Nafarroako Gobernuak (UPN-CDN) Foru Hobekuntza erreformatzeko asmoz negoziazioa ekiteko bilera eskatu dio Espainiakoari (PSOE), gaurko batzarrean erabaki duenez. Erreformarako akordioa lortuko balute, Nafarroako Parlamentuan berresteko bozketa egingo lukete, baita Espainiako Kongresuan ere, Nafarroako exekutiboko iturrien arabera. Ondorioz, Nafarroan erreferendumik deitu gabe segituko lukete -1982an onartu zuten Foru Hobekuntza, herritarren artean galdeketa egin gabe-.
"Ez dugu uste gure erkidegoaren jarrera eragozpena izango denik Madrilentzat", esan du Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakariak, eta Espainiako Estatuko beste erkidego batzuetan Estatutuak onartu berri dituztela gogoratu du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak 1979koa izaten segitzen du -erreferendum bidez onartutakoa da-.
Sanzek jakinarazi du uztailaren 1ean Iruñean egindako batzarrean gai horiez jardun zuela Manuel Chaves Espainiako Gobernuko Lurralde Politikarako ministroarekin. "Ados zegoen Chaves, eta tramiteak hasteko eskatu zidan. Erreforma ahal den azkarren egingo dugu; ez dut uste hilabete asko iraungo duenik honek".
politika
Nafarroako Gobernuak Foru Hobekuntza erreformatzeko negoziazioa eskatu dio Madrili
Exekutiboaren arabera, akordioaz hurrena ere ez lukete herritarren artean erreferendumik egingo. Miguel Sanz lehendakariak dio ez dutela hilabete askorik beharko akordioa lortu eta gauzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu