Datorren urtean 50 urte beteko dira Martxoaren 3ko sarraskitik, eta Gasteizko GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak eta IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak urteurrena baliatuko dute frankismoaren Poliziak eraildako bost langileei eta langile mugimenduari aitortza egiteko. Gazte antolakundeek batzarra egin zuten atzo Gasteizen urtemuga egunerako dinamika adosteko, eta erabaki zuten egun horretan Gasteizko ikasleak grebara deitzea goizean goizetik. Horrez gain, sarraskian hildakoak omenduko dituzte, eta Gasteizen deitutako bloke sozialistara batzeko deia egin dute. Modu horretan, langile mugimenduaren memoria bizirik mantendu eta «borroka iraultzailea» berpiztu nahi dute.
Gazte antolakundeek azpimarratu dute arlo sozial eta politikoaren bilakaera «geroz eta latzagoa» dela. Ohartarazi dute estatuaren «autoritarismoa» areagotzen ari dela, pobrezia orokortzen, eta militarizazioa eta eskuina etengabe gora doazela. «Faxismoaren ideia matxistak, arrazistak eta klasistak kalean zabaltzen ari dira», erantsi dute.
Hori hala, erreformaren eta hausturaren artean aukeratu behar dela iritzi diote; GKSk eta IASk haustura politikoaren aldeko hautua egiten dutela nabarmendu dute. «Kapitalismoarekin haustea eta alternatiba iraultzaile baten alde egitea ezinbestekoa da», azpimarratu dute.