Komunikabideak

Nafarroako Gobernuak dio Eusko Jaurlaritzak ez diola oraindik ETB LTD bidez hartzeko proposamenik helarazi

EITBk "Nafarroaren errealitate instituzionala nola jorratuko duen" jakin nahi du Iruñeko gobernuak, Gasteizkoarekin akordio bat lortze aldera.

2009ko martxoaren 10a
19:45
Entzun
Nafarroako Gobernuko eledun eta Instituzioarteko Harremanetarako sailburu Alberto Catalan gaur kexatu da Eusko Jaurlaritzak ez diola oraindik ETBren seinalea Lurreko Telebista Digitala (LTD) bidez hartzeko inolako proposamenik helarazi, hori egingo zuela agindu zion arren. Zehazki EITBk "Nafarroaren errealitate instituzionala nola jorratuko duen" jakin nahi du Iruñeko gobernuak, Gasteizkoarekin akordio bat lortze aldera.

Nafarroako Ezker Batuaren eskariz agerraldia egin du gaur Catalanek batzorde parlamentario baten aurrean, Iruñean, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko negoziazioen berri eman zezan. Itzalaldi analogikoaren ondotik ETBren seinalea Nafarroa Garaian ere ikusi ahal izatea da EBren eta beste alderdi zein taldeen eta herritar askoren nahia.

Catalanen esanetan, Nafarroako Gobernuak "borondatea" du akordioa lortzeko, baina lehenik Eusko Jaurlaritzaren proposamena ezagutu nahi du.

Nafarroako Parlamentuak iazko martxoaren 13an aho batez onartutako ebazpenari jarraiki, Nafarroako Gobernuari "inguruko komunitate autonomoekin elkarlanerako konbenioak sinatzeko aukera aztertzea eta kudeatzea" eskatzen zitzaion, "Nafarroako LTD bidezko eskualde kanalak eta inguruko komunitateenak batean zein bestean ikusi ahal izateko, beti ere Nafarroako errealitate instituzionala errespetatuz gero".

Nafarroako Gobernuko bozemaileak azaldu duenez, ebazpen hori onartu ondotik, Eusko Jaurlaritzari, Aragoiko eta Errioxako gobernuei gutun bat helarazi zieten, elkarlanerako konbenioak lantzeko harremanetan hasteko gonbidatuta.

Sei hilabete geroago, iazko urriaren 14an, Eusko Jaurlaritzak gutun bat igorri zion Nafarroako Gobernuari, "egoera aztertzeko denbora gehiago" eskatzeko.

Iragan urtarrilaren 29an berriz zuzendu zitzaion Gasteizko gobernua Iruñekoari, bilera bat egitea galdegiteko. Bilera otsailaren hasieran egin zuten, Nafarroako Jauregian, Iruñean.

1996ko itunean oinarritutako proposamena

Catalanen hitzetan, bilera horretan Eusko Jaurlaritzako ordezkariek egin zuten akordio proposamena bi administrazioek 1996an sinatutakoan oinarrituta zegoen.

Itun horretan zera esaten zen: "ETBren emisio guzietan Nafarroako Foru Komunitatearen ikurrak errespetatuko dira, indarrean dagoen ordenamendu juridikoari jarraiki. Nafarroako Foru Komunitatea Euskal Autonomia Erkidegoarekiko eta honen lurralde historikoekiko ezberdina den errealitate gisa aurkeztuko da, hala arlo grafikoan nola deskribapen eta testuetan".

Otsaileko bileran erabaki zuten Eusko Jaurlaritzako ordezkariek proposamena helaraziko zutela EITBren euskarri ezberdinetan Nafarroako egoera instituzionalak izango zuen tratamendua zehaztuz, eta bi komunitateetako emisioen ondorio ekonomikoak aztertuz.

"Baina Eusko Jaurlaritzak ez digu proposamen hori helarazi", nabarmendu du Catalanek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.