Euskal presoak

Murru bat eraiki dute Baionako suprefeturaren aitzinean, blokeoa salatzeko

Herritar andana suprefeturaren atarira joan da bakegileek deituta, eta adreiluak bata bestearen gainean jartzen hasi dira. Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak jarri du adreiluetako bat. Egun osoan izan dira egitasmoak Ipar Euskal Herriko 22 herritan. Baionan amaitu dute, suprefeturaren aurrean.

Berria
2020ko irailaren 19a
12:00
Entzun

Goizeko 11:00etan hasi da egitasmoa, 30 urte aski da lelopean, herrietan antolaturiko ekitaldiekin. Eguerdian, ordea, auto karabana geldoak ziren hastekoak Maule, Donibane Garazi eta Hendaiatik (Lapurdi). Frantziako Gobernuak Baionan duen Suprefeturaren aitzinean elkartuta amaitu dituzte mobilizazioak, eta, bertan, harresi bat eraikitzen hasi dira suprefeturaren atzinean, salatzeko presoen eskubideen alorrean «murru baten aitzinean» daudela eta egoera blokeatuta dagoela.

Herritar andana batu dira, eta adreiluak pilatzen hasi dira bata bestearen gainean, suprefeturaren atarian. Adreiluetako bat jarri du Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapezak. Haren esanetan, euskal presoentzat «heriotza zigorra berrezarri du Frantziak», eta hori «onartezina» iruditzen zaio: «Desobedientzia ekintzan parte hartu dut, hori delako modu bakarra Emmanuel Macron presidenteak entzun gaitzan».

Harresia eraiki ostean, Anaiz Funosas Bake Bideko lehendakariak hartu du hitza: «Eraiki dugu pareta, Frantziak bake prozesuaren aurrean ezarri digun pareta, eraitsiko dugun pareta. Arriskuak hartzeko prest gara. Hastapena baizik ez da, azkeneraino joanen gara».

Goizean, eskuorriak banatu dituzte, presoen egoera azaltzeko; besteak beste Baionako merkatuan ibili dira. Poliziak kanporatu ditu, ordea, debekatua dela esanez. Beste hainbat tokitan grafitiak egin dituzte euren aldarrikapenak zabaltzeko.

Mobilizazioa «inflexio puntua» izango dela esan zuen irailaren hasieran Mixel Berhokoirigoin bakegileak; «gobernuei sinetsarazi nahi diegu ez dela beste biderik».

Berhokoirigoinen arabera, bake prozesua  «geldirik» dago, eta egoera «larria» eta «arriskutsua» da. Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotza horren adibide gisa jarri zuen. Frantziako espetxeetan ere arrisku bera dagoela ohartarazi zuen, eta prokuradoreen jarrera «probokatzailea» salatu zuen.

Datozen egunetan etorriko diren erabakiei begira ere antolatu dute mobilizazio eguna. Izan ere, Irailaren 24an Frederic Haranburu Xistor euskal presoaren baldintzapeko askatasun eskaera aztertuko dute berriz, eta Jakes Esnalek egindako eskaerari erantzungo diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.