Nafarroako aurrekontuen eztabaidan 355 zuzenketa partzial onartu dira

PSNk, EH BIlduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak aurrera atera dituzte zuzenketak, eta 17,2 milioi euroko balioa dute. Orotara, 983 zuzenketa eztabaidatu dira Ekonomia eta Ogasun batzordean azken lau egunetan.

(ID_17092796213845) Ekonomia eta Ogasun Batzordea
Nafarroako Parlamentuko Ekonomia eta Ogasun Batzordea, atzo. MIGUEL OSES / NAFARROAKO PARLAMENTUA
joxerra senar
2024ko martxoaren 1a
09:45
Entzun

Bost egunez eztabaidatu ostean, amaitu dute Nafarroako Parlamentuko Ekonomia eta Ogasun batzordean aurtengo aurrekontuen inguruko eztabaida. Orotara, 983 zuzenketa partzial aurkeztu dira, eta horietatik 355 onartu dituzte PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. 17,2 milioi euroko egitasmoak finantzatuko dituzte aurrera ateratako diru sail horiek.

UPNk 290 zuzenketa aurkeztu zituen, eta PPk 223, baina gobernuko bazkideek eta EH Bilduk euren gehiengoa baliatu, eta atzera bota dituzte. Vox eskuin muturreko taldeak ez du zuzenketarik aurkeztu.

Zuzenketak gehituta, 6.355 milioi euroko aurrekontua izango du gobernuak; gastu muga, berriz, 5.836 milioi eurokoa izango da, aurreko urtekoa baino %10,5 handiagoa. Udalen gastu arrunta finantzatzeko Tokiko Ogasunen Funtsako dirua eta estatuari bere gain hartu gabeko eskumenen truke eman beharreko ekarpena gehituta, gobernuak 4.684 milioi euro izango ditu gastuetarako zein inbertsio publikoetarako.

Eztabaida amaituta, azken urratsa baino ez da falta. Datorren osteguneko osoko bilkuran onartuko da legea. Urtero abendu amaieran eztabaidatu ohi dira aurrekontuen lege proiektuak, baina aurtengo eztabaida hiru hilabete atzeratu da, gobernua abuztu erdialdera abiatu zelako. Lege proiektua urtarrilaren 19an erregistratu zen legebiltzarrean, kasurako.

Onartutako zuzenketak

  • Lurralde kohesioa. 98 zuzenketa (6,5 milioi euro). Hainbat udaletako azpiegiturak berritzeko diru laguntzak.
  • Kultura, Kirola, Turismoa. 94 zuzenketa (4,5 milioi euro). Batik bat udaletako kirol eta kultura azpiegiturak hobetzeko diru sailak.
  • Eskubide sozialak. 45 zuzenketa (2,2 milio euro). Gizarte elkarteetarako diru laguntzak.
  • Hezkuntza. Hemezortzi zuzenketa (804.000 euro). Hainbat ikastetxeren zaharberritzeari buruzko diru sailak: Iruñeko San Francisco, Berriozarko Mendialdea, Artikako haur eskola...
  • Osasuna. 11 zuzenketa (757.666 euro).
  • Industria eta Trantsizio ekologikoa. Hamasei zuzenketa (738.000 euro). Batik bat udaletako hainbat proiektu finantzatzeko diru sailak.
  • Presidentetza, Berdintasuna. Hamazazpi zuzenketa (738.000 euro). Berdintasunari lotutako proiektuen finantzaketa.
  • Barne, Funtzio Publikoa eta Justizia. Lau zuzenketa (396.000 euro).
  • Etxebizitza, Gazteria, Migrazioa. Hamabi zuzenketa (395.790 euro). 
  • Memoria, Kanpo Ekintza, Euskara. Hamazazpi zuzenketa (375.000 euro). Euskara sustatzeko eta torturari buruzko ikerketekin jarraitzeko laguntzak.
  • Landa Garapena eta Ingurumena. Sei zuzenketa (87.000 euro). Eliza Katolikoaren immatrikulazioen inguruko azterketa bat, tarteko.
  • Unibertsitatea, Berrikuntza. Lau zuzenketa (33.000 euro). Lau ikerketa proiektu finantzatuko dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.