Nafarroak PAI eredurako sortu zituen irakasle postuak legezkoak direla ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak

Nafarroako Gobernuak adierazi du herrialdearen eskumenak aitortu dituela auzitegiak. Steilasek eta ELAk euskararen eta hezkuntza publikoaren kontrako erabakitzat jo dute.

Nafarroako Hezkuntza kontseilari Carlos Gimeno, joan den urtarrilean, agerraldi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Nafarroako Hezkuntza kontseilari Carlos Gimeno, joan den urtarrilean, agerraldi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko uztailaren 17a
18:14
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Gobernuak PAI Ingelesez Ikasteko Programarako sortu zituen 352 irakasle postuak legezkotzat jo ditu Espainiako Auzitegi Gorenak. Hala, berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aurretik eman zuen epaia, lanpostu horiek eratzea babesten zuena. Erabaki horren aurka Steilas sindikatuak aurkeztu zuen helegiteak bultzatuta aztertu du afera Gorenak. Ondorioztatu duenez, Nafarroako Foru Erkidegoa eskuduna da irakasle postu bereiziak sortzeko, atzerriko hizkuntza eskakizun jakin batzuekin, hezkuntza sistema publikoko irakasle taldeetatik kanpo.

PAI eredurako irakasle lanpostuak 2022an sortu zituen Nafarroak, 11/2022 legearen bitartez. Legea PSNren eta Navarra Sumaren aldeko botoekin onartu zuen parlamentuak. Lege horren 1.1 artikuluak dio Nafarroak unibertsitatez kanpoko irakasle postu publikoak sortuko dituela, atzerriko hizkuntza eskakizun jakin batekin, «hezkuntza sistemaren beharren arabera».

Konstituzioa urratzen zuela argudiatuta, helegitea aurkeztu zion Steilas sindikatuak legeari, baina ontzat jo zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Orain, Gorenak berretsi egin du epai hori. Haren esanetan, «ezin daiteke baldintzatu Nafarroako Gobernuak bere irakasle taldeak sortzea, eta aukera horrek ez du gainditzen Nafarroako Foru Erkidegoaren eskumen esparrua, eta ez du talka egiten LOE Hezkuntzaren Lege Organikoaren seigarren, zazpigarren eta hamabigarren xedapen gehigarriekin».

Nafarroako Gobernuak atseginez hartu du Gorenaren erabakia. Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenoren iritziz, «352 profesionali beren funtzionario izaera babestu eta ibilbide profesionala bermatu zaie, eta Nafarroari funtzio publiko eta hezkuntza arloetan duen eskumen esklusiboa aitortu zaio». Gimenok Steilasi leporatu dio Nafarroaren autogobernua murriztu nahi izatea PAI legearen aurkako helegitearen bidez.

Steilasek oso bestelako analisia egin du. Gorenaren erabakia jakin ostean zabaldu duen oharrean, ohartarazi du auzitegiak ezarri duen irizpideak «ondorio oso latzak» ekarriko dituela Nafarroako hezkuntza publikoarentzat eta euskararentzat.

Bi helburu

Steilasen esanetan, PAI ereduak bi helburu zituen hasieran. Batetik, «eliteko ikastetxeetako ingeles ikaskuntza langile klasearen eskura» jartzea, «hezkuntza publikoan gertatzen ari ziren murrizketak disimulatuz». Bestetik, ingelesa hedatzea «amarru ezin hobea zen gaztelaniaz besteko hizkuntzak zituzten lurraldeetan murgiltze ereduak oztopatzeko».

Sindikatuak uste du Gorenak «direnak eta ez direnak» egin dituela PAIren legea estatuko legeriarekin bat etor dadin, eta adierazi du argi gelditu dela PAI ereduaren auzia «estatu afera» dela.

Gorenaren erabakia lotu du auzitegi berak EAEko udaletan euskara lehentasunez erabiltzeko araudiaren aurka hartutako neurriarekin. «Euskara berreskuratzearen aldeko egitura juridikoaren leherketa prozesua etengabea da EAEn. Iparraldean eta Nafarroa Garaian, betiko politika euskarafoboekin jarraitzen dugu».

ELAk ere gaitzetsi egin du Gorenaren erabakia. Salatu du PAI eredurako postuetan atzerriko hizkuntza bati lotutako betekizun gehigarriak ezartzeak «aukerarik gabe» utzi zituela hautagai asko lanpostu horiek eskuratzeko prozesuetan, nahiz eta hezkuntzan «hainbat urtez» lan egin duten eta Nafarroako bi hizkuntza ofizialen profila betetzen duten.

Sindikatuaren esanetan, Estatuko Funtzio Publikoaren Legeak debekatu egiten du administrazioko lanpostu arrunt baterako hizkuntza ez-ofizial bat jakiteko eskatzea, eta PAI legeak printzipio hori urratzen du. Gorenaren ebazpenak hau dio, ordea: «Atzerriko hizkuntza bat dakiten irakasleak behar direnez PAI emateko, lanpostuak sortu dira estatuko kidegoetatik kanpo. Horrek ez du urratzen, beraz, hezkuntza publikoa antolatzeko erabiltzen den kidegoen ordenamendurako estatu araudia».

ELAk Nafarroako Gobernuari eskatu dio hezkuntza arloan dituen eskumenak erabili ditzala «zerbitzu publikoak eta langileen baldintzak hobetzeko», eta ez «euskarazko irakaskuntza murrizteko helburuarekin sortu ziren» ikasketa ereduak ezartzeko.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.