Txelui Moreno. Nafarroako Sortuko eleduna

«Nafarroa ezin dugu hondoratu, UPNk jada egin duelako»

Nafarroako Gobernua «oso ahul» eta «kiebran» ikusten du Txelui Morenok. Demokraziaren onerako, UPN gobernutik bota eta sistemaren oinarriak errotik aldatzearen alde dago.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2014ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Nafarroako politikan, hareazko erlojua oso motel doa. Urtebete baino gehiago geratzen da foru hauteskundeetarako, baina aspaldian ikusi gabeko baldintzak daudejokaleku politikoa goitik behera aldatzeko. Aldeak alde, oraingo egoera Franco hil ondorengo garaiarekin alderatu du Txelui Moreno Sortuko eledunak (Iruñea, 1958). «Ziklo politiko berri batean atarian gaude, eta, trantsizio horretan, orain arteko instituzio egitura hori guztia behera dator».

Dimisioak gobernuan, UPN gutxiengoan... Nola ikusten duzu gobernua?

Oso ahul. Adierazgarria da egun batean bai eta bestean ere bai Yolanda Barcina Madrilera joatea eta haren diskurtsoa izatea horrek ez duela gehiagorako ematen. Bat gatoz. Hala ere, Barcinak diskurtso hori erabiltzen du Madrili esateko diru gehiago eman behar diotela sistemak funtziona dezan. Guk, berriz, diogu ez duela gehiagorako ematen eta gizarteari begiratu behar zaiola. Gizarte bat eraiki, non oinarria ez den ustelkeria, baizik eta gardentasuna eta gizartearekiko konpromisoa.

Zer nahi zuen Barcinak Madrilgo diskurtso horrekin?

Bi helburu zituen. Batetik, Madrilen babesa lortzea: «Nirekin zaude, edo, bestela, hau badoa. Ez badidazu dirurik ematen, ez baduzu bermatzen nire politika, abertzaleak etorriko dira». Bestetik, alderdiaren barne kohesioa. Iazko UPNren kongresua %51 txiki batekin irabazi zuen, eta sektore handi bat kontra du.

Sektore hori geldirik dago orain.

Diario de Navarra-k ez badu Barcinaren aurka jotzen, inor ez da mugituko. Zain daude egunkariak eraso agindua eman arte. Barcinak UPNko zuzendaritza kontrolatzen du, eta mugimendua kanpotik egingo dute. Kontuan izan Barcinak UPNren kongresuaren aurretik esandakoa: «Edo ni aukeratzen nauzue, edo hauteskundeak datoz». Hauteskundeak aurreratzeko epea laster amaituko da, eta abordatzea has daiteke. Hipotesi bat da.

UPNk probokazioa nahi duela jakinda, nola erantzun estrategiari?

Eredua dago gainbeheran. Ondorioz, gure estrategia da gizarte mugimenduekin batera lan egitea aldaketa horren alde. Eredua bera aldatu nahi dugu, eta giltzarria da alternantzia zerbait positibo ez bihurtzea. Alternantzia da pertsonak aldatzea, baina oinarriak ez. Ziklo politikoan oinarriak aldatu behar dira. Nola erantzun probokazio horri? Gizartearen babesa bilatuz.

Konfrontazioaren bila, Nafarroa hondoratzea edo euskara inposatu nahi izatea leporatu dizuete.

Ezin dugu Nafarroa hondoratu, UPNk jada hondoratu duelako. Nahita ere ezingo genuke, jada kiebran dagoelako. Ez dugu gobernatzeko aukerarik izan, orain dela lau egunera arte debekatuta geunden. UPNk konfrontazio dialektikoa nahi du, eta baita gizarteak lortutako eskubideak urratzea ere. Adibidez, D ereduarekin duen herra izugarria da.

UPNk PSNri eskatu dio estatuaren ikuspuntua nagusitu dadila eta hitzarmena egin dezatela. Halako mugimendurik ezin da baztertu?

PSNren babesari esker jarraitzen du Barcinak gobernuan. Ondorioz, PSNk ez du Barcinaren aurkako bere politika aldatu, dialektikoki ez bada. Igartzen du gizarteak ez duela bermatzen bere posizio politikoa. Ikusten badituzu parlamentuko akordioak, funtsezkoetan ados daude.

PSNk argi dio EH Bildurekin ez dutela alternatibarik eraiki nahi, eta Geroa Bai eta Ezkerrarekin egin nahi dutela. Jarrera horren aurrean nola ikusten dituzue Geroa Bai eta Ezkerra?

Bazterketa eskuinaren estrategiaren barruan dago. Eskuinak badaki gu ez bagaude beti irabaziko duela. Zer aldaketa etorriko da, baldin eta Barcinaren ordez Jimenez jartzen bada baina gauza berberak egiten baditu? Bazterketarik onartuko ez duen eremu indartsu batek ekarriko du aldaketa. Ikusten dugunean D ereduaren aurkako mozioaren jarrera , zalantza sortzen zaigu.

Kezkatu zaituzte D ereduko eskoletan ikasleak ez bereiztearen alde egin izanak Ezkerrak eta Geroa Baik?

Erakusten du sukalde lan gehiago egin behar dela. Harremanak iraunkorragoak izan behar dute, eta gutako bakoitzak ados jarri behar du zeintzuk diren bakoitzaren marra gorriak.

Oreka zaila antzematen da. EH Bildu, Geroa Bai eta Ezkerra elkarren arerio zarete, baina elkarren beharra ere baduzue. Nola kudeatu egoera hori?

Ulertzen dugu Geroa Baik bere joko eremua izatea zentro-eskuinean eta han konplexurik gabe lan egin behar izatea. Gainerakoan, desadostasun handiak ditugu. Guk ezkerreko eremu osoarekin bat egin nahi dugu. Orain arte eskuinetik lan egiteko izan dituen konplexuak gainetik kendu beharko lituzke EAJk. Ez dezagun ahaztu Geroa Bai EAJ dela.

Alternatiba hori norekin eta nola egingo da?

Gure pertzepzioa da PSN ezinbestekoa dela aldaketarako, parlamentuaren osaera ikusita. Ez da baztertu behar hurrengo foru hauteskundeetan PSNren parte hartzerik gabeko beste gehiengo batzuk osatzea. Aldaketa gerta dadin, dena den, giltzarria da bazterketarik ez izatea. Guk esan ohi dugu aldaketarako akordioak zabala, eraikitzailea, irmoa eta iraunkorra izan behar duela. PSNko zuzendaritzak bere etxeko lana egin beharko du.

Laster beteko da epea, zentsura mozioa aurkeztu edo hauteskundeak aurreratzeko azken eguna. Aldaketak izan daitezke UPNren eta PSNren barruan?

Nire ustez, bai. Barcinak higadura handia izan du, eta oso gaizki egiten ari da. Gobernuak ez du ezer egiten, eta akordioak lortzeko gaitasunik ez du. PPren babesa baino ez du, eta hori ere oso interesatua da. PPk Nafarroan inoiz ez du indarrik izan, eta Barcinari esker indarra hartzen ari da, UPNren proiektuaren beraren aurka, paradoxikoki. Nire ustez, aldaketa bat egongo da UPNn, baina soilik pertsonen izenena. PSNn,berriz, ikusiko dugu. UPNrekin gobernua osatu izanak eta aldaketarik ez ahalbidetzeak, barne ezadostasunak eragin dizkio.

Nola baloratzen du Sortuk EH Bildu koalizioaren jarduna Nafarroan?

EArekin egindako akordioa nabarmendu nahi dugu. Bildu oso egoera zailean mamitu zen, eta haize kontra aurrera egiten jakin genuen. Elkarlana erraza izan da. Bi mundutatik gentozen, eta espero baino zailtasun gutxiago izan ditugu. Pertsonek ere eragin dute, eta ez da batzuen eta besteen arteko protagonismorik izan. Aralarren kasuan, Nafarroan beste erritmo batzuk izan ditu. Horrek eragotzi du EH Bildu irudikatzea, baina, denborarekin eta pazientziarekin, etorriko da. Europako Parlamentuan ikusiko da hirurak batera lanean ari garela.

Europako hauteskundeak esperimentu egokia izango dira?

Balio behar dute erakusteko Euskal Herrian eta Katalunian milaka herritar estatuak ezarri nahi duen inboluzioaren kontra daudela. Nafarroara etorriz, aldaketaren aurrekaria izango dira eta balioko dute erakusteko nahiko indar ba al dugun. Erakutsi behar digu posible dela aldaketa.

Posible da PSNrik gabeko gehiengo bat osatzea?

Uste dugu baietz, baina ez duguPSN baztertuko betiere edukiak hitzartzen badira. Gaur-gaurkoz posible da aldaketa, baldin eta EH Bildu sendoa bada. Zenbat eta gehiago sendotu EH Bildu, aldaketa egitea errazagoa izango da.Menpekotasuna zenbat eta txikiagoa izan UPNrekin ituna egiteko zalantza duten alderdiekin, hainbat hobe. 180 graduko bira egin ezean Madrildik esaten diotenaren menpe egongo da PSN. PSOErentzat Nafarroak ez du garrantzirik. Beste erkidegoen interesak Nafarroaren aurretik daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.