Mugimendu abertzalearen diagnostikoa eginen du Bagirak

Abertzale sentitzen den orori dei egin diote parte hartzera, «argazki ahalik eta errealena lortzeko»

Bagirako kideak atzo, Miarritzen, prozesuaren bigarren fasea aurkezten. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko maiatzaren 04a
00:00
Entzun
Bigarren fasean sartu da Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea birformulatzeko Bagira prozesua. Inkesta zabal bat abiatuko dute ondoko hilabeteetan, abertzaletasunaren diagnostikoa egiteko. Iritzi bilketa horren bidez, gogoetari bide egin nahi diote, gaurko egoera aztertu eta etorkizunerako bide orria osatze aldera. Bagirako kideek agerraldia egin zuten atzo, Miarritzen (Lapurdi), galdetegiaren edukia eta helburuak azaltzeko. Berrogei bat galdera ditu inkestak: azken hamar urteetako bilakaera, abertzaletasunaren oinarriak, epe ertaineko helburuak eta antolaketa helburuak ditu hizpide.

Aztiker enpresarekin landu dute inkesta, eta hark eman die azpiegitura teknikoa. Interneteko plataforma bat sortu dute inkestari erantzun ahal izateko. Helbide elektroniko bat besterik ez da behar erregistratzeko, eta bakoitzak lotura pertsonalizatu bat eskuratuko du galdetegiarekin. Internetez osatzeko modurik ez dutenek aukera izanen dute paperean betetzeko, eskaera eginez gero.

«Abertzale sentitzen den orori» irekia da inkesta, Anita Lopepe Bagira prozesuko kidearen hitzetan: «Betiko abertzaleak, berriki hurbilduak, militanteak, aldekoak... Helburua da egin ahala jende galdekatzea. Iritzia jasotzea egin den bideari, etorkizuneko perspektibei, eta mugimendu abertzalearen egoerari buruz».

Inkesta betetzeko orduan bakoitzaren ezaugarriak zehazteko galdetuko diete parte hartzaileei. «Helburua da belaunaldien eta lurraldeen araberako joerak ateratzea», esplikatu du Aztikerreko Ekhi Zubiriak. Halaber, izan litezkeen hutsuneak ere identifikatu nahi dituzte horrela: adin tarte bat edo lurralde bat besteak baino gutxiago ordezkatua bada, indar handiagoa eginen dute horiengana hurbiltzeko, preseski.

«Helburua da mugimendu abertzalearen argazki orokorra ateratzea, ahalik eta errealena», esplikatu du Lopepek. Horregatik, ez diote epemuga zehatzik ezarri galdetegiari, ahal bezainbat erantzun jasotzea baita xede nagusia. Hala ere, udazkenerako bukatutzat eman nahiko lukete ariketa, datuak aztertu eta ondoko fasera pasatzeko. Izan ere, 2024ko Aberri Egunean eman nahi diote amaiera Bagira prozesuari.

Udazkenean abiatu zuten egitasmoa, mugimendu abertzaleari buruzko gogoeta parte-hartzaile bat bultzatzeko xedez, eta galdera batekin: «Zer da abertzale izatea XXI. mendean?». Horri erantzutea eta mugimendua artikulatzea da prozesuaren helburu nagusia.

Transmisioa eta aberria

Azken hilabeteetan, transmisio historikoa landu dute, eta azken hamarkadetako militante esanguratsu batzuen lekukotasunak zabaldu dituzte zenbait hitzalditan. Apirilaren 8an eta 9an, Aberri Egun berezia egin zuten Itsasun (Lapurdi), duela 60 urte Itsasuko Agiria aurkeztu zuten leku berean. Izan ginen, bagira, izanen gira testua aurkeztu dute aurten. Bagirako kideek adierazi dute 3.000 pertsona bildu zirela bi egun horietan. «Mugimendua egiteko» balio izan zuela uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.