Polemika handia eragin du azkeneko astean, Frantziako Konstituzio Kontseiluak, Martxan alderdiko 61 diputaturen helegite bat onetsiz, maiatzaren 21ean plazaratutako erabakiak: ebatzi du Asanblea Nazionalak joan den apirilaren 8an onartutako hizkuntza gutxituen legearen bi artikuluk errepublikaren konstituzioaren 2. artikuluaren kontra egiten dutela, eta, horrenbestez, arriskuan jarri ditu hizkuntza gutxituak irakasteko indarrean dauden murgiltze ereduak. Horren aurka protesta egiteko, manifestazioa egingo dute, gaur, Baionan, Laugatik abiatuta (16:00).
Ipar Euskal Herriko hautetsiek eta euskalgintzako eragileek mobilizazioarekin bat egiteko deia egin dute, eta, atzo bertan, 200 pertsona ezagunek murgiltzearen aldeko manifestu bat kaleratu zuten. Gure hizkuntzak bizi daitezen! goiburupean, nabarmendu dute familia bakoitzak «bere haurrentzako irakaskuntza eredua» hautatzeko eta «aniztasun linguistiko eta kulturala bizitzeko» aukera eduki beharko lukeela, izan euskaraz eta okzitanieraz. «Eredu hau bermatuz gizarte proiektu partekatua, irekia eta sosegatua zaintzen eta sustatzen da. Konstituzio Kontseiluaren erabakiak oreka hori larriki auzitan jartzen du». Eta iruditzen zaie azken hamarkadetan euskararen alde izan den engaiamenduaren «erabateko ezeztapena» eragiten duela ebazpenak. Sinatzaileen artean daude Itxaro Borda, Ruper Ordorika, Maddi Oihenart, Sebastien Gonzalez, Yves Salaberri Xala, Paxkal Indo, Titto Betbeder, Jean Noel Etxeberri Txetx eta Anne Etxegoien, besteak beste.
Eta, aurreko egunean EH Bilduk eta EH Baik egin bezala, atzo EAJren Ipar Buru Batzarrek ere kritikatu zuen murgiltzearen aurka hartutako erabakia, eta mobilizaziorako deiarekin bat egin zuen. Peio Etxeleku Ipar Euskal Herriko jeltzaleen buruak auziaz hitz egiteko propio deitutako agerraldi batean nabarmendu zuenez, ebazpenak erakusten du «frantses erakundeen ezintasuna Frantziako kultur aniztasunaren gaia aitzinarazteko». Pentsatzen du, gainera, Emmanuel Macron Frantziako presidentea buru duen alderdiak bultzatutako helegiteak «demokrazia gabeziabat» erakusten duela. Izan ere, gobernuaren borondatearen kontra aurrera atera zuten, nola Senatuan hala Asanblean, Paul Molac Bretainiako diputatuak sustatutako legea. Etxelekuk buruzagi politiko batzuen «hipokrisia» izan zuen hizpide: «Mailarik handienean da». Izan ere, Konstituzio Kontseiluak zentsuratutako artikuluak kenduta, joan den igande goizean promulgatu zuen legea Macronek; eta bi egun geroago adierazi zuen, Facebook bidez, gobernuari eta Parlamentuari bitartekoak eskatu dizkiela «aniztasun linguistikoa bermatzeko», eta «Frantziako hizkuntzak altxor nazional bat» direla.
Ebazpenak eragiten die euskarari, katalanari, bretoierari, okzitanierari, korsikerari eta beste hizkuntza gutxituei, eta, horregatik, Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboak deituta (Gure hizkuntzak bizi daitezen), lurralde horietan ere egingo dituzte protestak gaur. Horietara joateko deia egin zuten, atzo, Peio Jorajuria Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteko lehendakariak, eta Joseph Turchini Scola Corsa-ko presidenteak. Agerraldia egin zuten, Baionan, eta korsikarrak iragarri zuen murgiltze ereduari jarraituko dioten aurreneko bi ama eskolak irekiko dituztela irailean.
Ikastetxeak bezala, euskararen, bretoieraren, katalanaren eta okzitanieraren erakunde publikoak ere «haserre» agertu dira murgiltzearen aurka hartutako erabakiarekin. EEP Euskararen Erakunde Publikoko presidente Antxon Kurutxarrik gutun bat bidali dio Macroni, eskatuz «hondamendia» saihets dezala.
Bien bitartean, Jean Castex Frantziako lehen ministroak esan zuen, asteazkenean, prest dela Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroarekin biltzeko, auziaz hitz egiteko.
Murgiltzea defendatzeko deia
Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen legeaz ebatzitakoaren aurka protesta egingo dute gaur Baionan. IBBk babestu egin du mobilizazioa. 200 pertsona ezagunek manifestu bat kaleratu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu