrapatu bezain laster, lehen egiten zuten bezala», esan du Lasartek. Azaldu duenez, horren ordez polizia etxera eramaten dituzte, eta zerbait sinarazten diete, ondoren Espainiako Poliziaren esku uzteko.

Epaiketa politikoa

Lasartek nabarmendu du egiten duten lana ez dela legez kontrakoa baina ondorioak ekarri dizkiela hala ere. Hain zuzen, hura eta beste sei lagun atxilotu zituzten iazko urrian, migratzaile talde bati Irundik Hendaiara igarotzen laguntzeagatik, Korrika igaro zenean.

Hain zuzen, haiei babesa emateko sortu zen J’accuse, eta Euskal Herri osoko erakunde ugarik bat egin dute harekin. Eñaut Aramendi kideak azaldu duenez, baina, zazpi auzipetuei babesa emateaz gain, haien kontrako prozesua Frantziako Estatuaren kontrako «epaiketa politiko bat» bihurtzea dute helburu: «Guk ez dugu onartuko epaitegi honek esango diguna, eta frantses estatuaren migrazio politika epaitzeko erabili nahi dugu».

Hala, epaiketa baliatu nahi dute «migrazioak dakarren sufrimendua» erakutsi, haren arrazoiak mahai gainean jarri eta Europan askatasunez mugitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Bide horretan, Aramendik gehitu du «betebehar» bat dela elkartasuna antolatzea. «Euskal Herria harrera herri bilakatu nahi dugu, eta horretarako guztien beharra daukagu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.