EITB Focusen azken galdeketak berretsi eta indartu egin ditu azken inkestetan islatzen ari diren zenbait joera, eta, horien artean nabarmenena zera da, EH Bilduren hazkundea ez dela eten, lurralde guztietan haziko bailitzateke Hego Euskal Herrian, foru hauteskundeak orain egingo balira. Koalizio subiranistaren hazkunde nabarmena aurreikusi du EITB Focusek: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru lurraldeen osotasuna aintzat hartuz, 3,4 puntukoa hain zuzen. EAJk, berriz, eutsi egingo lioke azken foru bozetan lortutako boto portzentajeari, eta apur bat hobetu ere bai (0,8). PSE-EEk eta PPk, aldiz, botoak galduko lituzkete.
Nafarroari dagokionez, UPN nagusituko litzateke datorren urteko Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan, baina oso zail izango luke gobernatzea, EITB Focusen azken inkestaren arabera. UPNren, PPren eta Voxen baturak urrun izango luke gehiengo osoa, eta beste indarrek —PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta ezker konfederalak— aukera izango lukete egungo gehiengoari eusteko.
Nafarroa
UPNk botoen %26,2 lortuko lituzke (bi puntuko galera). PPren (%7,5) eta Voxen (% 6,7) babesa batuta ere, eskuineko blokeak ez luke gobernatzeko beharrezkoa den gehiengo osoa eskuratuko. Izan ere, egungo ordezkaritzaren antzeko emaitza lortuko lukete — edo zertxobait apalagoa—, baina Vox indartuta aterako litzateke, UPNren kaltetan.
Bestalde, Nafarroako Gobernua osatzen duten eta hura kanpotik sostengatzen duten indarren baturak emaitzak apur bat hobetuko lituzke. PSN eta EH Bildu lehian ariko lirateke parlamentuko bigarren indarra izateko. Sozialistei botoen %20,5 ematen dizkie inkestak —2023an lortutakoa baino puntu erdi gutxiago—, eta EH Bilduk %19,9 eskuratuko lituzke, 2023an baino 2,5 puntu gehiago. Berdinketa teknikoa da, inkestaren errore marjina %1,5ekoa baita.
Geroa Bai laugarren indarra izango litzateke berriro ere, botoen %13 lortuta —puntu erdi galduta—. Ezker konfederalak, berriz, botoen %5,6 lortuko luke, zortzi hamarren galduta. Inkestak Zurekin markari buruz galdetu du, baina oraindik ez dago argi talde hori zer izenekin aurkeztuko den. Liderren balorazioari dagokionez, Maria Txibite Nafarroako presidenteak %64,7ko onespen indizea du, eta 5,2ko balorazioa.
Udalei dagokienez, EITB Focusen inkestak ez du udal hauteskundeetarako boto asmorik neurtu, baina udal kudeaketari buruz galdetu du. Iruñeko alkate Joseba Asironek azterketa gainditu du, Nafarroako hiriburuko herritarrek 5,7ko nota ezarri baitiote. Iruindarren %96,7k ezagutzen dute Asiron, eta %66,1ek onesten dute haren jarduna.
Araba
EITB Focusen arabera, Araban EAJ nagusituko litzateke datorren urteko foru hauteskundeetan, baina alde estuarekin. Jeltzaleek botoen %28,6 eskuratuko lituzkete, eta EH Bilduk %27,9 inguru; hortaz, berdinketa teknikoa litzateke bien artean, aldea puntu batekoa baino txikiagoa bailitzateke. Bi alderdiek azken urteetako goranzko joerari eutsiko liokete, modu horretan. EAJk 2,3 puntu egingo luke gora, eta EH Bilduk, berriz, 2,4 puntu.
Kontrako norabidean ariko lirateke PSE-EE eta PP. Inkestaren arabera, bi alderdiek bi puntutik gorako galera izango lukete. Sozialistek botoen %16,4 bilduko lukete, 2023an baino 2,4 puntu gutxiago. PPk ere antzeko beherakada izango luke: %17,3tik %14,9ra jaitsiko litzateke. Bestalde, Voxek Araban izango luke gorakadarik handiena: boto asmoaren %4,6 lortuko luke, orain baino 1,5 puntu gehiago. Ezker konfederalaren esparruan, berriz, Sumarrek (% 2,9) eta Podemosek (% 2,6) ez lukete %3ko langa gaindituko; hortaz, banaka aurkeztuz gero, litekeena da ordezkaritzarik gabe geratzea.
Bestalde, Maider Etxebarria Gasteizko alkate sozialista herritarren %95ek ezagutzen dute, eta inkestatutakoen %48k ontzat jo dute haren kudeaketa —portzentaje apala—. Balorazioari dagokionez, 4,8ko nota eman diote.
Bizkaia
EAJk nagusitasunez irabaziko lituzke 2027ko foru hauteskundeak Bizkaian, baina EH Bilduk nabarmen egingo luke gora. Jeltzaleek duela lau urteko emaitza berdinduko lukete, botoen %39,2 eskuratuta. Koalizio abertzaleak, berriz, lau puntu egingo luke gora, %29,6raino; igoera esanguratsua, beraz. Hala, EAJren eta EH Bilduren arteko tartea murriztu egingo litzateke. Bi indar abertzaleen botoak gehituta, 10 bototik 7 eskuratuko lituzkete.
Gainerako alderdiei dagokienez, PSE-EEk bi puntu inguru galduko lituzke, eta %14ko portzentajean geratuko litzateke. PPk ere ia bi puntu galduko lituzke, botoen %6,6 eskuratuta. Baina galerarik handiena ezker konfederalak izango luke: Podemos %3,1era jaitsiko litzateke, eta Sumar %3,5era. Voxek botoen % 2,6 eskuratuko luke.
Inkestatutako bilbotarren %96,2k ezagutzen dute Juan Mari Aburto alkatea; eta horien artean, %66,4k onesten dute bere jarduna, eta batez beste 5,5eko nota jaso du.
Gipuzkoa
EH Bilduk, botoen %40ra hurbilduta (%39,7), bere nagusitasuna indartuko luke Gipuzkoan. EAJk ere emaitzak hobetuko lituzkeen arren, botoen %33,7ra iritsita, koalizio abertzaleak jeltzaleekiko aldea handitzea lortuko luke, sei puntuko arrakala irekita; gaur egun 4,7 puntuko aldea dago bien artean.
EH Bildu (2,4 puntu) eta EAJ (puntu 1) lirateke Gipuzkoan gora egingo luketen alderdi bakarrak, eta joera bipartidista sendotuko luke horrek: bien artean botoen %73 baino gehiago bilduko lituzkete. PSE-EEk, berriz, botoen %14,5 inguru eskuratuko lituzke; puntu eta erdi galduta. PPk, berriz, botoen %5,3 eskuratuko lituzke, puntu bat galduta. Ezker konfederalari dagokionez, botoen %4 inguruan geratuko litzateke (%2,3 Sumarrek eta %2,1 Podemosek). Voxek, azkenik, botoen %2,6 lortuko luke.
Donostian, inkestak erakusten du Jon Insausti alkatea jende askok ezagutzen duela, eta onarpen maila handia duela, nahiz eta zazpi hilabete baino ez daramatzan karguan. Donostiarren %96,3k ezagutzen dute Insausti, eta %66,9k ontzat jotzen dute haren jarduna. Donostiako alkateak 6ko nota jaso du EITBren inkestan, hiriburuetako alkateen artean altuena.
Balorazioak
«Ttirriki-ttarraka, etenik gabe gora doan indarra da EH Bildu. Batzuek, 2023ko emaitza historikoak eta gero, goia jo genuela iragarri zuten, baina agerikoa da etenik gabe goraka doan indarra garela», esan du Nerea Kortajarena EH Bilduren Programa idazkariak. «Dagoeneko dozenaka» dira Nafarroan, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian koalizioak gobernatzen dituen udalak, eledunak gogoratu duenez. Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaritzara ere iritsi da ezker subiranista, gainera.
«Konbentzitua gaude, 2027ko hauteskundeen ondoren, ezker subiranista gero eta udal eta erakunde gehiagoren gobernuetan egongo dela», erantsi du Kortajarenak. EH Bildu «gobernatzera deitua» dagoela esan du. «Ez bakarrik guk hori esaten dugulako, baizik eta herritarrek aldaketarako desira hautetsontzietan erakutsiko dutelako».
Inkestari garrantzi txikiagoa eman nahi izan diote PSE-EEk eta PPk. Bai, behintzat, hauteskundeei begira plazaratu dituen datuei. Ekain Rico sozialistaren esanetan, EITB Focusek 2023an beste inkesta batzuek ematen zizkieten antzeko emaitzak aurreikusten ditu PSE-EErentzat, baina orduan ikusi zen «gero emaitza hobeak» ateratzen dituztela. Horrez gain, Sumarren eta Elkarrekin Podemosen aurreikuspenei ere erreparatu die, haien beherakadaren harira, uste baitu agerian geratu dela PSE-EE dela «nazionalista ez den ezkerreko aukera erreal bakarra».
EAEko PPko presidente Javier de Andresek ere adierazi du bere alderdiak «beti hobetzen» dituela EITB Focusen aurreikuspenak. Haren hitzetan, «EAJk agindutako» inkesta bat da EITBk egindakoa, eta ez du bide ematen «herritarrek benetan pentsatzen dutena» esateko.