Barbateko gertaeraren inguruko adierazpenik ez, Guardia Zibilaren «lan ordainezinaren aitortza» gorabehera

EH Bildu eta Geroa Bai abstenitu egin dira Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordean, UPNk eta PPk testura gehitu ostean Guardia Zibilak «terrorismoaren, narkotrafikoaren eta mafien» kontra egindako «lan ikaragarriaren» aitortza.

Guardia Zibilaren hileta, atzo, Iruñean. VILLAR LOPEZ / EFE
Guardia Zibilaren hileta, atzo, Iruñean. VILLAR LOPEZ / EFE
2024ko otsailaren 12a
15:00
Entzun

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordean ez dute adostasunik lortu Barbaten (Andaluzia, Espainia) hildako bi guardia zibilen inguruko adierazpen bateratu bat onartzeko. UPNk eta PPk aurkeztu dute proposamena, baina hildakoen «senide eta gertukoei babesa adieraztetik» haratago, Guardia Zibilaren lana goraipatu nahi izan dute testuarekin, eta EH Bilduk eta Geroa Baik uko egin diote horri; abstenitu egin dira.

«Terrorismoaren, narkotrafikoaren eta mafien kontra borroka eginez, Guardia Zibilak askatasunaren eta zuzenbide estatuaren defentsan egindako lan ordainezina aitortu eta balioan jartzea». Xede hori zuen eskuineko alderdiek aurkeztutakok testuak, eta alderdi abertzaleek uko egin diote hori babesteari.

UPNko Javier Esparzaren esanetan, ezinbestekoa zen Guardia Zibilaren lanaren aitortza testuan aipatzea: «Guk ez dugu Guardia Zibilaren memoria traizionatuko puntu hori kenduta». Hala, EH Bilduri eta Geroa Bairi egotzi die testuak aurrera ez egin izana; hain zuzen, Guardia Zibilaren «lan ikaragarria» aitortu nahi ez izatea leporatu die. EH Bilduren kasuan, «zegoen leku berean» dagoela esan du, ETA aipatuta. Geroa Bairi dagokionez, berriz, hala adierazi du: «Guardia Zibilaren lana aitortu behar den aldiro alboz jartzen da».

PPko Javier Garciak ere bat egin du Esparzarekin, eta abagunea baliatu du Espainiako Barne ministro Fernando Grande Marlaskaren aurka egiteko: «Inork ez du ulertzen Marlaskak, gaur oraindik ministro denak, nola jarraitzen duen Ministroen Kontseiluan eserita».

Oso bestelako azterketa egin dute, baina, Nafarroako Gobernuko alderdiek. PSNko Ramon Alzorrizek babesa adierazi die hildako guardi zibilen senideei, baina baita Espainiako Barne ministro Fernando Grande Marlaskari ere. Izan ere, hildako polizietako baten emazteak uko egin zion hark medaila bat jartzeari, igandean egin zuten ekitaldian.

Geroa Baiko parlamentari Pablo Azkonak, berriz, UPNri eta PPri leporatu die kontsentsu bat lortzeko aukera baztertzea: «PPk eta UPNk uko egin diote kontseuntsu bat bilatzeko aukerari, atal batzuk aldatuz». Jarrera horrek PPk Espainiako Gobernuaren eta Marlaskaren aurkako «kanpainari» erantzuten diola uste du.

Izan ere, talde berberak gai izan ziren atzo Iruñeko Udalean aho betez onartzeko aferaren inguruko testu bat. Kasu hartan, «familiari eta Guardia Zibilari elkartasuna» adieraztera mugatzen zen testua.

Ostiralean hil zituzten bi guardia zibilak Barbaten, narkotrafikoaren aurkako operazio batean. Horietako bat Eguesibarren (Nafarroa) bizi zen: David Perez Carracedo, 43 urtekoa, jatorriz Leongoa (Espainia) zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.