Testuinguru politiko ireki eta interesgarriaren barruan, gaur egingo du EAJk Alderdi Eguna. Hain justu, asteon bertan egin du Espainiako Gobernuarekin enplegu politika aktiboen akordioa, eta estatuko aurrekontu orokorrei dagokienez EAJk nondik joko duen ikuskizun dago. Hurrengo legealdian NaBairen partaide izatea ziurtatuko dion akordioa besapean duela aurkeztuko da Jose Angel Agirrebengoa Napar Buru Batzarreko presidentea (Altsasu, 1952). Aralarrekin egindako akordio horrekin koalizioari sendotasuna eman nahi izan diola argudiatu du.
Egoera politiko ireki honetan, nola ikusten duzu EAJ?
Sendo gaude. Zain gaude, eta, era berean, jokatzen ari gara. Behin Espainiako Gobernuarekin enplegu politika aktiboen akordioa lortuta, argi geratu behar du EAJk uneoro autogobernuaren hobekuntza lortzea duela helburu. Eskumenok Gernikako estatutuan jasota daude; tristea da berriz negoziatu behar izatea, baina autogobernu gehiagok ongizate handiagoa dakar.
Negoziaziohorretan, EAJk Alderdien Legea indargabetzea eskatzearen alde zaude ala eskumen gehiago eskatu besterik ez da egin behar?
Zapaterorekin Estatuko gobernabidea ahalbidetzen dugu, eta gobernuak normalizazio politikoan modu aktiboan laguntzea nahi dugu. Gainditu beharreko oztopo nagusietako bat Alderdien Legea da, demokraziaren kontrakoa delako erabat eta sistema normalizatu batetik at dagoelako.
Atzo, bakegintza eta normalizazio politikoari buruzko agiria argitaratu zuten Aralarrek, EAk, ezker abertzaleak, Alternatibak eta ABk.
Azken prozesuetan EAJk aktiboki parte hartu du, eta ikusita nola porrot egin duten, horregatik ez gaude gu hor. Logikoa da ezker abertzaleak politikan jokatu nahi izatea. Aurrerapausoak eman dira, baina ETAk bide politikoak zaintzeari utzi behar dio. Horri ez dio uko egin, eta lehen agirian, bitartekari bakarra dela aldarrikatzen du. ETA ez da politikoki inor,eta ezin du iraganeko ohitura txarretan jarraitu. Gu itxaropentsu gaude. Ekintza armatuei eta jarduera guztiek alde bakarreko erabakiari noiz utziko zain gaude. Funtsezkoa den beste gai bat dago, eta inork ez du aipatzen: ETAren xantaia ekonomikoa. Lotsagarria da enpresaburu txikiek gutunak jasotzen jarraitzea. Ez dakit ordaintzen diren edo ez, baina gutuna jasotzen duena urduritasun egoera batean uzten du.
EAJren muga non dago?
Mediatikoki zarata handia dago. Ulertzen dugu ezker abertzaleak urgentzia duela politikan jarduteko. Uneotan dena ETAren erabakiaren menpe dago. Erabaki hori proposatzen bada, EAJk eskua luzatuta izango du. Nafarroatik eta ikuspuntu abertzale batetik, uste dugu ETAk kalte handia egin duela eta Nafarroaren euskal izaera sistematikokiukatzen digun UPNri mesede handia egin diola, abertzaletasuna ETArekin lotu duelako. Ikaragarria izan da.
Zergatik egin duzue Aralarrekin NaBairen inguruko akordioa?
Ezker abertzalearen urduritasuna dela-eta, NaBairen munduan zenbait esku-hartze nabaritu ditugu. Koalizioaren barne egoeraren barruan, nahasmen gehiago eragiten dute. Esku-hartze horiek ez dira xaloak. Egungo egoera politikoa ziurgabetasun handiz beteta dago, eta hori badakite. Lasaitasuna behar da, eta gauzak bere neurrian aztertu behar dira.
«Ez daude, eta ez zaie espero», adierazi zenuen akordioaren aurkezpenean ezker abertzaleari buruz. Etorkizunean ezker abertzalea Nafarroa Bairen barruan egoteko aukerari ateak itxi nahi izan dizkiozue?
Ez, ez. Akordio horrekin sendotasuna eman nahi izan dugu, gure etorkizunari buruz zalantza handiak zeudelako. EAk zilegizko erabaki estrategikoa hartu du ezker abertzalearekin batera polo subiranistan joateko, baina guk uste genuen horrek ez diola sendotasuna ematen NaBairi, guztiz kontrakoa baizik. Nahiz eta EAk eta Aralarrek lortutakoarekin desadostasunak izan, uste genuen garrantzitsuagoa zela NaBai sendotzea. Proiektu honen sortzaile izan gara, eta uste dugu Nafarroan abertzaleek izan dugun tresnapolitiko onena dela.
EAk Aralarrekin egin zuen akordioa apirilaren 30ean, eta orain aldaketarako dekalogoa itundu du ezker abertzalearekin. Zer deritzozu?
Errespetatzen dut haren erabakia. Dena den istorio hori eurek argitu beharko dute. Ezker abertzalearekin konpromiso bat hartu dute, hauteskundeetatik harago, epe luzeagora begira. Errespetu osoz, hori ez da gure bidea.
Uste duzue, EAJ alboratzeko ahalegin bat dagoela atzean?
Ez. Herrialde honetan normalizazio politikoa izango balitz, badago eremu bat ezker abertzalea dena, eta beste eremu bat zentro eskuina. Naturala da, baina oraindik ez dago baldintzarik.
NaBairen barne eztabaida horretan, Aralarrek lidergoa hartu du. Nola ikusi duzu funtzio hori?
Orain arteko funtzionamenduak eztabaidatzera eta akordioak egitera behartzen zuen. Ez ziren akordioak automatikoki hartzen. Tristea litzateke etorkizunera begira bakoitzaren ordezkaritzari soilik begiratuta, ezer eztabaidatu gabe hartzen badira erabakiak edo zenbait erabaki inposatu egiten badira. Ulertzen dut gehiengoa duenarentzat gehiengoa galtzen duela, baina lidergoa ez dizu gehiengoak ematen.
Zer autokritika egiten duzu?
Ez da erraza printzipio eta kultura politiko hain desberdinak dituzten lau alderdi elkartzea.Hasieratik genekien konfiantzak lortzeko bide luzea egin beharra zegoela, baina azkenean pertsonak gaude tartean. Egon dira egoera kritikoak, baina batez ere heldutasun falta egon da ikuspuntu politiko batzuetan, eta irudi histrioikoegia islatu du. Lidergoa, berriz, ez du ezerk ematen, irabazi egin beharra dago.
NaBaik ezkerreko koalizio aurrerakoitzat jotzen du bere burua. Printzipio ideologikoetan EAJ deseroso sentitu al da?
Aurrerakoi izatearen kalifikatiboa guk geuk jarri dugu. Aurrerakoitzat dugu gure burua. Aurrerakoia ez da muturreko neurriak proposatzen dituena, egingarriak diren proposamenak luzatzen dituenak baizik.
Batzarre falta da. Beste proposamen bat luzatu berri du, paritatea aldarrikatuz. Aralarren eta EAren zein Aralarren eta EAJren arteko akordioak bateragarriak dira Batzarreren ikuspuntuarekin?
Proposamena 2007ko bera da. Jarrera immobilista dute. Negoziatzen ari zarenean, ikusten baduzu diferentziak gaindiezinak direla, edo hausten duzu edo jarraitu egiten duzu. Baina, jarraitzeko, alde batek zein besteak ikuspuntuak aldatu behar dituzte.
Alderdi denak independenteen rola goraipatzen duzue. Hala ere, prest al zaude erabakiguneetan ahotsa eta botoa emateko?
Bai. Tokiz kanpo legoke, adibidez, Kongresuko diputatu batek alderdian entzule gisa soilik egotea.
Urriaren 1ean, batzarra egingo dute. Zer eskatzen diezue?
Batzar horretan ahalik eta akordio anitzena lortzera animatzen ditugu. Baina helburu zehatzekin. Lausotasunak eta zehaztasunik ezak alde batera utzita. Sektore horrek behar du egituratzea eta pentsamolde horri bide bat ematea. Arazoa da zaila dela, eta eurek soilik egin dezakete hori.
Uste duzu barne prozesu horrek Nafarroa Bairi kalte egin diola?
Udan, herri askotan izan naiz eta jende asko datorkizu esanez «zoazte pikutara», baina jarraian gaineratzen dute: «Baina jarriko zarete ados, ezta?». Hori da azken esaldia.
Zer helburu zehatz izango ditu NaBaik hauteskundeetan?
Nire ustez, Nafarroa aldatu eta gizartera egokitu. XXI. mendeko gobernu bat beharrean, XIX. mendeko gobernu bat dugu. Gizartea askoz ere pluralagoa da. UPNk Nafarroa forala eta espainiarra dela dio. Eurekin, ordea, foraletik gero eta gutxiago du, etaespainiarretik gero eta gehiago.
Aukera errealak baditu lehen indarra izateko?
Gauzak ondo egiten baditugu, bai. Alderdikerietatik eta sektarismotik at, gizarteak eskatzen digun helburu horiek lortzeko gai bagara, bai.
Duela lau urteko egoerarekin alderatuta, eskuina zatituta dago.
Abertzaletasuna zatituta zegoen eta ez zuen inongo arriskurik eurentzat. Ahaztu egiten gara, UPN hasieran bederatzi alderdik osatu zutela. Sektore asko ordezkatzen zituen: liberala, sektore atzerakoienak... Gero PP etorri zen, eta eskuin muturretik zentrorainoko esparrua UPNren inguruan batu da. XIX. mendetik etengabe boterean egon den sektorea da hori.Botere eredua ere jauntxoena da.
Legealdi honetan, UPNren politika babestu du PSNk. Hurrengo legealdian eurekin akordio bat lortzeko aukera erabat baztertuta dago?
PSNren arazoa da galdu egin duela bere osagai ideologikoa, eta Nafarroako botere klubean sartu nahi du. Higiezin arloko espekulazioetan daudenak, enplegu planetan dauden horiek... Esperientzia nahikoa dute ikusteko horrek nora eraman zituen: Urralbururen ustelkeriara.
Jose Angel Agirrebengoa. EAJren Napar Buru Batzarreko presidentea
«NaBai abertzaleok dugun tresna politiko onena da»
ETA izan da «Nafarroaren izaera euskalduna ukatzen duen UPNri» mesede handien egin diona, Agirrebengoaren ustez. NaBairen aldeko apustu irmoa egiten du EAJk, eta, horregatik, «koalizioa sendotzeko asmoz» egin dute ituna Aralarrekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu