Mugimenduak «kohesioa» duela ikusi dute Bagira-k egin inkestan

1.500 erantzun eskuratu dituzte udaberrian egin zuten galdeketan. Tokiko bilkurak eta jardunaldiak izanen dira bide orria osatzeko

Bagira prozesuko gidaritza batzordeko kideak, atzo, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko azaroaren 04a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen argazki bat atera dute Bagira prozesuaren barnean egin inkestan. 2.254 pertsonak eman zuten izena galdetegia jasotzeko, eta horietatik 1.485ek erantzun diote inkestari. Mugimendu abertzaleari dioten «atxikimendua» erakusten du horrek, prozesuaren eramaileen hitzetan. Eta baita mugimenduaren «heldutasuna» ere: «Bat-batekotasunak, hausturak, politikatik eta antolaketa kolektibotik urruntzeak ezaugarritzen duten garai batean, mugimendu abertzaleak gibeltasun eta gogoeta tarte bat hartzea lortu du, oinarrizko gaien inguruan gogoetatzeko eta etorkizuna baturik proiektatzeko», adierazi dute aurkezpenean.

Hiru lurraldeetako belaunaldi guzietako kideek eman dituzte erantzunak; alta, inkestaren emaitzek gehiengo argiak erakusten dituzte gai anitzen inguruan. Horrez gain, erantzun duten kideek ontzat jo dituzte azken urteetako borroken bilakaera eta horiek eramateko moldeak. Euskal gatazkaren ondorioei dagokienez, Bagira-k zehaztu du Aieteko Konferentziatik 12 urte iragan direla, inkesta erantzun dutenek euskal preso guziak askatzea ezarri dutela lehentasun gisa, eta gatazkaren arrazoi politikoak lantzeko beharra ere azaleratu dute gatazkaren «konponbide integrala» kausitzeko.

Mugimendu abertzalearen oinarri historikoei atxikimendua erakutsi diete erantzun duten kideek, hala nola euskarari, burujabetza politiko eta materialari, eta Euskal Herriko zazpi lurraldeei. Aldarrikapen historikoei dagokienez, autodeterminazioa (%87,5), autonomia (%80,7) eta independentzia (%68,3) defendatu dituzte. «Mugimendu abertzalea definitzean, herriari eta hizkuntzari lotutako atxikimendua atxikitzen da, baina betiko corpus ideologiko horri feminismoa, ezkerreko gaiak eta ekologismoa gehitzen zaizkio», azaldu du Anita Lopepe Bagira-ko kideak. «Aldi berean, erantzun duten guzientzat abertzale izatea aktibo izatea da, militantzia askotarikoa izatea. Hori da inkesta honetan azaleratzen diren beste datuetako bat: mugimendu abertzaleak eremu instituzionala inbertitu du, eta, erantzun dutenen iduriko, horrela segitu behar da, begi bistatik galdu gabe borroka esparru hori besteen osagarria dela».

Aitzina begirako urratsei buruz ere galdetu dute inkestan, eta Ipar Euskal Herriak bilakaera instituzionala izateko beharra azaleratu da. Horretaz gain, bost ardatz nagusi lehenetsi dituzte: euskara, etxebizitza, klima aldaketaren kontrako borroka eta burujabetza materiala, borroka sozialak, eta laborantza arloko borrokak, hala nola lurren defentsa. Lehentasunezko bost erronketan agertu ez badira ere, erronka nagusi gisa azaleratu dira mugimenduaren feminizazioa eta sexu berdintasunaren aldeko borroka, batetik, eta belaunaldien berritzea eta gazte dinamikak, bestetik.

Oinarri horien inguruan eztabaidatzeko, tokiko bilkurak eginen dituzte ondoko asteetan: hala nola azaroaren 7an Baionan, eta 9an Larzabalen (Nafarroa Beherea). Abertzaleei dei egin diete bilkura horietan parte hartzeko.

Aberri Eguna, Uztaritzen

Orain dela bi urte sortu zen Xuti Gazte dinamika buru-belarri sartua da Bagira prozesuan, eta, elkarlanean, Gazte Eguna antolatu dute abenduaren 2rako, Hazparnen. Horrez gain, jakinarazi dute mugimendu abertzalearen jardunaldiak eginen dituztela urtarrilaren 27an. Tailerrak eta bilkurak eginen dituzte mugimendu abertzalearen bide orria osatzeko. Martxoaren 31n emanen diote bukaera Bagira prozesuari, Uztaritzen (Lapurdi) eginen duten Aberri Egunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.