Nafarroak ia 700 ikur frankista kendu ditu 2016tik, Memoriaren Nafarroako Institutuaren programari jarraikiz

2019tik 2023ra, 122 udalerritako udal aktak berrikusi zituen Memoria Departamenduak, eta, horri esker, udalek ohorezko aipamenak baliogabetu ahal izan zituzten. Lau urtean 435 ikur frankista ezabatzea lortu zuten.

36ko gerran fusilatu eta identifikatu gabekoen zenbait gorpuzki, Iruñeko hilerrian ehortzi zituztenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
36ko gerran fusilatu eta identifikatu gabekoen zenbait gorpuzki, Iruñeko hilerrian ehortzi zituztenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
xabier martin
2026ko otsailaren 16a
15:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Gobernuak frankismoaren ia 700 sinbolo kendu ditu 2016. urtetik gaur egunera. «Etengabeko informazio trukaketa dago gobernuaren eta tokiko elkarteen artean, oraindik kentzeko dagoen sinbologia faxista eraitsi ahal izateko eta Nafarroako eremu publikoa demokratizatzeko». Horrela azaldu dute gaur Memoria, Bizikidetza eta Euskara Departamentuko arduradunek.

Memoria Historikoaren Koordinazio Teknikorako Batzordea egin dute goizean, Nafarroako Jauregian, eta balantzea eta aurreikuspenak aurkeztu dituzte arduradunek. Besteak beste, bi memoria toki izendatzeko proposamena azpimarratu dute: 36ko gerran eta frankismoan identifikatu gabeko fusilatuen gorpuzkien panteoia —Iruñeko San Jose udal hilerrikoa— eta Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartearen (Affna-Nafse 36) Behaztopak egitasmoaren barneko monolito bat.

Prozesu luzea eta konplexua

Sinbologia frankista eremu publikoetatik kentzeko jardueran «aitzindari» izan da Nafarroa, gobernuak esan duenez. 2016ko azaroan hasi zen prozesu hori, gobernuak behin-behineko errolda bat onartu zuenean. Orduan, 141 udalerrik egindako ekarpenei esker, 224 elementu antzeman zituzten. Askotariko sinboloak biltzen ditu erroldak: legendak, aipamenak, goraipamenak, izendapenak, ohorezko tituluak eta erregimen frankistarekin lotutako pertsonak goraipatzeko gainerako moduak. Duela hamar urte esan zuten «errolda irekia eta behin-behinekoa» zela, oraindik ezagutzen ez ziren beste ikur batzuk aurkituz gero alda zitekeelako, txosten berriak egin ondoren. 2019rako, 300 sinbolo kendu zituzten.

Memoriaren Nafarroako Institutuaren ikerketa lanek aurrera jarraitu zuten ondorengo urteetan, frankismoarekin lotuta zeuden eta adopziozko seme-alabatzat edo seme-alaba kuttuntzat hartuak ziren pertsonak hautemateko herriguneetan. 122 udalerritako udal aktak berrikusi zituzten, eta, horri esker, udalek ohorezko aipamen horiek baliogabetu ahal izan zituzten. 2023rako 435 ikur frankista ezabatzea lortu zuten.

Beste bultzada bat legealdi honetan

Foru Gobernuko Memoria Departamentuak sinbologia frankista ezabatzeko lanak bultzatu ditu azken legegintzaldi honetan ere. Jakinarazpenak bidali zaizkie hainbat udali, 2024ko otsailean eta 2025eko urtarrilean, herri horietan hautemandako sinbologia frankista ken dezatela eskatzeko.

Memoriaren Nafarroako Institutuan eginiko lanak berak ere indartu du ekintza hori, Memoria Departamentuaren arabera, eta sinbologia frankistaren erreferentziak eman ditu herriz herri, prozesu mailakatu batean. «Bertan funtsezkoak dira bai ikerketa lanak, bai eta erakundeen, elkarte memorialisten eta herritarren beraien lankidetza, inm@navarra.es helbide elektronikoaren bidez sinbologia frankistari buruzko informazioa helaraz baitezakete».

Tokiko elkarteekin koordinatutako lanak aurrera jarraituko duela esan du departamentuak, «Nafarroa sinbologia frankistarik gabeko lurraldea izan dadin»

Hori horrela, Nafarroan ia 700 elementu frankista erretiratu dituzte, eta horien berri eman dute sinbologia frankistaren mapan, Memoriaren Nafarroako Institutuak Oroibidea artxibo digitalean aurkezten duen Denboraren sinboloak erakusketa birtualaren barruan. Tokiko elkarteekin koordinatutako lanak aurrera jarraituko duela esan du departamentuak, «Nafarroa sinbologia frankistarik gabeko lurraldea izan dadin». Elkarte horiek Nafarroako Gobernuaren diru laguntzen deialdian parte har dezakete.

Ana Ollo lehendakariorde eta kontseilariak azaldu duenez, gizarterentzat eta erakundeentzat «betebehar legal eta etikoa da Francoren diktaduraren adierazpen oro eremu publikotik desagerraraztea, batez ere negazionismoa indartzen den garaietan». Agian ikur gehiago kenduko dituztela jakinarazi du; izan ere, Memoria Departamentuak areagotu egin ditu tokiko erakundeekiko harremanak, «errolda horretan definitutako sinbologia eremu publikotik edo higiezinetatik kentzeko». Sinbolo horietako gehienak Etxebizitza Ministerio frankistaren plakak dira.

Memoria tokiak

Desobiratze planari buruzko informazioa ere eman dute. Prospekzioei esker, azken urtean hiru pertsonaren gorpuzkiak identifikatu dituzte, Muniainen, Gesalatzen eta Berriozarren, eta DNA Banku Publikoak Naserticekin egindako lana ere nabarmendu dute, orain arte 47 pertsona identifikatu ahal izan baitituzte. 422 espediente daude irekita.

Halaber, batzordeak onartutako azken memoria tokien seinaleztapena azaldu dute: Baternain, Ibiriku Deierri, Artesiaga eta Andosilla. Bi proposamen tramitatzen saiatu da beste bi eremu izendatzeko: 36ko gerran fusilatutako eta identifikatu gabekoen gorpuzkien panteoia —Iruñeko San Jose udal hilerrikoa— eta Affna-Nafse 36 elkarte memorialista foru geografiako hainbat tokitan garatzen ari den Behaztopak ekinaldiaren barruko monolito bat. Hala, memoria leku izendatuak 30 izango lirateke, eta horri Ezkabako gotorlekua gehituko litzaioke. Espainiako Gobernuaren aginduz ari dira memoria toki izendatzeko prozesua tramitatzen, eta laster argitaratzekoa da agindu hori Espainiako Aldizkari Ofizialean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.