Industria ingeniaria da Jesus Arbizu (Iruñea, 66 urte). Herritar gisa hartu zuen parte 2010eko plana osatzeko prozesuan, eta oraingoan ere ariko da.
Plan berria eginen du gobernuak; zer deritzozu?
Bertze erremediorik ez zuen. 2010eko plana moldatzen hasi ziren, baina bazekiten hori ezin zutela egin, legez kanpokoa zela. Nik uste dut haien asmoa zela nolabaiteko plan bat onartzea hauteskundeen aurretik. Zirriborroarekin denbora irabazi bertzerik ez zuten nahi.
Plan berria egiteko prozesua hasia dute dagoeneko.
Bai, baina ez dut uste hauteskundeak amaitu aurretik denbora izanen dutenik. Herritarren parte hartzea prozesu konplikatua da. Martxoaren 6ra bitarteko epea da ideiak eta proposamenak aurkeztekoa. Gero, gobernuak eginen du bere planaren zirriborroa, eta berriz ere herritarrek izan beharko dute aukera testu horri ekarpenak egiteko, onartu aurretik.
Zergatik hartu duzu parte zuk?
Funtsezkoa iruditzen zaidalako, zaborren kudeaketak lotuta dituelako hamaika kontu: ingurumenean eragin dezakeen kaltea, kontsumo ereduak, eta abar. Egun, adibidez, zerbait erosten dugunean, salgai horren kilo bakoitzeko 50-100 kilo lehengai ari gara erabiltzen. Ikaragarria da hori. Eta ez dugu ahaztu behar hondakinen kudeaketaren atzean ere badagoela FCCren gisako enpresa handien eta multinazionalen negozioa. Ezin dugu bide horretatik jarraitu.
2010eko planaren harira, 30 agiri inguru jaso zituen gobernuak herri mugimenduetatik.
Hala da. Gobernuak ere bere txosten propioa egin zuen. Txosten oso teknikoa. Ematen du gobernuarentzat teknikoa dela hondakinen kudeaketarekin zerikusirik duten arazoen konponbidea. Eta ez da egia. Auziaren ikuspuntu soziala jarri behar dugu mahai gainean. Kontu soziala baita hau.
Mankomunitateek kudeatzen dituzte hondakinak; hainbat eredu daude. Zer deritzozu?
Azken urteotan, Nafarroan zentralizazioa gertatu da auzi honetan. Eta nik uste dut alderantzizkoa egin beharko genukeela. Legeak hori dio: berez, hondakinen ardura udalena dela. Kudeaketan, udalak elkartzen ahal dira hainbat gauza egiteko, baina ez, ordea, hondakinak jasotzeko eta tratatzeko prozesuan. Gobernuak kontrolatu nahi izan du, multinazionalen esku utzi ahal izateko. Duela bospasei urte, partzuergoa sortu zuten hondakinak jasotzeko, gobernuaren babesarekin. Hor dago negozioa. Tuteran eta Iruñean, adibidez, FCC etxearen esku dago kudeaketa.
Nafarroak 2025a bitarteko plana egin behar du orain. Zer bide hartu beharko luke?
Europak agintzen diona egin bertze erremediorik ez du. Europa prestatzen ari den zuzentarau berria gogorragoa izanen da, gainera. Europak ia debekatu nahi du zaborra erretzea. 2030erako, adibidez, egungo zaborraren %5 baino ezin izanen dugu bota, Europa prestatzen ari den proposamenaren arabera.
2010eko planarekin alderatuta, beraz, erabat aldatu beharko du norabidea Nafarroak?
Bai, eta hori lortzeko ez da nahikoa bosgarren edukiontzia aukeran izatea. Atez ateko sistema nahitaez ezarri beharko dute. Herritarrei informazioa eman behar zaie, baina atez atekoa ez da hautazkoa, nire ustez. Deszentralizazioa bultzatzen ari da Europa, eta Austriako eredua bultzatzen: hondakina sortzen duenak har dezala haren ardura.
Jesus Arbizu. Industria ingeniaria
«Nafarroak nahitaez ezarri beharko du atez ateko sistema»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu