Genitalak mutilatzeko arriskuan dauden emakumeen kasuak antzematen eta egoera horri aurre egiten irakatsi osasun arloko langileei eta gizarte zerbitzuetakoei. Hori da Emakundek eta Osakidetzak sortu duten gidaren helburua. Atzo aurkeztu zuten, Bilbon, mutilazioari buruzko prestakuntza jardunaldiak aprobetxatuta. Herrialde zehatz batzuetako ohitura da mutilazioa. Familien jatorria lurralde horietan dagoen mila neska inguru bizi dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
«Mutilazioek eremu askotan dute eragina; horregatik, diziplina arteko konponbidea eman behar izan diogu», azaldu du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak. Gida banatzeaz gain, langileek prestakuntza jasoko dutela iragarri du Jon Darpon Osasun sailburuak. Herrialde horietatik etorri diren etorkinak herri jakin batzuetan bizi dira bereziki. Beraz, eurei dagozkien osasun zerbitzuetatik hasiko dira lanean. Lehen arreta zerbitzuetan eta ospitaleetan egon beharko dute adi: batetik, osasun etxeetako pediatrek, familiako medikuek, erizainek eta emaginek; bestetik, erietxeetako Ginekologia eta Obstetrizia sailetako langileek.
Era berean, osasun arloan behar egiten duten gizarte hezitzaileentzat ere baliagarri izango da gidaliburua. Azkenik, hezkuntza komunitatean ere antzeko protokolo bat prestatzeko beharraz egin du berba Landaidak: «Ikastetxeek oso gertutik ezagutzen dituzte arriskuan dauden neska horiek eta horien familiak. Askotan euren herrialdera joateko asmoa dutela jakin dezakete, dela oporretan, dela betiko».
Darponek protokolo horrek sortuko duen tresna berri bat nabarmendu du: konpromiso agiria. Katalunia izan zen aitzindaria, eta Euskal Herrian Nafarroak ere badu. Osakidetzak eta Emakundek «hobetu» egin dute Katalunian ikasitakoa. Agiri horretan, sorterrira oporretara doazen familiek hitzematen dute neskari ez diotela mutilaziorik egingo, eta itzuleran hala izan dela baieztatzeko osasun zentrotik igarotzeko konpromisoa hartzen dute.
«Ez dugu mehatxu moduan hartzerik nahi: 'Betetzen ez baduzue, zigorra izango duzue'», nabarmendu du Darponek. Familia horientzat babeserako tresna bat izatea nahi dute. «Gurasoek gehienetan ez dute nahi izaten alaba mutilatzerik, baina sorterrira doazenean han duten familiaren presioa itzela izaten da. Agiri ofizial bat esku artean dutela badoaz, familiaren presioa txikiagoa da. Hala diote probatu duten familiek. Sorterriko familiak ikusten du neskak eta gurasoek hona itzultzerakoan arazoak izan ditzaketela, eta horregatik ez dute presiorik egiten».
Heziketaren garrantzia ere azpimarratu du Landaidak. Familiekin lan egin behar dela esan du, betiere euren kulturarekiko «erabateko errespetua» agertuz. «Etorkin komunitateekin egiten den lana eta kultura artekotasuna oso interesgarriak dira. Emakumeen ahalduntzea estrategikoa da borroka honetan. Gogoeta sortu behar dugu, eta erabakiak informazio osoa eskura dutela hartzea erraztu».
Mutilazioari aurrea hartzeko gida osatu dute Osakidetzak eta Emakundek
Osasun eta gizarte langileak prestatuko dira, arrisku kasuak antzemateko.Tresna bat ere sortu dute familientzat: alaba ez dutela mutilatuko dioen konpromiso agiria

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu