Foru administrazioko langileentzat kontingentzia plan bat onartu du Nafarroako Gobernuak koronabirusari aurre egiteko. Batetik, COVID-19 gaixotasunaren ondorioz bakartuta dauden langileek ordainsari osoa jasoko dute. Bestetik, zaintza lanak egin behar dituzten langileentzat lanaldia malgutzeko modua jaso du. «Ezinbestezkoa» izanez gero, etxean geratu ahalko da. Guraso biak edo zaintzen arduradunak langile publikoak badira ezingo dituzte neurri horiek hartu.
Arratsaldean plan horren berri emateko eta ikastetxeen itxierari buruzko azalpenak emateko agerraldia egin du Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak. Alboan zituen Javier Remirez eta Jose Mari Aierdi presidenteordeak, Santos Indurain Osasun kontseilaria eta Carlos Gimeno Hezkuntzako kontseilaria. «Jabetzen gara salbuespenezko egoera dela, inoiz ikusi gabekoa. Erabakiak pixkanaka hartuz joango gara», nabarmendu du agerraldian.
Txibitek administrazio publikoan hartuko diren neurriez gain, zehaztu du mila pertsonatik gorako ekitaldiak bertan behera geratuko direla, eta, Madrilen gomendioei jarraituz, milatik beherako areto itxietan herenera mugatuko dela ikus-entzuleen presentzia, metro bateko distantzia bermatzeko. Hain zuzen ere, atzo eman zituen gobernuak ondorengo bi asteetarako ekitaldietarako irizpideak, eta 24 orduren buruan aldatu egin ditu.
Santos Indurain kontseilariaren arabera, neurriok ez diote erantzuten Nafarroako egoerari, baina, Espainiako Gobernuarekin batera hartu direnez, bertako "egoera orokorraren" ondorioa dira. Lurraldeko kutsatzearen iturburuak kontrolpean dituztela adierazi du. Uneotan, azken datuen arabera, 92 kasu positibo daude Nafarroan, eta gehienak etxean daude. Halaber, osasun langileen artean, lau kasu positibo daudela zehaztu du Indurainek.
Txibitek esfortzua egiteko eskatu die herritarrei, eta «erantzukizunez» jokatzeko ere bai: «Konpromisoa eta pazientzia eskatzen diet. Neurri guztiak hartuko ditugu osasuna bermatzeko eta, honek guztiak ekonomian ondoriorik badu, horiei aurre egiteko». Lehendakariaren esanetan, neurri guztiok urruntze soziala areagotzeko egiten dira, modu horretan kutsatzearen erritmoa geldotu dadin. Espero du neurriok eraginkorrak izatea, baina «gogorragoak» hartzeko prest direla aipatu du.
Neurri fiskalei dagokionez, bihar eta astelehenean gizarte eragileekin bilduko dira zer neurri hartu aztertzeko. Gainera, aukera gisa aztertzen ari dira erretiroa hartu duten medikuak, eurek hala nahi izanez gero, berriro kontratatzea «salbuespenezko egoerari aurre egiteko».
Kontingentzia plana
Administrazio publikoko langileentzat hainbat neurri jaso dituzte. Jendaurreko zerbitzuetan arreta telefonikoa eta telematikoa lehenetsiko da. Arreta aurrez aurre egin behar den kasuetan, zerbitzua bermatzeko txandak ezarriko dira, baina gobernuak gomendatu die herritarrei soilik erabat beharrezko denean izatea arreta pertsonala.
Gainera, administrazioan lantaldeen bilerak ez dira egingo, eta bideokonferentzia erabiltzea lehenetsiko da. Prestakuntza ikastaroak atzeratu egingo dira, ezinbestekoak direnak salbu. Oposizioen kasuan, lan deialdi publikoak egiteko azterketak atzeratu egingo dira, «batik bat masiboak». COVID-19ari eusteko hartutako neurriei ez die eragingo.
Administrazio publikoak telelana ere bultzatuko du. «Behar bezala justifikatutako kasuetan, lan modalitate ez presentzialak baimenduko dira». Gainera, departamentu guztietan estrategikotzat jotzen diren langileak eta bakoitzarentzako bi ordezko identifikatzen ari dira, ahal dela telelana ezartzeko eta ondoren horrela eskatzen duten gainerako postuetara eramateko.
112a indartuko dute
112 larrialdi zerbitzuetarako telefono zerbitzua sendotuko da, langile gehiago kontratatuz. Atzo, zerbitzu horretan 3.115 dei jaso zituzten; otsailaren 24an, berriz —Nafarroan koronabirusaren lehen kasu positiboa detektatutako asteko lehen egunean—, 2.109 dei erregistratu zituzten. Martxoaren 1ean lehen kasu positiboa detektatu zenetik, egunero deiak gehituz joan dira.