Atzera bota dituzte eskuineko alderdiek Nafarroako aurrekontuen aurka jarritako osoko zuzenketak

Aurrekontuen lege proiektuak aurrera egin du, UPNren, PPren eta Voxen zuzenketak atzera botata. Esparzaren ustez, «gezur handi bat» da egitasmoa. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak eskuineko alderdiei egotzi diete «diskurtso bera» izatea.

Osoko bilkura
Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkura. MIGUEL OSES / NAFARROAKO PARLAMENTUA
joxerra senar
Iruñea
2024ko otsailaren 8a
12:40
Entzun

Oraindik ere hilabete pasako bidea geratzen zaie aurtengo aurrekontuei Nafarroako Parlamentuan, martxoaren 7ko helmugara iritsi arte. Alta, gaurko osoko bilkuran, lehen oztopo nagusia gainditu du lege proiektuak. UPNk, PPk eta Voxek aurkeztutako osoko zuzenketak atzera bota dituzte gainerako alderdiek —PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak—-. «Arreta pizteko modukoa da: ematen du eskuineko alderdien zuzenketak printzipio beren arabera idatziak daudela. Elkarrengandik bereizten ahalegintzen zarete, baina gauza bera zarete», kritikatu du Jose Luis Arasti Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak.

Hain zuzen ere, Arastiri egokitu zaio legebiltzarrean lege proiektua defenditzea. Berez, gobernuak 5.836 milioi euro izango ditu gastu zein inbertsio publikorako aurten, iaz baino %10 gehiago, eta ehun eurotik 51 gizarte gasturako baliatuko dira. Kontseilariaren irudiko, aurrekontuok «beharrezkoak eta baliagarriak» dira, Nafarroako ekonomiaren sendotasuna islatzen dute, baita «gobernuak gizarte politiken alde» egiten dutela erakutsi ere. «Eskuinaren diskurtsoak datuen errealitatea du aurrez aurre».

Orain, zuzenketa partzialen txanda da. Gaurko 14:00etan amaitu da horiek aurkezteko epea: 774 aurkeztu dituzte. Denera, eskuineko alderdiek 512 aurkeztu dituzte —UPNk 290 eta PPl 222—, gobernuko alderdiek 209 —PSNk ehun, Geroa Baik 75 eta Zurekin-ek 34—, eta EH Bilduk 54. Badira beste 30 aurrekontu ere akordioarekin bat egin duten alderdien artean sinatuak, ezberdin konbinaturik. Horietako gehienek gastu sailak zuzentzeko xedea dute, eta gainerakoek artikulatua.

«Arreta pizteko modukoa da: ematen du eskuineko alderdien zuzenketak printzipio berekin idatziak daudela. Elkarrengandik bereizten ahalegintzen zarete, baina gauza bera zarete».

JOSE LUIS ARASTIEkonomia eta Ogasun kontseilaria

UPNren ustez, iruzurra

Behin EH Bildurekin akordioa eginda, gobernuak ziurtatua du aurrekontuak aurrera aterako dituela. Hain zuzen ere, hitzarmen horri erreparatu nahi izan dio UPNko Javier Esparzak. «EH Bilduk bere arrastoa utzi du. Bere exijentziekin, nahi du Nafarroa sektarioa, baztertzailea, euskalduna, abertzalea eta independentista izatea. Horretan ari dira, eta PSNk lagundu egiten dio. Botoa erosten dio gobernura iristen laguntzen dion edonori».

Esparzaren arabera, aurrekontuak «iruzur handi bat» dira, eta gobernuak eraiki nahi duen kontakizuna «gezurra» da: «Nafarroa erdia baztertu, eta nafar guztiei gezurra esaten diezue». Haren irudiko, aurrekontuek ez dute balioko zerbitzu publikoak hobetzeko, sozialistak «ez baitira gai baliabide publikoak eraginkortasunez kudeatzeko», eta gizarte eragileei «entzungor» egitea leporatu die.

Voxek irainka hasi du bere diskurtsoa. Maite Nosti parlamentariak «gorrotoarekin bizitzea» eta «buruko osasun arazoak» izatea aurpegiratu dio Arastiri, eta, Unai Hualde Parlamentuko lehendakariaren ohartarazpenen harira, «isiltzeko» agindu dio. «Ederrago zaude horrela», esan du irribarrez. Ez da ezer gertatu.

«EH Bilduk nahi du Nafarroa sektarioa, baztertzailea, euskalduna, abertzalea eta independentista izatea. Horretan ari dira, eta PSNk lagundu egiten die. Botoa erosten dio gobernura iristen laguntzen dion edonori».

JAVIER ESPARZA UPNko parlamentaria

PPko Javier Garciaren esanetan, «sendien, klase ertainaren, autonomoen eta enpresen» kaltetan jarduten du gobernuak zerga sistemaren bidez, eta, gero, aurrekontuek «interes politikoen araberako alferrikako gastu ugari» dituzte, eta «eraginkortasun apala».

Eskuina ez da bereizten

PSNko Ainhoa Unzuri deigarria egin zaio eskuinaren diskurtsoak elkarrengandik ez bereiztea: «Inork ez du bereizten nor den nor. Inork ez daki zein den eskuin foruzalea, eskuin espainiarra eta eskuin muturra. Batasun zatiezina osatzen duzue. Gauza bera esaten duzue». Unzuren ustez, gobernuan ez egotea da osoko zuzenketa aurkezteko arrazoi bakarra. «Eta kito», adierazi du.

Eskuineko alderdiek «proiektu bera» dutela uste du EH Bilduko Laura Aznalek ere. «Berriro ere, bazter batean geratuko zarete. Nafarroako aurrekontuetan eragin gabe eta politika publikoak baldintzatu gabe. Eta gu pozik», erantzun die. Aznalen ustez, aurten ez dira gai izan ezta gobernuarekin esertzeko ere, eta «zarata besterik» ez dute egin, proposamenak egiteko gaitasuna erakutsi gabe: «Osoko zuzenketak aurkeztea logikotzat jotzen dugu; izan ere, oposizio gordina egiten duzue, eta horretan jarraituko duzue. Gure esku dagoen bitartean, hala izango da», ohartarazi die. EH Bilduk hitzartutako akordioa «ona» dela deritzo. «Aurrekontuak hobetu eta aberastu ditugu. Adosteko eta aurrera egiteko gai izan gara».

«Osoko zuzenketak aurkeztea logikotzat jotzen dugu; izan ere, oposizio gordina egiten duzue, eta hor jarraituko duzue. Gure esku dagoen bitartean, hala izango da».

LAURA AZNAL EH Bilduko parlamentaria

Geroa Baiko Pablo Azkonari harrigarria iruditu zaio UPNk esatea aurrekontuak «berandu» aurkeztu direla, haren agintaldietako legealdi hasieretan «gauza bera» egiten zuelako. «Zuek ezereza proposatzen duzue. Guk egonkortasuna eman dugu bederatzi urtez». EH Bildurekin egindako akordioen inguruan, Azkonak Esparzari gogorarazi dio akordioa «lau alderdiren artekoa» dela. «Uste dugu aurrekontuak baino gehiago interesatzen zaizuela eskuineko oposizioa egiteko orduan zuetako nor nagusituko den».

Carlos Guzman Zurekin Nafarroako parlamentariaren arabera, «apokalipsiko hiru zaldun» dirudite eskuineko alderdiek. «Benetan sinesten duzue esaten duzuen hori? Ohartzen zarete errealitate paralelo batean bizi zaretela? Txibitek gosaritan haurrak jaten dituela jartzea besterik ez zaizue falta», erantzun du hiru alderdien argudioak zerrendatu ostean. Haren ustez, aurrekontuen edukia mesedegarri izango da langileentzat eta herritarrentzat.

Aurrekontuak

  • Next Generation. Europako funtsetatik 172,9 milioi helduko dira: 276.000 COVID-19ari aurre egiteko React funtsetik, eta gainerakoa susperraldirako eta erresilientziarako MRR funtsetik. 
  • Udalak. 315 milioi euro banatuko dira udalen artean, gastu arrunta finantzatzeko.
  • Herri lanak. Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteko lanetarako 20,6 milioi euro inbertituko dira. N-121 errepidea eta AHTa izango dira beste inbertsio handiak. Errepideen mantentze lanetarako, 40 milioi jarriko dituzte.
  • Hezkuntza eta NUP. Hezkuntzak iaz baino 48 milioi euro gehiago izango ditu. NUPek, orotara, 102 milioi, eta unibertsitateko beken sailak, berriz, 3,6 milioi.
  • Osasuna. Aurrekonturik handiena duen departamentua da: lau eurotik bat hartan inbertituko da (1.466 milioi euro), aurrez baino %10 gehiago.
  • Nafar Lansare. Nafar Lansaren eta enplegu politika aktiboetan 67 milioi euro erabiliko dira.
  • Ekarpena. Bere gain hartu gabeko eskumenengatik 702 milioi euro garbi pagatuko dizkio Nafarroak estatuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.