Geroa Baik «oso positibotzat» jo du 2015eko udal eta foru hauteskundeek irekitako ziklo politikoa. Koalizioak ohar batean azaldu duenez, Geroa Bai «ezinbesteko eragile politikoa» da «foru komunitatearen norabide politikoa zuzentzeko gehiengo aurrerakoi eta plural bat» eratzeko eta finkatzeko bidean. «Geroa Bai gabe ez litzateke aldaketarik egongo Nafarroan, ezta gehiengo aurrerakoirik ere».
Oharrean irakur daitekeenez, Uxue Barkosen gobernuak hasiera eman zion «aro berri bati», eta «egiturazko aldaketa baten oinarriak» jarri zituen politika publikoetan, kultura instituzionalean eta gobernatzeko moduan: «Aldaketa sakona, eraldatzailea eta iraunkorra izan zen, hamar urteren buruan frogatu den moduan».
Koalizioko kideek uste dute Geroa Bai indar politiko «koherentea eta arduratsua» izan dela 2015etik gaurdaino, eta Nafarroarekin konprometitua» dagoela. Hain zuzen, bereziki nabarmendu dute «eskubide sozialen, garapen ekonomiko jasangarriaren, aniztasunaren, autogobernuaren eta bizikidetzaren alde» eginiko lana. Koalizioak aitortu du, hala ere, azken hamar urteak ez direla errazak izan, baina denborak «arrazoia» eman diola: «Garai hartan koalizioak jarritako aldaketaren oinarri horiek, zailtasunekin jarriak izanik ere, baliagarriak izan dira, eta, horrez gain, Nafarroako gehiengo sozial eta politikoak bere egin ditu gaur egun».
Horiek hala, Geroa Baik adierazi du prest dagoela segida emateko gaur egun Nafarroako Gobernuari eusten dion gehiengo politikoari: «2015ean hasitako aldaketa politikoa ez da helmuga, baizik eta gaur oraindik abian den eraldaketa baten abiapuntua».