Gaur goizean egindako ezohiko saioan Nafarroako Gobernua osatzen duten zortzi sailetatik seitan egitura aldaketak egitea onartu du exekutiboak; Osasun eta Hezkuntza sailak dira ukitu gabe gelditu diren bakarrak.
Horrela, Sustapen saileko zuzendaritza nagusi bat kenduko du UPNko gobernuak eta administrazioko hiru erakunde murriztuko ditu. Presidentzia, Justizia eta Barne sailean, Nafarroako Administrazio Publikoko Institutua kenduko du eta, Gizarte politika sailean, Kirol eta Gazteria Institutuak batuko ditu. Gainera, Etorkinen Harretarako Bulegoa desagertuko da, eta haren egitekoak, Gizarte politika sailak hartuko ditu.
Era berean, zazpi zuzendari nagusi berri izendatu ditu Nafarroako Gobernuak: Jose Luis Ruiz (Presidentetza eta Justizia sailean), Patxi Fernandez (Barne sailean), Eradio Ezpeleta (Nafarroako larrialdi bulegoa), Patxi Perez (Ingurumena eta tokiko administrazioa), Iñigo Alli (Gizarte politika eta kontsumoa), Prudencio Indurain (Kirola eta Gazteria) eta Mariano Oto (Mendekotasunerako bulegoa).
PSNk Nafarroako Gobernua utzi ostean, areagotu egin da Nafarroak "krisiaren harira" goi mailako karguak gutxiko hartu zuen joera. Iazko legegintzaldiarekin alderatuz, 70 kide gutxiagok osatzen dute Gobernua —%27,8 gutxiago—. Bestalde, 1983 eta 1995 urteetako gobernuetara begiratu behar da bakarrik zortzi kontseilarik osatutako gobernu taldea aurkitzeko.