Mugerreko pleita gunearen handitze proiektua salatu dute ingurunearen defentsarako elkarteek

Elkargoak tren autobidea errezibitu nahiko luke Mugerreko pleita gunean. Baina, proiektu nagusi horren bidez «nahitaezkoak ez diren» beste batzuk egin nahi dituztela deitoratu dute elkarteek. Tokiko biodibertsitatea kaltetuko luke handitze proiektuak.

CADE eta Mouguerre Cadre de Vie elkarteen prentsaurreko, Mugerreko pleita gunearen handitze proiektuaren harira. BERRIA
Garazi Aduriz Zuñeda.
2023ko ekainaren 13a
08:14
Entzun

Mugerreko pleita gunearen (Lapurdi) handitze proiektuaren gardentasun falta deitoratu zuten atzo CADE eta Mouguerre Cadre de Vie elkarteek. Besteak beste, «eragin ekologiko eta hidraulikoak» ukango ditu, Martine Bouchet Mouguerre Cadre de Vieko kidearen arabera. Horregatik, «benetako inkesta publiko» bat egin dadila aldarrikatu dute, tokiko biztanleek proiektuaren «helburuez eta egokitasunaz eztabaida» dezaten. Izan ere, Euskal Hirigune Elkargoak Cherbourgtik (Normandia) Mugerrera iritsiko litzatekeen tren autobidea errezibitu nahiko luke bertan. Baina handitze proiektu horrek beste bat «ezkutatzen» duela salatu dute elkarteek, 3,3 hektarea «debalde» artifizializatuko bailituzkete.

Tren autobidearen proiektuaren inguruan nahiko «dudakor» daudela azaldu zuen Bouchetek: «Mugerretik aurrerako bidean, kamioi bidez garraiatuko lukete merkantzia, eta oraino gehiago emendatu A63ko kamioi kopurua; gaur egun itsasontziz egiten dute». Bestalde, tren autobidea Briattany Ferries enpresaren iniziatiba pribatua dela azaldu zuen Bouchetek, eta jada Mugerreko pleitan dagoen Novatransi sortuko liokeen konkurrentzia ukan zuen gogoan.

2020ko uztailean eman zuen Jean Castex orduko lehen ministroak Cherbourg eta Mugerren arteko tren autobidearen berri; Irlanda eta Espainia lotzea zen xedea. Elkargoak Mugerreko CEF Europako Pleita Zentroa eskaini nahi die iritsiera gisa. Horretarako, Europaren diru laguntzak eskatu dituzte, eta ekainean jakingo da esleitua izan zaien.

Baina proiektu nagusi honek beste bat «ezkutatzen» duela salatu zuten elkarteek. Hain zuzen, 3,3 hektarea artifizializatuko lituzkete DJO enpresa lekualdatzeko. Elkarteek azpimarratu zuten artifizializazio hori «debaldekoa» dela, eta Mugerreko pleita gunetik hurbil dagoen alternatiba proposatu zuten: Les Salines, alferrik utzia den 10 hektareako industrialdea. Izan ere, DJO enpresak ez du «ezer ikustekorik trenbideetako aktibitatearekin»; beraz, ez du zertan bertan kokatu.

Horrez gain, pleita gunearen handitzeak ZAC antolaketa adostuko gunearen mugak gainditzen dituela salatu zuten elkarteek. 100 hektarea inguruko gunea da, eta haietatik hamazazpi ez dira oraindik artifizializatuak. Handitze proiektuak hamazazpi hektarea horiek artifizializatuko lituzke. Baina, Mugerreko PLUaren berrikuspena eginda, elkarteak ohartu dira handitze proiektuan ZACaren kanpo dauden hiru lursail ere sartzen direla proiektuan. Hiru etxe dira; haietarik bi Elkargoak erosi ditu jada, eta inor ez da bizi bertan. Hirugarrenean, berriz, norbait bizi da. «Ezin dute PLUan aldaketa soil bat eginez ZAC eremua handitu; egin-molde eskandalagarria da. Helegite bat jarri dugu, eta, ez bada nahikoa, administrazio auzitegira joko dugu», azaldu zuen Bouchetek.

Mugerreko pleita gunea uholde lautada bat da, biodibertsitate handikoa. Bertan eraikitzeko, lur maila hiru metro igo beharko lukete. Frantziako CNPN Naturaren Babesteko Kontseilu Nazionalak proiektuaren gaineko iritzi ezkorra argitaratu zuen apiril erditsuan. Hainbat espezie babestu aurkitu dituzte bertan, eta Euskal Hirigune Elkargoak proposatzen duen konpentsatze eremua eskasa dela azpimarratu dute. Izan ere, uholde lautadetan egin kalteak konpentsatzeko, Elkargoak berriz naturalizatu behar ditu beste eremu batzuk, eta kalteak sortuko dituen eremua halako hiru izan behar dute konpentsazio eremuek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.