Mujika Aiestaranen kereilak aurrera egiteak bide eman diezaieke beste auzi batzuetakoei

Madrilgo 12. Auzitegian irekita dago kereila, Mujika Aiestaranen auzia argitzeko. Auzi hori ebazteak Andoni Campillo Alkorta, Jon Paredes Manot 'Txiki' eta Moncho Reboiras Noiaren auzietan ere kereila bana onartzea ekar dezake.

Maria Jesus Lezeta, Mujika Aiestaranen orduko bikotekidea, haren argazkia alboan, kereila aurkeztuko zutela iragarri zutenean. KERMAN GARRALDA ZUBIMENDI
Maria Jesus Lezeta, Mujika Aiestaranen orduko bikotekidea, haren argazkia alboan, kereila aurkeztuko zutela iragarri zutenean. KERMAN GARRALDA ZUBIMENDI
gurutze izagirre intxauspe
2025eko uztailaren 28a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Asteazkenean beteko dira 50 urte Josu Mujika Aiestaran hil zutela, Madrilen, Poliziaren sarekada batean. Mikel Lejarza El Lobo ETAn infiltratutako poliziak jendaurrean aitortu izan du parte hartu zuela sarekada hartan. Senideek eta GEBehatokiak kereila jarri zuten haren kontra Madrilgo 12. Auzitegian, eta tramiteak aurrera doaz. GEBehatokiak jakinarazi du garrantzitsua dela kereila horrek bere bidean jarraitzea eta zigorra ekarri ahal izatea, «bunker judizial negazionistan arrakala bat irekitzeko». Hiru kasu hauei bidea ireki diezaiokeela zehaztu du GEBehatokiak: Andoni Campillo Alkortarenari, Jon Paredes Manot Txiki-renari eta Moncho Reboiras Noiarenari.

Izan ere, Lejarza Defentsako Goi Mailako Ikasketa Estrategikoen Zentroko kidea zen. ETAn infiltratua egon zen artean Gorka izena hartu zuen, eta El Lobo izengoitia zeukan Espainiako Zerbitzu Sekretuetako kideen aurrean. Mujika Aiestaran ETApm-ko kidea zen, eta El Loborekin batera zegoen Madrilen 1975eko uztailaren 30ean. Segoviako kartzelatik ihes egin behar zutenentzako nortasun agiri faltsuak plastifikatzeko makina alokatzea zen Madrilen zuten egitekoa. Madrilen, autoan zihoazela, Polizia segika zutela sumatu zuten. Autoa geratu eta korrika ihesi zihoazela tirokatu zuten Mujika Aiestaran. Komandoko beste bi kideek ihes egitea lortu zuten. Laugarrena El Lobo zen. Sendiak ez du zalantzarik segada bat izan zela: «Atxilo zezaketen, baina hil egin zuten». 

Lau bertsio ofizial iritsi zitzaizkien heriotzaren inguruan, baina egiazkoa bat ere ez zela uste dute senideek: bere buruaz beste egin zuela, komandoak Poliziarekin izandako aurrez aurrekoan hil zela, atxilotu eta bihotzekoak jota hil zela, eta autoan sartu zutela, irteten saiatu, eta ihes egiteko saio horretan hil zela. Mujika Aiestaran motibazio politikoko biktima gisa aitortua du Eusko Jaurlaritzak, 2023ko maiatzaren 15ean emandako irizpen batean. El Lobo «beharrezko laguntzailetzat» jotzen du Mujika Aiestararenen hilketan.

Horregatik, auzia argi dadin, GEBehatokiak Madrilgo 12. Auzitegiari eskatu dio deklaratzera dei ditzala El Loborekin kontakturen bat izan duten hauek: Fernando Rueda kazetaria, Yo confieso; 45 años de espía idatzi baitzuen;Pedro Gorospe El País egunkariko kazetaria, 2019ko martxoaren 1ean argitaratutako elkarrizketa egin baitzion; Xabier Garcia Ramsden Radio Euskadiko kazetaria, 2023ko urtarrilaren 13an Boulevard saioan elkarrizketatu baitzuen El Lobo, eta hark bertan aitortu zion zein zen; Vozpopuli-ko kazetari Gema Huesca, 2023ko urriaren 2an argitaratutako elkarrizketarengatik; Bilboko Bidebarrieta Kultur Gunean 2019ko otsailaren 28an Yo confieso. 45 años de espía liburuaren aurkezpena antolatu zuena; eta Madrilgo Ambito Cultural de El Corte Inglesen 2019ko martxoaren 14an Yo confieso. 45 años de espía liburuaren aurkezpena antolatu zuena.

50 urte

GEBehatokiaren arabera, El Lobok esku hartutako polizia operazioetan bost hildako eta 158 atxilotu egon ziren, gehienak torturatuak. Hildakoen zerrenda hau osatu du GEBehatokiak: Josu Mujika Aiestaran, Montxo Martinez Antia, Andoni Campillo Alkorta, Jon Paredes Manot Txiki eta Moncho Reboiras Noia.

GEBehatokiak ohar batean salatu duenez, Jaurlaritzak onartuak ditu motibazio politikoko biktima gisa guztiak, Martinez Antia izan ezik. Kasu hartan bertsio ofiziala ontzat jo zuela azaldu du, eta auzitegiko medikuak txostenean emandako bertsioa onartu zuela, suizidioarena. Familiak beti esan du polizia indarrek egindako hilketa izan zela.

«Fiskaltza soziala» izateko eginkizunarekin jaio zen GEBehatokia, argitara ateratzeko Espainiako Estatuaren «erantzukizunez» izan diren delituen egileak, «estatuak delitugileei eskaini dien zigorgabetasunaren kontra».

GEBehatokiak dioenez, biktimen arteko asimetria dago «erasotzailearen jatorriaren arabera». «ETAren biktimei eskura dituzten mekanismoak eman dizkiete egia eta erreparazioa lortzeko, eta estatuko zigor sistema aplikatu dute; estatuaren biktimen giza eskubideen urraketen egileak, berriz, babestu egiten dituzte». Uste du zigorgabetasuna amaitzeko ezinbestekoa dela bide judiziala egitea, hala badagokio nazioarteko organoetara jotzeko gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.