NAFARROA. EUSKARA ETA AURREKONTUAK. Ikastola nafarrei bi milioi euro ematea onartu du Madrilek

Jaurlaritzak lagunduko ez dituen ikastolen egoera konpontzen lagun dezake diruak behin-behinean

Naiara Elola.
Iruñea
2009ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuak NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteari 2 milioi euroko diru laguntza ematea onartu du. Pello Mariñelarena NIEko zuzendariak aitortu duenez, «diru laguntza horren bitartez ikastola batzuen egoera konpon daiteke». Hala ere, 2011. urtean zentzu horretan zer gertatuko den ez dakiela aitortu du. Izan ere, Nafarroako hainbat eta hainbat ikastola egoera ekonomiko larrian daude; Irunberrikoa, Tuterakoa, Lodosakoa eta Vianakoa, hain zuzen.

Duela gutxi, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazi zuen Nafarroako eta Iparraldeko ikastolek jasotzen zuten 1,9 milioi euroko laguntza bertan behera geldituko zela. Izan ere, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak adierazi zuen laguntza horiek Nafarroako hezkuntza sisteman esku sartzea zirela. Hala, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiaren gobernuak lotuta utzi zituen 2009ko diru laguntzak ez dituzte oraindik gauzatu, eta partida hori ezabatu egin dute 2010. urteko aurrekontu orokorretatik.

Irunberri, Tutera, Lodosa eta Vianako ikastolak eremu erdaldunean daude. Horiek bakarrik eskaintzen dute eremu horretan D ereduan ikasteko aukera. Denera 524 ikaslek ikasten dute bertan. Ikastola horien egoera legeztatzeko, 2007an Sanzen gobernuak ikastolei urtero 1,7 milioi euro bideratzeko kon- promisoa hartu zuen. Hala ere, ordutik laguntza hori txikitzen joan da, eta heldu den urteko abuztuaren 31n guztiz desagertuko da. Beraz, Espainiako Parlamentuak adostutako 2 milioi euroek egoera bideratzen lagun dezakete.

Egoera larria

Egun, ikastolek 1,3 milioi euroko zorra daukate. Hala ere, NIEk aholku enpresa bati eskatutako ikerketa baten arabera, egoera hori beste bost urtean luza daiteke. Beraz, ikastola horiek bost urteren buruan 5 milioi euroko zorra izan dezakete. Hori horrela, NaBaik Nafarroako Parlamentuan 900.000 euro baino gehiago emateko zuzenketa aurkeztu zuen, baina atzera bota zuten.

Maria Luisa Mangado NaBaiko Nafarroako parlamentariak jakinarazi duenez, 1986. urtean onartu zen Euskararen Legeak Gobernua euskara babesteko eta sustatzeko neurri ekonomikoak hartzera behartzen du: «Baina ez du legea betetzen». Gainera, sustatu beharrean oztopoak jarri ere egiten duela deritzo Mangadok. 2002an Eusko Jaurlaritza Nafarroako Gobernuak ikastolen inguruan zuen jarrera ikusita hasi zen diru laguntzak ematen. «Nafarroako ikastolen azpiegitu- rentzat bultzada handia izaten ziren diru laguntza horiek, Nafarroako Gobernuak ez baitzuen inolaz laguntzen». Hala ere, 2008an jaso zuten azkenekoz laguntza hori.

Mariñelarenak argi du egungo egoera larria dela eta datozen hilabeteak latzak izango direla. Dena den, zailtasunak zailtasun, ikastolak «inoiz» ez dituztela itxiko jakinarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.