Parte hartzea

Nafarroako foru hauteskundeetan ere jaitsi egin da parte hartzea

Duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, Nafarroako Parlamenturako bozetan parte hartzea 3,32 puntu handiagoa izan da goizean, baina 18:00ak arteko datuetan 1,82 txikiagoa izan da.

Hautesle bat bozkatzen, gaur, Hondarribin. GORKA RUBIO / FOKU
Jone Bastida Alzuru - Jon Ordoñez Garmendia
2023ko maiatzaren 28a
14:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Itxura guztien arabera, gaurko udal eta foru hauteskundeetan duela lau urte baino herritar gutxiagok hartuko du parte. 18:00ak arteko parte hartzeari buruzko datuak eman dituzte 18:30ean, eta, horien arabera, lau lurraldeetan jaitsi da parte hartzea 2019ko bozekin konparatuta. Aipagarria da Nafarroako kasua. 14:00ak arteko datuetan herrialde hori zen parte hartzean igoera zuen bakarra. Arratsaldean, baina, apaldu egin da hein batean: foru hauteskundeetan nafarren %54,35ek bozkatu dute 18:00ak bitartean; duela lau urte %56,17 izan zen portzentajea.

Nafarroako udal hauteskundeetan, berriz, igo egin da parte hartzea: duela lau urte herritarren %52,93k emana zuten botoa arratsalderako, eta aurten %54,32k egin dute (+1,39). Iruñeko udal hauteskundeetan arratsaldeko parte hartzea %52,25 izan da, duela lau urte baino %0,72 txikiagoa.

Edozein moduz, Nafarroa da Hego Euskal Herrian parte hartze handiena izan duen herrialdea. Arratsaldeko datuei erreparatuta, Gipuzkoak izan du galera handiena. Duela lau urte gipuzkoarren %53,35ek zuten botoa emana 18:00etarako; gaur, berriz, ordu berean 4,8 puntu txikiagoa zen portzentajea: %48,51.

Araban eta Bizkaian ere herritarren erdiena ere ez zen parte hartzea. Bizkaian ia lau puntu jaitsi da: %49,42k eman dute botoa arratsalderako gaur, eta 2019an %53,34 izan ziren. Arabak izan du parte hartze txikiena. Duela lau urte, arabarren %49,48k eman zuten botoa bozkalekuak ixteko bi ordu falta zirenean; gaur %46,54 izan dira.

Goizeko joera

Udal eta foru hauteskundeetako parte hartzeari buruzko lehen datuak 14:30ean eman dituzte, 14:00ak artekoak. 09:00etan ireki dira bozkalekuak, eta goizean udal bozetan herritarren %35,34k bozkatu dute EAEn, eta %40,68k Nafarroan. Duela lau urteko bozekin alderatuta, beraz, jaitsi egin da parte hartzea Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, eta igo Nafarroan. Hain zuzen, 2019an EAEn, herritarren %37,15ek emana zuen botoa 14:00etarako: 1,81 puntu behera egin du, beraz. Nafarroan, aldiz, nabarmen egin du gora; 3,32 puntu igo da –%37,36tik %40,68ra–.

Gipuzkoan egin du gehien behera parte hartzeak goizean ere: herritarren %35,67k eman dute oraingoz botoa; %38,45ek, berriz, 2019an eman zuten –hots, 2,78 puntu gutxiago–. Bizkaian, berriz, 1,51 puntu jaitsi da: herritarren %37,04k eman zuten botoa 2019an, eta %35,53k eman dute gaur. Araban egin du gutxien behera, 0,76 puntu: %33,93 duela lau urte, eta %34,69 gaur.

Hego Euskal Herriko biztanleek udaletako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako eta Nafarroako Parlamentuko ordezkariak aukeratzeko eguna dute gaur. Bozkalekuak ireki dituztenetik sumatu da joan-etorria herrietan, eta hautagaiek bozetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.