UGTk Nafarroako emakumeen lan egoerari buruzko ikerketa egin du. Atzo aurkeztutako datuen arabera, herrialdeko hamar enpresatik zazpik gizonezko bat dute buru. Lanean dauden emakumeen %75ek, gainera, administrazioan edo zerbitzu pertsonalen arloan egiten dutela ere jaso dute azterlanean.
Iazko azken hiruhilekoan 16 urtetik gorako 513 mila herritar zeuden Nafarroan. Horietatik erdia baino gehiago emakumeak ziren, UGTren arabera. Hala ere, gizonezkoen aktibotasun tasa andreena baino askoz ere handiagoa dela salatu du sindikatuak.
Aktiboan dauden andreen %12,10 langabezian daude. Gizonen artean, ordea, %11,28 da ehuneko hori. Bien arteko aldea txikitu den arren, sindikatuaren esanetan, ez da gertatu emakumeen egoera hobetu delako, gizonezkoen langabezia hazi delako baizik.