Isabel Jaurena.

Mugarri bat

2025eko irailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herritar talde bat belardi batean eserita, Herritarren hitza errespetatu esaldia idatzia duten kartelak eskuetan dituztela; parean hondeamakinak, geldirik; eta hala Foruzaingoa nola Guardia Zibila ezker-eskuin. Dagoeneko erraza da 2021eko apirilean Lekarozen egindako Aroztegiko protestak irudikatzea, Aroztegiko kolore horiak Euskal Herri osoa zeharkatu baitu lau urteotan. Erraz irudikatu, bai, baina nekez atzenduko du herri honek desobedientzia zibil baketsua kriminalizatzeko hamaikagarren saiakera hori. Nekez atzenduko du herri honek Aroztegiko kolore bihurtu den horia.

Izan ere, Aroztegikoa mugarri bat izan da Euskal Herri osoko herri mugimenduarendako. Zer dela eta? Bada, epaileak bertan behera utzi duelako auzipetuek «talde kriminal» bat osatzen zuten akusazioa, baina kontrakoa gertatu izan balitz, aurrekari bat sortu izanen zukeen. Protestarako eskubidea kriminalizatzearekin kontent ez, eta beste kontakizun bat osatu nahi zuten, herritarrak beren eskubideak defendatzeko beldurrez egon zitezen, hain zuzen.

«Talde kriminal antolatu bat» osatzearen akusazioa ez ezik, bertze bat ere bertan behera utzi du epaileak, hori horrela dela ondorioztatzeko froga nahikorik ez dagoela argudiatuta. Akusazioaren arabera, auzipetuetako bat «taldeko burua» zen, eta bertzeek haren erranetara jarduten zuten, indarkeriaz. Kontakizun hori gezurretan oinarritua dela salatu izan dute behin eta berriz auzipetuek, eta «misogino, patriarkal eta klasista» zela salatu. Izan ere, emakumeak kokatzen zituzten «talde beldurgarriaren» buru gisa. 

Epaiketaren astean egindako lehenbiziko mahai inguruan, Ekhi Petriati Bilgune Feministako kideak aski argi erran zuen lurraren defentsaren aldeko borrokan «sistema zisheteropatriarkal kapitalista eta kolonialista» dela nagusi, eta horrek emakumeengan eta gorputz disidenteengan eragiten duela kalte handien. Eta Aroztegikoan ere hala izan da. Epaileak akusazio hori bertan behera utzi badu ere, prozesu judizialean jazarpena eta irain matxistak jasan behar izan dituztelako auzipetuetako bi emaztekik. 

Akusaziorik larrienak bertan behera utzi dituzten arren, epailearen irudiko, auzipetuek ez zuten «jarrera baketsua» izan, eta langileen jarduna oztopatu zuten; hortaz, derrigortze delitua egotzi diete eta isunak ordaintzera zigortu. Lekukoen deklarazioak entzunda eta dokumentu bidezko frogak aztertuta hartu omen du erabakia epaileak. Maiatzean izandako epaiketan, ordea, Foruzaingoak, Guardia Zibilak eta auzipetuek berek argi erran zuten Aroztegiko protestak modu baketsuan egin zirela. Bada, desobedientzia zibil baketsua izanagatik ere, isunak ordaintzera behartu dituzte. Beldurra hedatzeko kontakizunak badu segida, beraz. 

Baina horiak ere bai. Kriminalizazio saiakera ororen gainetik, nekez atzenduko duelako herri honek hori kolorea hartu duen mugarria: Aroztegikoak ez direlako zazpi, herri bat baizik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.