EUSKARAREN ETORKIZUNA (II)

Nafarroa: ezagutzan ere atzera

Hezkuntza arautuaren bidez irabazi diren hiztunak izan dira urteotan egoera soziolinguistikoaren hauspoetako bat, baina, proiekzioaren arabera, euskararen ezagutzan ere atzera egiten hasiko dira Nafarroan.

UEMAren eguna, iaz, Lesakan. GORKA RUBIO / FOKU
UEMAren eguna, iaz, Lesakan. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2025eko uztailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

Eskolan euskaldundu dira milaka lagun urteotan Hego Euskal Herrian, eta hala ikerketa soziolinguistikoak egitean nola horien berri ematean, joera izan da horri lotutako datuetan izandako goraldia azpimarratzeko. UEMArentzat egin duen Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa azterlanean, Siadecok nabarmendu da hazkunde horrek, «mantsotuta» ere, iraun egingo duela datozen urteotan, emaitzak emango dituela orduan ere, baina Nafarroa salbuespena izango da horretan. Euskaldunen eta ia euskaldunen eboluzioari dagokion grafikoak 2021ean jo zuen goia, ondorioztatu dutenez; euskaldunak %14,9 ziren orduan, eta ia euskaldunak %11,4. Baina, proiekzioaren arabera, 2031n euskaldunak %12,9 izango dira, eta ia euskaldunak, %10,6. 2036an, oraindik ere gutxiago: %11,8 euskaldunak, eta %9,9 ia euskaldunak. Datu horiek, besteak beste, atzeraldiaren erakusgarri dira.

Gainerako herrialdeetan gertatuko den moduan, gazteenen taldean euskaldunen pisua nabarmen apalduko da Nafarroan ere: euskal hiztunak «zahartu» egingo dira. Oso nabarmen. 2021eko datuen arabera, 2 eta 14 urtekoen artean %26,7 dira euskaldunak, baina 2031n %22,2 izango dira, eta  2036. urtean, %17,4.

Lehen hizkuntzari eta etxeko hizkuntzari ere erreparatu diote azterlanean. Arlo horretan ere, atzeraldiaren zantzuak argiak dira Nafarroan. Lehen hizkuntza euskara edota euskara eta gaztelania dituztenen ehunekoak oso apalak dira, %5etik beherakoak, eta beheraka jarraituko dute datozen urteetan. Lehen hizkuntza euskaraz eta gaztelaniaz bestelako bat dutenen artean ikusiko da gorakada argia, kanpotik etorriko diren herritarrek ekarriko dituzten aldaketa demolinguistikoen erakusgarri; 2021ean %8,9 ziren, eta 2036an, berriz, %15,1 izango dira: 110.913 biztanle.

Etxeko erabileran ere, atzera: 2001ean Nafarroako biztanleen %5,6k egiten zuten euskaraz etxean. Ordutik, beheraka ari da ehuneko hori, eta gero eta meharragoa da. 2021. urtean %4,2 ziren, eta, egin duten kalkuluaren arabera, atzeraldia eragozteko urrats eraginkorrik ez bada %3,1 izango dira 2036an: 22.667 biztanle. Etxean euskaraz eta gaztelaniaz jarduten dutenen ehunekoan ere, behera: 2011n %4,5 ziren. 2036an %3,7 izango dira. Lehen hizkuntzaren aldagaian ikusten den moduan,  atzerriko populazioak ageriko aldaketak ekarriko ditu hemen ere. Egun, populazioaren %6,3k erabiltzen du etxean euskara edo gaztelania ez den beste hizkuntza bat. 2036an herritarren %10,8 izango dira.

Azken printzak

Arnasguneen desagertze ia erabatekoa da 2036rako proiekzio horrek ekarri dituen aurreikuspenetako beste bat. Arnasgune osoak egun Gipuzkoan bakarrik geratzen dira, eta horietako bakar bat ere ez da geratuko. Arnasgune erasan deitutakoen artean, egun badira Nafarroako zenbait udalerri, eta 2036an eremu horiek ere ia guztiz desagertuta egongo dira, proiekzioaren arabera. Esan dute geratuko diren apurretako batzuk, bederatzi udalerri, Nafarroan egongo direla. Baina 2036an Hego Euskal Herriko biztanleriaren %0,2 besterik ez da biziko eremu horietan, 7.000 biztanle pasatxo, eta, beraz, Nafarroan geratuko direnak ere mundu horren azken-azken printzaren lagin bat baino ez dira izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.