Orain karea, orain harea. Epaileek ebatzi dute ongi emanak daudela Nafarroako Gobernuak 2017an ateratako euskarazko lanpostu publikoak.
Afapna sindikatuak eskaera aurkeztua zuen 109/2017 foru dekretuaren bidez eginiko lan eskaintza baliogabetzeko, euskarazko postuak "gehiegizkoak" eta "justifikatu gabeak" zirelakoan. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salak, ordea, ez du horretarako motiborik antzeman: ebatzi du postuak "justifikatuta" daudela eta "proportzionaltasunik ezaren frogarik ez" dagoela.
Auzitegi Nagusiko salak banan-banan aletu ditu euskara eskakizun zituzten lanpostu eskaintzak:
Foruzaingoko bost postuei dagokionez —bi agente Altsasun, beste bi Elizondon eta bat Lizarran—, auzitegiak nabarmendu du herritarrei arreta zuzena eskaintzeko, beharrezkoa dela hizkuntz soslaiak eta gutxieneko maila linguistikoa exijitzea.
Suhiltzaile postuei buruz, epaimahaiak adierazi du eskainitako bost postuetatik lau direla Iruñeko parke nagusian jarduteko, eta zerbitzua Nafarroa osoan eskainiko dutela; hortaz, beharrezkoa dutela euskara. Bosgarrena, berriz, Oronotzen eskaini zuten eta, eremu euskalduna izanda, lanpostuak berezkoa du hizkuntza eskakizuna. "Postu hauetan ere ezinbestekoa izanen da ahozko komunikazioa, eta hori euskaraz ere izan dadila ahalbidetu beharra dago, hala eskatzen duten herritarrei arreta eskaintze aldera". Plaza kopuruari dagokionez, epaileek argudiatu dute lantalde organikoko eskaintza 100dik gora lanpostukoa zela, eta horietatik gutxi batzuek bakarrik zeukatela hizkuntza eskakizuna ezarria.
Hezkuntza Departamentuko lanpostuetan ezarritako hizkuntza irizpideei dagokionez, azkenik, Auzitegi Nagusiak azpimarratu du "motibazio egokia" antzeman duela deialdi guztietan, eta horren frogatzat jo dute Hezkuntza Ikuskaritzako zuzendari nagusiak eginiko txostena: "Bertan, justifikatuta azaltzen da lanpostu berriak sortzeko beharra, eta horiek kuantifikatzeko modua".