Nafarroako Auzitegiak hamahiru urte eta erdiko zigorra ezarri dio gizon bati, adingabe bat bortxatzeagatik

Erasotzailea eta biktima adingabeentzako zentro berean bizi ziren. 2023ko sanferminetan izan zen erasoa: mehatxatu egin zuen labana batekin, eta bortxatu.

Nafarroako Justizia Auzitegia, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Nafarroako Justizia Auzitegia, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
edurne begiristain
2026ko apirilaren 9a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Auzitegi Nagusiak hamahiru urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio gizonezko bati, 2023ko uztailaren 8an Iruñean 15 urteko neska bat bortxatzeagatik. Kartzela zigorra betetzeaz gain, gizonak urruntze agindu bat bete beharko du hamasei urtez, eta ezingo da emakumearengandik 500 metro baino gutxiagora egon, ezta harekin komunikatu ere. Gainera, behin kartzela zigorra bete eta gero, bederatzi urtez zaintzapean aske egon beharko du, eta 25.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio biktimari.

Sententziaren arabera, gizonak 2023ko sanferminetan bortxatu zuen emakumea. Biak ala biak adingabeentzako zentro berean bizi ziren —erasotzaileak 18 urte zituen—, eta uztailaren 6an elkarrekin egon ziren. Neskak argi utzi zion ez zuela sexu harremanik izan nahi. Bi egun geroago, uztailaren 8an, kontzertu batera joan ziren Foruen plazara, eta, ondoren, komunera joateko aitzakiarekin, akusatuak biktima hiriko harresietara eraman zuen, aparteko toki batera. Han, sexu harremanak izateko eskatu zion, baina neskak uko egin zion. Epaian jasotzen denez, akusatuak indarrez eutsi zion, gorputz osoan ukituak egin, eta, azkenik, labana bat lepoan jarri, mehatxatu, eta bortxatu egin zuen.

Ez kontatzeko mehatxuak

Erasoaren ondoren, biktima «shock egoeran» geratu zen, epaian jaso dutenez. Handik gutxira, akusatuak hainbat mezu bidali zizkion gertatutakoa ez kontatzeko mehatxu eginez, eta egun batzuk geroago berriro jarri zen harekin harremanetan, ea ezer kontatu ote zuen galdetzeko. Biktimak urte bereko abuztuan aurkeztu zuen haren aurkako salaketa Foruzaingoan.

Epaiketan, fiskaltzak eta akusazio partikularrak hamalau urteko espetxe zigorra eskatu zuten, eta defentsak, absoluzioa. Auzitegiak, ordea, biktimaren testigantza sinesgarritzat jo du, «zehatza, koherentea eta kontraesanik gabea» delakoan. Halaber, ez du ikusi salaketa faltsua jartzeko motiborik.

Epaian jasota dago peritu txostenean adierazten dela biktimak trauma osteko estresa duela, salatutako gertakariekin bateragarria. Hala ere, frogarik erabakigarriena akusatuak bidalitako mezuak izan dira, horiek biktimaren kontakizuna berresten baitute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA