ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek agerraldi bat egin dute Eusko Jaurlaritzaren kanpoaldean, Gasteizen, eta Hezkuntza Sailari eskatu diote «murrizketen politika bazter uzteko», eta jar ditzala baliabideak hezkuntza publikoa «indartzeko». Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari «alde bakarreko» erabaki «murriztaileak» hartzea leporatu diote, eta ohartarazi diote «bide beretik» jarraitzen badu «erantzun irmo bat» artikulatzea beste erremediorik ez dutela izango.
Sindikatuen ustez, Hezkuntza Sailak negoziazio kolektiboa «mespretxatzen» du. «Langileen ordezkariekiko Hezkuntza Sailak daukan jarrera onartezina da, alde bakarreko erabakiak hartzen dituelako, eta sindikatuekin gutxieneko komunikazioa ere ez dagoelako». Sindikatuek salatu dute «prentsaren bidez» edukitzen dutela ikasturte hau bukatzeko eta hurrengoa hasteko Jaurlaritza hartzen ari den neurrien berri.
«Mespretxu» hori gertatzen ari den bitartean, kritikatu dute bost sindikatuek, Hezkuntza Saila murrizketak egiten ari da datorren ikasturtera begira: «Irale ikastaroak, Hamaika Eskuprograma, sukaldeetan eta jangeletan lan egiten dutenen kolektiboan...». Sindikatuen ustez, COVID-19aren krisiak «erakutsi» du hezkuntza publikoa «indartzeko beharra» dagoela. «Baina argi geratzen ari da Hezkuntza Sailaren apustua ez dela hori izango».