Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietako auzitegiak atzera bota du Buñuelgo monolitoa kentzeko eskaera. Auzitegiak epaian dioenez, Buñuelgo herritarrek ezagutzen dute haren jatorria, baina "herritik kanpoko edozeinek ezingo luke lotu iragan frankistarekin".
Gaineratu duenez, "monolito batean hildakoen izen-abizenak jartzeak ez du esan nahi bere horretan frankismoa goratzen" denik. Haren arabera, monolitoan zeuden "sinbolo frankistak" ezabatu egin ziren. Erabakiari ezin zaio helegiterik jarri.
Monolitoak gurutze bat du goiko aldean, Buñuelgo Udalaren armarria aurrealdean eta hainbaten izen-abizenak aldamenetan. Aurretik, ezabatu egin ziren beste ikur batzuk: arrano bat zeraman armarri bat, Jose Antonio Primo de Riverari erreferentzia egiten zion idazkun bat, eta "Espainiagatik eta Jainkoagatik hilak" zioen esaldia.