Nafarroako Gobernuari kargu hartu diote, lanbide heziketako zentro batek 40.000 euro modu bidegabean erabiltzeagatik

LAB sindikatuak aurkeztu zuen salaketa, eta Nafarroako Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoak arrazoia eman dio.

LABeko ordezkarien agerraldia, gaur. LAB
LABeko ordezkarien agerraldia, gaur. LAB
jakes goikoetxea
2026ko maiatzaren 14a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

LAB sindikatuak Iruñeko nekazaritza eta basogintzako lanbide heziketako zentroko arduradunen kontrako salaketa aurkeztu zuen Nafarroako Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoan. LABek egotzi zien hamar urtez funts publikoak modu bidegabean erabili izana, dirua baimendu gabeko gastuetarako baliatu zutela eta. 40.000 euro guztira. Bulegoak ebatzi du zentroko arduradunek urratu egin zutela ikastetxe publikoen kudeaketa ekonomikorako araudia. Bulegoak Hezkuntza Departamentuari eskatu dio diziplina espedientea zabaltzeko «ustezko erantzuleei», eta Ogasun Departamentuari, berriz, gomendatu dio espedientea zabaldu dezala dirua berreskuratzeko eta «erantzukizuna norena den argitzeko».

Bulegoak ebatzi duen arren araudia urratu zutela, Nafarroako Gobernuak gezurtatu egin du hori. Gobernuak jakinarazi duenez, bulegoak Hezkuntza eta Ogasun departamentuei «gomendatu» die zenbait jardunbide egiteko, «zentroak nolabaiteko erantzukizunik ote duen aztertzeko». Gobernuak gehitu du jardunbide horiek baloratzen ari dela, bulegoari helarazteko.

Gimenoren dimisioa

LABek eskatu du Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak dimisioa eman dezala, haren departamentuaren «kontrol eta gaitasun faltagatik». Herritarrei eskatu die parte har dezatela etzi 12:00etan Iruñeko Basotxotik abiatuko den manifestazioan. Manifestazioaren leloa Gimeno kanpora! izango da. «Kasu hau Gimenoren kudeaketa negargarriaren beste adibide bat da», sindikatuaren ustez. «Hura da Nafarroako hezkuntza okertzearen erantzule zuzena».

Dirua interes partikularretarako erabiltzea egotzi die LABek nekazaritza eta basogintza zentroko arduradunei. Gastu horietako batzuen berri eman du: 39.138,67 euroren otordu zuritu gabeak, 195,63 euroren trafiko isunak, 1.681,02 euroren hileta gastuak, eta 191,80 euroren dieta bikoiztuak —«bi aldiz ordaindu zuten faktura bera»—. Gastu horien barruan egongo lirateke, LABek zehaztu duenez, Hezkuntza Departamentuko kargudunek Lanbide Heziketako Nazioarteko Kongresuaren bueltako afari batean egindakoak, Madrilen. 470,25 euro gastatu ziren 2023ko martxoaren 31n. Ikastetxeko arduradunek eta Gimenok berak emandako azalpenak «eskasak eta kamutsak» iruditu zaizkio sindikatuari.

Izendapenak

Gastu horien berri emateaz gain, LABek salatu zuen pertsona berari egindako bi kontratazio «irregularrak» izan zirela. Nafarroako Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoak hasieran ebatzi zuen lehen kontratazioa irregularra zela, baina bigarrena ezetz. 

Nafarroako Gobernuak zabaldu duen bertsioa ez dator bat LABenarekin. Nabarmendu duenez, bulegoak ebatzi du zentroko zuzendariaren izendapena legezkoa izan zela eta irakasle baten kontratazioan ez duela arau hausterik ikusi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA