Skolae programa

Nafarroako 700 irakaslek parte hartu dute Skolae hezkidetza programan

Skolae programak berdintasunarekiko konpromisoa adierazteko gai diren ikasleak lortzea du helburu. Hamasei ikastetxetan ezarri dute dagoeneko, eta hiru edo lau urte barru Nafarroako ikastetxe guztietara eramatea aurreikusten dute.

Aitor Lakasta, Maria Solana eta Pilar Mayo. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ane Eslava.
2018ko apirilaren 16a
08:24
Entzun

Maria Solana Nafarroako Hezkuntza kontseilariak, Aitor Lakasta Ebaluazio, Kalitate, Prestakuntza, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak eta Pilar Mayor Berdintasun teknikariak Skolae, berdin bidean izeneko hezkidetza programa pilotuaren lehenengo fasearen balorazioa egin dute. Lortutako emaitzekin pozik daudela adierazi dute.

Solanak azaldu duenez, hezkuntza maila guztietako hamasei ikastetxe publikok hartu dute parte Skolae programan, 2016-2017ko ikasturtean. Zentro horietako 700 irakaslek bost formakuntza modulu jaso dituzte, eta horietako 90ek trebakuntza berezia jaso dute, ikastetxe horietako diagnostikoa eta hobekuntza planak egiteko. Horretarako, bederatzi pertsonak osatutako hezitzaile talde baten laguntza izan dute. Bestalde, Haur Hezkuntzako ikastetxeetako gurasoekin elkarlanean aritu dira, bai eta herrietako begiraleekin ere.

Horrez gain, ikasgeletan erabiltzeko material didaktikoa sortu dute: 208 fitxa. Horietan landuko dituzten edukien berri eman du Mayok: “Autonomia, independentzia eta lanbidearen zentralitatea; desberdintasunarekiko kontzientzia kritikoa eta aldaketarako konpromisoa; lidergoa, ahalduntzea eta gizartearen parte hartzea; indarkeria zehatzak ekiditea eta jai eremuetako erasoak saihestea”.

Skolae programa iaz sortu zuten, 2017-2021 Hezkidetza Planaren barruan. Egitasmoak berdintasunarekiko konpromisoa adierazteko gai diren ikasleak lortzea du helburu, Solanaren hitzetan: “Kultura berdinzale bat sortzeko: zaintzarekiko arduratsua, emakumeen kontrako indarkeriatik libre, eta indarkeriaren, diskriminazioaren eta genero desberdintasunen aurrean modu arduratsuan erantzuteko gai izango dena”. Nafarroako hezkuntzaren giltzarrietako bat izateko sortu dutela gaineratu du.

Aurten hamasei zentrok parte hartu dute programan; hala ere, kopuru hori “modu progresiboan" handitzea aurreikusten dute: heldu den ikasturtean 50-100 ikastetxetan aplikatuko dute, eta hiru edo lau urte barru ikastetxe publiko eta itunpeko ikastetxe guztietan egongo da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.