Gaur goizaldean N-1 errepideko tunel baten sabaiaren zati bat erori da, 428. kilometroan. Ikaztegietan (Gipuzkoa) izan da ezbeharra, Gasteizerako noranzkoan. Tunelaren sabaia estaltzen duen ehun asfaltikoaren zati bat erori da. 03:00etan gertatu da, eta ez da inor zauritu.
Abisua jaso eta berehala joan dira Gipuzkoako Aldundiko teknikariak egoera aztertzera, eta jada aurreikusi dute konponketa lanek luze joko zutela. Ondorioz, gutxienez asteburuan errepidea itxi egingo dute noranzko horretan, eta beste aldetik bideratuko dute trafikoa, ingurabide baten bitartez; noranzko bakoitzarentzat, beraz, errail bat egongo da. Leku horretan 7.500 kilotik gorako ibilgailuen trafikoa debekatu dute.
Ezbeharra izan denetik, itxita dago N-1 errepidea Gasteizerako noranzkoan. Horrek auto ilarak luzeak eragin ditu, sei kilometrorainokoak, Tolosaraino. Trafikoa errepide zaharretik bideratu dute, baina hori ez da nahikoa izan goizean errepide horretan izaten den trafikoa bideratzeko.
Tuneleko sabaia konpondu eta N-1 errepidea noranzko horretan ireki arte, aholkatu dute AP-8 eta AP-1 autobideak erabiltzea Donostia eta Gasteiz artean errepidez bidaiatzeko. N-1eko ingurabidea ez betetzeko, eskualdeko herritarrei gomendatu diete Ikaztegieta eta Legorreta arteko errepide zaharra erabiltzeko.