Nafarroako Gobernuak euskara eskakizuna ezarriko die administrazioko beste 258 posturi

C1 maila eskatuko da 122 postutan, B2a 128 postutan, eta B1 maila zortzi lanpostutan. Foru administrazioan %3tik %5era ugarituko dira postu elebidunak. Gaur kaleratu dute neurria Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta, ondorioz, indarrean sartu da.

(ID_17454139772125) Foru administrazioa
Nafarroako Foru Ogasuneko bulego bat, Iruñean. NAFARROAKO GOBERNUA
joxerra senar
2025eko maiatzaren 6a
13:06
Entzun 00:00:0000:00:00

Itzulinguru askoren ostean, Nafarroako Gobernuak onartu egin du lanpostu elebidunak ugaritzeko foru dekretua. Hala, euskararen ezagutza eskatuko da beste 258 lanpostutan. Neurri horri esker, %3tik %5era handituko da Nafarroako Gobernuan hizkuntz eskakizuna duten lanpostuen kopurua. Horregatik, euskarazko arretari begira «oso urrats garrantzitsua da», Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuaren iritziz.

Gaur kaleratu dute dekretuaren edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta, ondorioz, bihar sartuko da indarrean. Iaz, gobernuko departamentu bakoitzak bere hizkuntza plana onartu zuen. Hartan, sail bakoitzak neurri batzuk proposatu zituen paisaia linguistikoa eta euskarazko arreta eta komunikazioa hobetzeko.

Neurri horien artean nagusietako bat zera zen, sail bakoitzaren barruko postuak aztertzea, 2017an Uxue Barkosen gobernuak onartutako foru dekretu baten irizpideak kontuan hartuz —hala nola herritarrekiko arreta izatea; dokumentazio elebidunarekin lan egin behar izatea; eremu euskalduneko udalekin eta entitateekin harremana izatea...—. Irizpide horiek aintzat hartuta eta Euskarabidearen aholkularitzan oinarrituta egin da azterketa.

Azterketa horren arabera, 122 lanpostutan C1 maila eskatuko da, 128 lanpostutan B2 maila, eta zortzi lanpostutan B1 maila. Eskakizun gehien Osasunbidean izango dira: horien artean, 29 erizain lanpostu, 11 mediku lanpostu eta lau fisioterapeuta lanpostu daude. Gainera, 94 administrari posturi ezarriko zaie euskara eskakizuna. Suhiltzaile postuetan 26ri eskatuko zaie, basozainetan hamazazpiri, zerbitzu orokorretako langileetan hamaseiri, basozainetan zortziri, lau ingeniari posturi, bi arkitektori, hamar teknikariri, sei eskolazaini...

datuak

757

Zenbat lanpostuk duten euskara eskakizuna. Nafarroako Gobernuak onartutako dekretuaren arabera, euskara eskakizuna duten lanpostuen kopurua %3tik %4,9ra handituko da. Berez, egun 511 lanposturi eskatzen zaie euskaraz jakitea, eta orain beste 258ri eskatuko zaie. Orotara, beraz, 757 izango dira —kopuru horretatik kanpo daude Hezkuntzako irakasleak—.

%40

Eremu euskalduneko ehunekoa. Euskarabidearen arabera, eremu euskaldunean Nafarroako Gobernuko langileen %40k jakin behar dute euskaraz.

Euskarabidearen arabera, azterketa egiterakoan, departamentu bakoitzak ez ditu aintzat hartu orain bertan lanean ari diren beharginen izen-abizenak. Orain, neurria aplikatzeko orduan kasuistika desberdinak sortuko dira. Kasurako, behin-behineko kontratuak dauden postuak egonkortzerakoan, dagokion ezagutza maila eskatuko da lan deialdi publikoetan —aldizkari ofizialean argitaratu aurretik ofizial egin diren deialdi publikoetarako ez dute aintzat hartuko dekretua—. 

Horregatik, prozesua ez da berehalakoa izanen, ezta automatikoa ere. Izan ere, langile publikoen «boluntariotasuna» lehenetsiko du Nafarroako Gobernuak: hortaz, euskara eskakizuna ezarriko balitzaio gaur egun erdaldun batek betetzen duen postu bati, administrazioak ezinen luke langile hori lekualdatzera behartu, eta soil-soilik postua hutsik geratzean ezarriko litzateke hizkuntza eskakizuna. Ez lehenago. 

Langileen artean kontsulta

Langileen iritzia bildu nahirik, Euskarabideak zerbitzu ugaritan galdetu du langileek egokitzat joko ote luketen euskarazko postuak egotea, eta %35 inguruk ontzat jo du aldaketa. Gainera, euskaraz jakin ez baina ikasteko konpromisoa agertu duten langileei erraztasunak emango zaizkie, eta lehentasuna izango dute Euskarabidearen euskaltegietan euskara ikasteko.

Euskarabideko iturriek onartu dute postu horiek betetzeko prozesua uste baino azkarragoa dela. Gainera, azken asteetan prozesua azkartu egin da, Funtzio Publikoko Departamentuak interesa agertu duelako dekretua onartzeko. Hala, hurrengo deialdi publikoek aintzat hartu beharko dituzte euskaldunekin bete ez diren postuak.

Behin lanpostuen euskara eskakizunak finkatu eta gero, jada abian dira departamentu bakoitzaren hizkuntza planak, baina orain Euskarabideak ikusi egin behar du nola ezartzen ari diren neurri horiek. Euskarabideko teknikariak osasun etxe, bulego eta bestelako egoitza publikoak bisitatzen ari dira bertako hizkuntza paisaia zertan den aztertzeko —kartelak, prentsa ohar eta komunikazioak, arreta...—. Aldi berean, hura hobetzeko aholkuak emango dituzte, eta horiek kontuan hartzeko borondatea adierazi dute tokiko arduradunek.

Lehenik, eremu euskalduneko egoitza publikoak lehenetsi dituzte, eta gero eremu mistoan ere egingo dute gainbegiratze lana. 

HizkuntzA eskakizunak

  • Osasun Departamentua. 75 lanpostu izango dira elebidunak: tartean, 29 erizain postu, 11 mediku postu, zortzi zeladore postu.
  • Hezkuntza Departamentua. 32 lanpostu, gehienak administrarienak.
  • Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentua. 40 lanpostu, tartean 26 suhiltzaile eta zortzi foruzain.
  • Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua. 42 lanpostu, tartean hamazazpi basozain postu. 
  • Kultura eta Kirol Departamentua. 19 lanpostu, tartean liburutegietako bi arduradun.
  • Beste departamentuak. Industriakoan hamahiru postu; Gizarte Eskubide eta Enplegu Departamentuan hamabi; Etxebizitzakoan hamar; Lurralde Kohesiokoan zazpi; Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuan lau; Unibertsitate eta Berrikuntza Departamentuan lau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.