Basurtuko ospitaleko (Bizkaia) larrialdi zerbitzuetako mediku bat 19 urteko mutil bat artatzen ari zen atzo gauean. Mutilak aurpegian ukabilkada bat eman zion emakumezko medikuari, eta, jarraian, han zeudenak jotzen saiatu zen, lanbas baten makilarekin, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zehaztu duenez. Ertzaintzak atxilotu egin zuen: lanean ari zen funtzionario publiko baten kontrako atentatu delitua egotzi diote.
Erasoa 21:00ak aldera gertatu zen. Ospitaletik Ertzaintzara deitu zuten, esanez gizon bat asaldatuta zegoela larrialdi zerbitzuan. Ertzainak iritsi zirenean, medikuarekin hitz egin zuten, eta hark erasoaren berri eman zien.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak osasun langileen kontrako indarkeria ekintza guztiak gaitzetsi dituzte.