Nafarroako Gobernuak 4.301 milioi euroko aurrekontua prestatu du 2009rako -iaz baino %0,34 handiagoa-, eta gaur aurkeztu du aurreproiektua. "Herritarrekin eta ekonomia suspertzeko konprometituak dira", esan du Alvaro Miranda Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, Iruñean.
Aurrekontuen %55,3 gizarte politiketara bideratuko dutela nabarmendu du. "Nahiz eta muga ekonomikoak ditugun gaur egun [krisia dela-eta], hasierako argazkia ona da", adierazi du Mirandak. Inbertsioetan %16ko igoera proposatu dute -denera 329,9 milioi euroko diru poltsa-. Ohiko gastuetan %6ko jaitsiera izatea proposatu du Gobernuak.
UPNk (22 diputatu) eta CDNk (bi) osatzen dute Gobernua, baina ez dute Parlamentuan gehiengo osorik. Bi diputatu falta zaizkie, eta beste alderdi baten babesa beharko dute. Baliteke PSNrena (hamabi) jasotzea, iaz bezala. Herenegun hasi ziren negoziatzen. Oso litekeena da Nafarroa Bai (hamabi) eta IU (bi) kontra agertzea -Espainiako Justiziak hauteskundeetan baliogabetu egin zuen EAE-ANV-.
Hilaren 31rako aurreproiektua onartzea espero du Gobenruak, gero Parlamentura eramateko.
Politika
Nafarroako aurrekontuak, "herritarrekin eta ekonomia suspertzeko konprometituak"
2009ko kontuen aurreproiektua aurkeztu du gaur exekutiboak. UPN eta CDN hasi dira PSNrekin negoziatzen. Ekonomia eta Ogasun kontseilariak nabarmendu du %55,3 gizarte politiketara bideratuko dutela. Inbertsioetan %16ko igoera proposatu du Gobernuak. %0,34 haziko lirateke aurrekontuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu