Euskara

Nafarroa osorako euskararen ofizialtasuna eskatuko du bihar NaBaik

Proposamen horrek aurrera ez badu irteten, eremu mixtoa 28 herrira zabaltzeko galdegingo du koalizioak. Parlamentuan aztertuko dute Hizkuntz Legea, NEBren ekimenez.

2008ko apirilaren 23a
17:43
Entzun
Nafarroan hizkuntz legedian dagoen zonifikazioa bukatzeko -hiru eremu daude- eta lurralde osorako euskarari ofizialtasuna emateko eskatuko du bihar NaBai koalizioak bertako Parlamentuan. Hori izango da haren lehen eskaera. Bigarrena: aurrenak ez badu aurrera irteten, eremu mixtoa zabaltzea.

"Irakaskuntzarako edota administrazioarekin harremana izateko, herritarrek euskararen eta gazteleraren artean hautatzeko handiagoa izango dute euskara Nafarroa osoan ofiziala bada", dio Nafarroa Baik. "Nafar denok berdindu egingo gintuzke".

Nafarroako Ezker Batuak (NEB) egin du gaurko Hizkuntz Legea aldatzeko eskaera, eta beste lau herri eremu mixtoan sartzeko eskatuko du. NaBairi "motzegia" iruditzen zaio proposamen hori, eta "aldaketa sakona" behar dela uste du. Horregatik sartu ditu bi eskaerak.

Dena dela, aitortu du lehen eskaerak aukera "murritzak" dituela Parlamentuan onartua izateko. Bigarrena prestatu du, badaezpada. Hala, Oibar, Aranguren, Asterain, Beriain, Bidaurreta, Biurrun-Olkotz, Kaseda, Zirauki, Elo, Eneritz, Galar, Ibargoiti, Legarda, Lorka, Irunberri, MaƱeru, Muruzabal, Noain Elortzibar, Obanos, Erriberri, Puiu, Zangoza, Tafalla, Tiebas-Muru Artederreta, Tirapu, Ukar, Uterga eta Villatuerta herriak eremu mixtoan sartzeko proposamena egingo du, "datu soziolinguistikoengatik eta eskaera sozialagatik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.