M8-ko Emakumeok Planto

Mugimendu feminista: "Milaka emakumez osatutako olatua izaten ari da"

Euskal Herriko mugimendu feministaren esanetan, emakumeen greba "oso arrakastatsua" izaten ari da, eta hirietan jendetza biltzeaz gain, herrietan ere mobilizazio ugari izan direla nabarmendu du.

Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko martxoaren 8a
07:28
Entzun

"Greba oso arrakastatsua izaten ari da. Geure burua zoriontzen dugu. Emakume guztien ahaleginaren ondorio da hau", adierazi dute Gladys Giraldo eta Ainara Mendarozketa mugimendu feministako kideek, arratsaldean, Gasteizen egin duten balorazioan.

Mobilizazioa "oso positiboa" izaten ari dela adierazi dute, "Euskal Herri osoko milaka eta milaka emakumez osatutako olatua" sortzea lortu baitute. Jakitera eman dutenez, greba deialdia babesten aritu dira 35.000 eta 50.000 emakume artean Bilbon; Gasteizen, 12.000 emakume ingurk, eta beste horrenbestek Iruñean. Donostiako daturik ez dute eman ahal izan. Dena den, zenbakiez harago, mobilizazio guztietan izan den berotasuna nabarmendu dute.

Protestaldi deszentralizatua antolatzea erdietsi dela ere adierazi dute; hiriburuetan mobilizazio jendetsuak egiteaz gain, herri askotan ere manifestazio, elkarretaratze eta askotariko protesta ekintzak antolatu baitituzte.

Mugimendu feministaren iritziz, gaurko mobilizazioaren ondorioz, gizartean zaintza eta greba ereduari buruzko "galdera berriak" sortu dira. "Hutsuneak utzi ditugu egunerokoan egiten ditugun zaintza lanetan eta gaur askok lehendabiziko aldiz pentsatu behar izan dute nola arduratu lan horietaz, zer egin umeekin, gaixoekin, mendekotasunak dituzten pertsonekin... emakumerik ez badago".

Mugimenduaren esanetan, "ezkutatuta egon diren gatazkak azaleratu dira. Deialdiari horrela erantzun badiogu, milioika emakumeren egoeraren muinari heldu diogulako izan da".

Gaurko egunetik harago, grebaren antolaketa prozesuak mugimendu feminista "berritzeko" balio izan duela adierazi dute. "Tantaz tanta uholde berria osatzen ari gara. Hortaz, bihartik aurrera mugimendu feminista indartsuagoa edukiko dugu. Horregatik ere, garaipena izan da gaurkoa".

Grebarekin lotuta, emakumeen kontrako indarkeria eta mehatxuak salatu dituzte, bestalde. Adierazi dutenez, Gasteizen, Ertzaintzak emakume talde bati identifikazioa eskatu dio auzoa "apaintzen" ari zirela. Taldean, bere burua kazetari gisa identifikatu duenari, mozal legea ezarriko diotela mehatxu egin diote; beste taldekide bati ohartarazpen bat egin diote eta, horretaz gain, emakume horiek salatu dutenez, poliziak "paternalismoz eta mespretxuz" jokatu du haiekin. Gasteizen bertan, Unibertsitateko ikasle grebalariek jakinarazi dutenez, kirurgiako sailburuordeak ikasleak iraindu eta haietako bi makulu batez jo dituela.

Edozein "errepresio keinu" salatu nahi duenari eskatu diote mezua bidali dezala [email protected] helbidera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.