Nafarroako inbestidura saioa. Taldeak. ALDAKETAREN ALDEKO LAU INDARRAK

edurne elizondo
2015eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Koldo Martinez (Geroa Bai). 

«Bagara; existitzen gara, azkenean»

«Garai historikoa da oraingoa, lau indar politikok bat egin dugulako herritarrek nahi duten aldaketaren protagonista izateko. Bagara, eta existitzen gara, azkenean. Historia egiten ari gara, gure historia idazten ari garelako. Eta modu lasaian ari gara egiten, mendeku gogorik gabe. Lan eginen dugu inor baztertuko ez duen aldaketa lortzeko; aldaketa ireki eta askotariko baten alde. Politika egiteko kultura berri bat behar dugu, eta erantzukizunak eta ardurak izan behar dute politika horren ardatz».

«Sinesgarritasuna ekintzen bidez lortzen da; eta zer-nolako sinesgarritasuna izan dezakete CAN desagertzen utzi, nafarren dirua obra handietan galdu eta ospitaleetako sukaldeen gisako zerbitzuak pribatizatu dituztenek?».

Adolfo Araiz (EH Bildu).

 «Ezberdinen arteko akordio garaia dator»

«Azken hamarkadetan nagusi izan den aro politikoa amaitu da; amaitu da bazterketa eta klientelismoa ardatz zituen aro politikoa. Erregimenaren ondorio latzak jasan ditugu. Nafarroa basamortuan oasia balitz aurkeztu dute, baina errealitatea bertzelakoa da: murrizketak bertzerik ez».

«Ezberdinen arteko akordioaren garaia dator. Akordio hori lortzeko gure hainbat helbururi uko egin diogu, arduraz jokatzea funtsezkoa baita. Sinatu dugun akordioa lau talderen arteko negoziazioaren ondorio da. Gobernuaren jarduerak akordio hori izan behar du ardatz; ez, ordea, adostutakotik kanpo onartutako dekretuak. Konfiantzaz eta leialtasunez eginen dugu lan, proiektuak aurrera egin dezan; eta leialtasun bera espero dugu; emanen duguna jaso nahi dugu».

Laura Perez (Ahal Dugu).

 «Babesa, bai, akordioa betetzeko»

«Gobernuan egon gabe, kanpotik, babes eraikitzailea emanen diogu, akordio programatikoa betetzeko baldintzarekin. Garai berri baten hasiera da oraingoa, baina lortutakoa ez da Ahal Dugu-k nahi duen aldaketa sakona».

«Gobernua osatzeko moduarekin zalantzak baditugu, argi dugulako inork ez duela bere ideologia bazter uzten agintzen duenean. Hala ere, uste dugu gobernua osatu duten pertsonak akordioa betetzeko gai izanen direla. Gainera, lasaitu gaituzte Uxue Barkosen hitzek, eta argi dugu herritarrak erreskatatzea izanen dela lehentasuna. Guk herritarrekin dugu konpromisoa. Nafarroako bipartidismoa lehertu egin da, azkenean, eta hori lortzeko bidean historikoa izan da Ahal Dugu-ren parte hartzea».

Jose Miguel Nuin (Ezkerra).

 «Aldaketa ekarriko du akordioak»

«Benetako aldaketa ekarriko du akordioak. Maiatzaren 24tik, arduraz jokatu dugu; akordioa aurrera egiteko apustua da; demokrazioarekin konpromisoa ekarriko du aldaketak. Bertzelako lehentasunak eta politikak behar ditugu, zerbitzu publikoei duten garrantzia emanen dietenak».

«Aro berri bat hasi da Nafarroan, eta argi dago lortutako akordioak ez dituela kezkatzen herritarrak. UPNk proposatutakoak bai, horrek kezkatuko lituzke herritarrak; hau da, PSNk eta Ezkerrak gobernua osatzeak, UPNren eta PPNren babesarekin».

«Gizarteak akordioak behar ditu, eta behar du, behingoz, UPNren politikak atzean utzi. Azken urteotako murrizketak bazter uzteko asmo argia du akordioak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.