Alain Iriart Hiriburuko (Lapurdi) auzapeza, Vincent Bru Pirinio Atlantikoetako departamenduko diputatua, Max Brisson eta Frederique Espagnac senatariak goizean bildu dira biltzekoak Frantziako hezkuntza ministroaren ordezkari batekin, Parisen. Hiriburuko Baste Quieta eskola publikoan euskara hutsezko esperimentazio proiektu bat abiatzea ukatu zuen Parisek, derrigorrezko irakaskuntza frantsesez egin behar dela argudiatuta. Hala, Ipar Euskal Herriko hautetsiek euskarazko irakaskuntza defenditzeko bilkura egin dute. «Haiek ezarritako legeen arabera osatu dugu dosierra, baina ukatu digute hala ere. Partidaren legeak ez dira joko denboran aldatzen», salatu du Alain Iriart Hiriburuko auzapezak.
Hezkuntza ministroaren ordezkariak «entzun» dituela erran du Iriartek, baina ez dute ezer «trenkatu» bilkuran zehar. «Dosierra ez da honetan bukatzen; negoziaketekin segitu beharko dugu, eta mobilizatzen segituko beharko dugu», gehitu du. Bihar eskola sartzea izanen dute Ipar Euskal Herriko ikasleek, eta 10:00etan elkarretaratze bat eginen dute Baste Quieta eskolaren atarian, murgiltze ereduaren kontrako erabakia salatzeko eta euskarazko irakaskuntza aldarrikatzeko. Iriartek ez du argi Hiriburuko eskolaren kasuan «erabakia aldatuko duten ala ez», baina negoziaketekin segitzeko asmoa erakutsi du.
Bestalde, hezkuntza ministerioko ordezkariak segurtatu zien gaur arte irekitako murgiltze ereduen 38 esperimentazioak –eskola pribatu katoliko zein publikoetan– ez direla arriskuan. Hala ere, «erne egon» behar dutela azpimarratu du Iriartek.
Izan ere, errektoretzak Alain Iriart Hiriburuko auzapezari gutun bidez eman zion debekuaren berri, iragan uztailean. Azaldu zion 2019ko uztailaren 26ko Hezkuntza Legearekin irakaskuntza derrigorrezkoa dela 3 urtetik aitzina, eta Frantziako 1958ko Konstituzioaren arabera derrigorrezko irakaskuntza, frantsesez, «Errepublikako hizkuntzan» egin behar dela. Ondorioz, ez duela gehiago onartuko «murgiltze ereduaren» esperimentaziorik. EEPko ordezkariek berehala eskatu zuten bilkura Jean Michel Blanquer Frantziako hezkuntza ministroarekin, erabakia salatzeko.
.