NaBaik dagoen moduan segitzearen alde dago independente talde bat

Urriaren 1ean Artikan egingo den batzarrari begira, adostasunezko giroa berreskuratzeko eskatu diete alderdiei

joxerra senar
Iruñea
2010eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Nafarroa Baiko independenteek ere iritzia plazaratu nahi izan dute barne egoeraren inguruan. Datorren urriaren 1ean Artikan egingo duten batzarrean koalizioaren oraina eta etorkizun hurbila aztertuko dituzte. Hitzordu hori dela eta, independente talde batek agiri bat karrikaratu du Interneten, eta haren oihartzuna Diario de noticias-era heldu da. Alde batetik, egungo NaBairen osaera defenditzeaz gain, ohartarazi dute ez dutela onartuko «koaliziokideren bat, afiliatua izan edo ez, ekintzaz edo zabarkeriaz NaBaitik uxatu nahi izatea». Bestetik, «elkarrizketa eta adostasunezko giroa berreskuratzeko» eskatu diete alderdiei.

Ez da lehen aldia independenteek jendaurrean ikuspuntu kritikoa agertzen dutena. Martxoan,Nafarroa Bai aurrera agiria kaleratu zuten, eta ehundik gora atxikimendu lortu zituzten. Uztailean, berriz, independente talde bat eratu zen, Uxue Barkos, Jose Luis Mendoza, Javier Orzaiz, Patxi Leuza, Juan Carlos Goienetxe, Xabier Kamino, Jose Miguel Ganboa eta Mikel Picallok osatua.

Talde horrek idatzi du agiria. Bertan, Artikan egingo den batzarrean parte hartzera deitu dute. NaBai proiektu estrategikotzat jotzeaz gain, independenteek talde gisa koalizioaren kudeaketa organoetan parte hartu ahal izatea aldarrikatzen dute, baita NaBairen etorkizuna zehazten ari den eztabaidan parte hartu ahal izatea ere. «Gure iritziz, elkarrizketa horiek aldeaniztunak beharko lirateke izan». Barne zein kanpoko iskanbilak egon arren, aldaketa politikoa gauzatzeko arrazoiak badirela uste dute: «Ederki dakite hori gure arerioek».

Aralarrek ondo ikusi du

Txentxo Jimenez Aralarreko Nafarroako koordinatzaileak baikortzat jo du ekimena. Dena den,Nafarroak egun duen egoera oso kontuan hartzeko eskatu die. «NaBaik egokitu egin behar du, eta orekari eutsi errealitatearekin bat etortzeko eta koalizioa mantentzeko». Haren ustez, 2007ra jotzea iraganera begiratzea da. «2007a iragan zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.