Euskara

Nafarroako Parlamentuak ez du eremu mistoa aldatuko

Foru Erregimeneko Batzordeak gaur atzera bota du Aranguren, Beriain, Galar eta Noain Elortzibar eremu mistoan sartzeko proposamena, UPN, CDN eta PSNren erabakiz. Nafarroa Baik gazteleraren eta euskararen koofizialtasuna ere eskatu du, baina ez dute onartu. Lehen bezala jarraituko du Euskararen Legeak.

2008ko urriaren 14a
18:57
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskararen Legeak zegoen bezala segituko du Nafarroan, gaur Parlamentuko Foru Erregimeneko Batzordeak atzera bota duelako Aranguren, Beriain, Galar eta Noain Elortzibar udalerriak 2009ko urtarrilaren 1etik eremu mistoan sartzeko proposamena. IUk aurkeztu du eskaera, Nafarroa Bai alde azaldu da, baina UPN, CDN eta PSN kontra agertu dira eta horiek dute gehiengo osoa.

Maiatzaren 8an Nafarroako Parlamentuan Euskararen Legea aldatzeko proposamena eztabaidatu zuten, IUk aurkeztuta, baina ez zen aldaketa gauzatu. Orduan, NaBai bezala, PSN alde zegoen, baina Txentxo Jimenez (NaBai) parlamentaria ez zen joan osoko bilkurara eta, boto bakarragatik, atzera egin zuen egitasmoak. Egunean bertan lege proposamena berriz ere aurkeztu zuen IUk eta ekainean tramiterako onartu zen, baina geroztik batzarra egin zuen PSNk eta jarrera aldatu zuen. Gaur ikusi da.

Euskararen Legea berritzeko baldintza berriak eskatu zituen PSNk: eremu mistoan sartzeko eskaera udalek gehiengo osoz egitea eta herri horietan euskara ikertzeko azterketa soziolinguistikoak egitea.

Gaur NaBaik gazteleraren eta euskararen koofizialtasuna ere eskatu du, baita 37 udalerri eremu mistoan sartzeko ere, baina UPN, CDN eta PSN kontra azaldu dira -IU abstenitu egin da-.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.